Errenteriako Listorreta-Barrengoloia aisialdi gunean Gida Zerbitzu Ofiziala martxan jarriko da aurten berriro ere.

Abuztuaren bigarren asteburutik aurrera, Aiako Harria Parke Naturalean kokatuta dagoen eta Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendapena duen gune zoragarri honen natur eta kultur ondarea ezagutzeko aukera paregabea izango dugu gida adituen eskutik. Natura 2000 Sarearen barruan babestuta dago Aiako Harria.

Eskainiko diren 3 ibilbideetatik lehenengoa "Lau Haizeta Parkea eta bere monumentu megalitikoak" izeneko bisita gidatua izango da. Abuztuaren 8an, larunbata, goizeko 10:00etan izango da elebitan. San Marko gotorlekuan du hasiera puntua.

Bisita honetara animatzen direnek, 600 hektareatako naturgune babestu honetan aurkitzen den Txoritokietako Estazio Megalitikoa ezagutuko dute, bertan lehen gizakiek hildakoei eraikitako monumentu prehistoriko desberdinak aurkituko dituzte; trikuharriak eta tumuluak. Gainera, XIX. mendeko San Marko eta Txoritokieta gotorleku militarrak eta inguruko baso eta hezeguneak ezagutzeko aukera izango dute. 3 orduko iraupena du bisita honek.

Bestalde, orain dela zenbait urte egindako aurkikuntzek berebiziko interesa eman diete "Aizpitarte haitzuloetako bisita" gidatuari, baita beren sarrera mugatu ere dagokion babes maila bermatzeko. Aurkitutako grabatuek gure arbasoen bizimoduari buruz dugun ezagutza sakontzen dute, antzinatasuna, erabilitako teknika eta euren kontserbazioa direla medio, ezohizkoak. Bistaren iraupena 1,5 ordukoa da.

Irteera gidatuen eskaintza "Añarbeko Baso Erreserba" bisitarekin osatzen da. Irteera honetan, paisaia zoragarriez gozatzeko aukeraz gain, Malbazarko eta Pagosardeko hezeguneetan aurkitzen den fauna, flora eta euren berezitasunak ezagutzeko aukera izango da. Ibilbideak aparteko pagadietan sartuko gaitu eta baso hauen bioaniztasun-maila handia ezagutuko dugu. 4 orduko iraupena izango du ibilbide honek.

Urria arte luzatuko da ibilbide gidatuen eskaintza eta guztira 12 bisita eskainiko dira. Guztiak goizeko 10:00etan hasiko dira, baina egutegi eta abiapuntu desberdinekin, bisita motaren arabera.

— Lau Haizeta Parkea eta Txoritokietako Estazio Megalitikoa. Abuztuak 8, irailak 11 eta 19, eta urriak 9. Abiapuntua: San Marko Gotorlekua. Iraupena: 3 ordu.

— Aizpitarteko leizeetako aztarna paleolitikoak. Abuztuak 14, irailak 5 eta 25, eta urriak 17. Abiapuntua: Listorreta-Barrengoloiako Parke Naturaleko Bulegoa. Iraupena: 1'5 ordu. Aurkikuntzaren ondorioz, leizeak itxita daude, beraz bisita gidatua eginez baino ezin izango da barruan sartu.

— Añarbeko Baso-Erreserba: abuztuak 22 eta 28, eta urriak 3 eta 23. Abiapuntua: Idoia, Susperregi jatetxeko aparkalekua. Iraupena: 4 ordu.

Ibilbide gidatu hauek guztiak doan izango dira

Beharrezkoa da Errenteriako Turismo Bulegoan AURRETIK ERRESERBATZEA hauetako edozein ibilbide gidatu egiteko, bai 943 494 521 telefonoan edo baita turismoa@oarsoaldea.eus posta elektronikoan ere. Turismo bulegoaren ordutegia: uztaila eta abuztuan astelehenetik igandera 9:00-14:00 / 16:00-19:00. Gainontzean, asteartetik larunbatera 10:00-14:00 / 16:00-18:00 eta igandetan 10:00-14:00.