Euskal Herriko Unibertsitateak tumore-zelula arrastorik badagoen edo ez aurreikusteko tresna ez-inbaditzaile eta erraz bat garatu du. Horri esker, odol-analisi batekin beharrezkoak ez diren kirugiak saihestu ahal izango dira koloneko minbizia duten gaixoetan.

Kolon-ondesteko minbizia da munduan heriotza-indize handienekoetan bigarrena. Gizonezkoetan sarrien gertatzen den hirugarren minbizia da, eta emakumezkoetan, berriz, bigarrena. Minbizi hori goiz detektatuz gero, intzidentziaren eta hilkortasunaren zifrak gutxitu egin daitezke. Baheketa-metodoek garrantzi berezia hartzen dute minbizi-mota horretan, non sintomak eta gaixotasunaren seinaleak gaixotasunaren fase goiztiarrekin aurreratuekin lotzen baitira.

“Zenbait lesio, hala nola polipoak, aurrez detektatu daitezke koloneko minbizia sor ez dadin. Polipo horiek kentzen baditugu, koloneko minbizia garatzea ekidingo dugu. Minbiziaren diagnostiko goiztiarra egiteko gai bagara, minbizia inolako tratamendurik gabe sendatzea ere lortuko dugu”, azaldu du Luis Bujanda Fernández de Piérola UPV/EHUko Medikuntzako katedradunak.

Horretarako, “Osakidetzak kolon-ondesteko minbizia goiz detektatzeko programa bat dauka. Helburua da hasierako faseetan lesioak eta minbizia garaiz detektatzea, sendatzeko aukera handitzeko. Gorozkietan odol-kantitate txikiak detektatzen dituen proba batean oinarritzen da, antza denez ikusten ez direnak. Emaitza positiboa bada, kolonoskopia bat egiten da, minbizia kolonoskopia bidez detektatzeko, eta are gehiago, kolonoskopia bidez tumorea erauztean gaixotasuna sendatzeko”, adierazi du Bujandak. Hala ere, “zalantzazko kasu batzuetan, ez dakigu oso ondo endoskopiarekin bakarrik eritasuna ezabatzea lortzen den; kasu horietan, normalean, kirurgiara jotzen da kolonaren paretan edo gongoil linfatikoetan geratzen den edozein minbizi-zelula kentzeko”, gehitu du UPV/EHUko katedradunak.

“Gastroenterology aldizkari ospetsuaren azala eta editorial bat lortu duen lan honek tresna ez-inbaditzaile bat garatu du, odol-analisi bat alegia, beharrezkoak ez diren kirurgiak saihesteko”, adierazi du lanaren egileak. “Ikusi dugu odolean berariazko bost mikroRNA egoteak lotura zuzena duela gongoil linfatikoetan edo koloneko paretan zelula kantzerigenoak egotearekin edo ez egotearekin. Hala, koloneko minbizia duten gaixoetan beharrezkoak ez diren kirurgiak saihesteko gai gara”, azpimarratu du Luis Bujandak.

“Orain arte —dio Bujandak—, gaixoari ebakuntza egin behar zaion ala ez erabakitzeko, endoskopian eta erauzitako polipo gaiztoaren azterketa histologikoan oinarritzen gara, eta fidagarritasun txikia dute. Kirurgiaren bidez erauzitako laginaren pronostiko txarra duten pazienteen % 20ean baino ez dituzte aurkitu tumore-zelulak. Beraz, azterketa horren bidez, kirurgien % 80 saihestuko genuke kasu horietan. Teknika berri horrek nabarmen handitzen du haren fidagarritasuna, eta ematen digun segurtasuna ia % 90ekoa da, pazientearen organismoan tumore-zelula hondarrak geratzeko arriskua aurreikusteko. Beraz, teknika berri horrek gaixoa operatu behar den ala ez jakiteko segurtasuna ematen digu. Aurretiko lanek ere emaitza onak eman dituzte hondar-zelularik baden jakiteko kirurgiaren aurretik kimioterapiaz eta erradioterapiaz tratatu diren ondesteko minbizia duten pazienteetan. Hala, pazienteen bizi-kalitatean eragin handia duten ebakuntzak saihesten dira”.

Ikerketa-lan bateratua izan da, UPV/EHUk Estatu Batuetako eta Japoniako ikertzaileekin eta Bartzelonako Ospitale Klinikoarekin batera parte hartu du. “Aurkikuntza garrantzitsua da; endoskopia bidez erauzitako koloneko minbizia duten 188 pazienteren lagina da aztertu dena. Hurrengo urratsa izango litzateke beste ikerketa-talde batzuek emaitza berak lortzea, aurkikuntza baliozkotzea eta ospitaleetan erabiltzen hastea”, adierazi du Luis Bujandak.