Forbes aldizkariak urtero ateratzen duen zerrendaren arabera, Mar Mendibe Bilbao Estatuko ehun medikurik onenen artean sartu da laugarren urtez jarraian. Mendibe Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta neurologoa da, eta bertan egiten ditu irakaskuntza, ikerkuntza eta praktika klinikoko lanak.

Mar Mendibek Neurozientziak irakasten ditu UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean eta irakasle izateaz gain, neurologo klinikoa da eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Esklerosi Anizkoitzeko Unitateko mediku espezialista. Biocruces Bizkaia Institutuko Neuroimmunologia taldeko kidea da ere.

MAR MENDIBE BILBAO

Euskal Herriko Unibertsitateko Neurozientzien Saileko irakasle elkartua. Doktore-tesia egin zuen Esklerosi Anizkoitz Pediatrikoaren Historia naturalari buruz, Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren populazio-kohortean, Cum Laude kalifikazioarekin. Gaur egun ere gai hori ikertzen jarraitzen du.

ECTRIMS erakundearen aholku-batzordeko kide izan zen, eta, gaur egun, Espainiako Neurologia Elkarteko (SEN) Zuzendaritza Batzordeko kide da, Irakaskuntza eta Egiaztapen Arloko kide gisa. Hainbat sari eta aipamen berezi jaso ditu Esklerosi Anizkoitzari buruzko komunikazio zientifiko onenei (2006, 2013) Espainiako Neurologia Elkartearen eskutik.

Hainbat paziente-elkartetako aholkulari mediko gisa lan egiten du. Halaber, Ddbulgazio-lan handia egiten du Esklerosi Anizkoitzaren eta beste gaixotasun neurodegeneratibo batzuen ezagutza zabaltzeko. Azken urteotan interes bereziarekin lan egiten du osasunaren eraldaketa digitalean, Balio Medikuntzan eta e-Health-en.