ÚLTIMA HORA
Cortado el Corredor del Kadagua en dirección Balmaseda
Euskal Herriko Unibertsitatea

Kannabinoideen eragin terapeutikoari buruzko ikerketa egin du Ikerbasquek

10.06.2021 | 11:38
Nagore Puente, Edgar Soria-Gómez, Itziar Bonilla Del Río eta Pedro Grandes.

Konpostatu kannabinoideen kontsumoak gora egin du mundu osoan zehar azken urteetan. Aisialdian zein terapia gisa kontsumitzen da, baina narriadura kognitiboa eta disfuntzio motorrak bezalako albo-ondorio garrantzitsuak ditu. Hori dela eta, eztabaida handia dago kannabinoideen kontsumoaren gainean.

Kannabinoideek eragindako ondorio terapeutiko eta kaltegarrien mekanismoak ulertzea, beraz, funtsezkoa da konposatu horiek segurtasun handiagoz erabiltzeko. Hala, jakina da cannabis sativa (marihuana) landarearen konposatu psikoaktibo nagusia delta-9 tetrahidrokannabinola edo THCa dela, eta garunean 1 motako errezeptore kannabinoideak aktibatuz jarduten duela batez ere. Jakina da, halaber, CB1 errezeptorearen aktibazio farmakologikoak esperimentazio-animalien kontrol motorrari eragiten diola, eta, gizakietan, kalamua kontsumitzearekin lotutako zirkulazio-istripuen eragile nagusia efektu kataleptikoak direla.

Hala ere, alde batetik, CB1 errezeptorea oso banatuta dago garun osoan eta askotariko zelula-konpartimentutan, eta, bestetik, ez dira oso ezagunak atzean dituen prozesu molekular eta zelular espezifikoak. Bi eremu horiek argitzera dator ikerketa hau.

Izan ere, agerian geratu da kannabinoideek eragindako CB1 errezeptoreen aktibazioa mitokondrian gertatzen bada efektu kataleptikoak gertatzen direla; aldiz, mintz plasmatikoko CB1 errezeptoreak estimulatzen badira, minarekiko sentikortasuna murrizten da. Eta bi kasuetan, prozesua gertatzen da nukleo ildaskatuak eta substantzia beltzak osatutako garun-zirkuituko (zirkuitu estriatonigraleko) bide molekular espezifikoak erregulatuz.

Beraz, emaitza horiek kannabinoideen ekintza eragiten duten mekanismo zelular berriak azaldu dituzte, baina, aldi berean, esparru kontzeptual berri bat jarri dute neurozientzien mahai gainean. "Antzina uste zen nortasun-ezaugarriak garezurraren formaren araberakoak zirela; gero ezarri zen garun-egiturak beren funtzio espezifikoez arduratzen zirela; eta, berriki, fokua jarri da neurona-zirkuituek portaeraren arduradun gisa nola jarduten duten ikertzen. Ikerketa honetan, urrats bat egin dugu aurrera, erakutsi baitugu proteina batek (kasu honetan, CB1 errezeptoreak) portaera desberdinak modulatzen dituela garun-zirkuitu beraren barneko (zirkuitu estriatonigraleko) zeluletako toki batean edo bestean (mitokondrian vs mintz plasmatikoan). Hau da, portaeraren kontrolaren espezifikotasun subzelular bat aurkitu dugu", erantsi du ikertzaileak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen, Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroaren, Bordeleko Unibertsitatearen eta Kanadako erakunde batzuen arteko lankidetza sendoari esker egin da ikerketa hau, zenbait urtez. Soria-Gómez UPV/EHUko katedradun Pedro Grandesen lantaldean ari da lanean gaur egun, baina doktoratu osteko garaian abiarazi zuen ikerlan hau Bordeleko Unibertsitateko Giovanni Marsicano doktorearen laborategian.

 
noticias de deia