BILBO. SARS-CoV-2 bidezko arnas sindrome akutu larria diagnostikatzeko laborategiko probek bi zutabe dituzte: kasu akutuetan RNA birala PCR bidez detektatzea eta SARS-CoV- 2 antigorputzak detektatzea. Hala ere, azken horri dagokionez, haren diagnostiko eta pronostiko balioari buruzko zalantzak daude, eta ez dago argi paziente guztiek antigorputz detektagarriak garatzen dituzten ala ez.

Kieleko (Alemania) Christian-Albrechts Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta IIS Biodonostia Institutuarekin lankidetzan, ikerketa bat egin dute, eta, bertan, paziente batek ospitaleratzean dituen antigorputzen mailak infekzioaren pronostiko-markatzaile gisa erabil daitezkeen aztertu dute. Zehazkiago, ikertzaileek zehaztu duten ea IgA eta IgG antigorputzen mailak hilkortasunarekin edo zainketa intentsiboen unitatean (ZIU) sartzeko arriskuarekin erlazionatzen ziren. Ikerketan Luis Bujanda UPV/EHUko Medikuntza katedradunak (IIS Biodonostia Institutua-CIBEREHD) zein Jesus M. Bañales Ikerbasque ikerlariak (IIS Biodonostia Institutua-CIBEREHD) parte hartu dute.

Horretarako covid-19 diagnostikatuta zuten 347 paziente aztertu zituzten, neumonien ondorioz ospitaleratuta izan zirenak . Horietatik, 54ak (% 15,5) ZIUn sartu behar izan zuten, eta horietatik 13 hil ziren (% 24,1). Azterlanean ez zen korrelaziorik ikusi ospitaleratzean antigorputzak egotearen edo ez egotearen, horien mailaren edo positibotasun-denboraren eta hiltzeko edo ZIUn sartzeko arriskuaren artean. Antigorputzen positibotasuna eta kopurua ere ez ziren lotu adinarekin, sexuarekin edo ospitaleko egonaldiarekin.

Beste azterlan batzuetan bezala, ikusi zen, oro har, antigorputzek 7 egun baino gehiago behar dituztela sintomak hasi zirenetik detektatzeko, eta pazienteen % 3,9an ez zutela antigorputzik detektatzen. Azken aurkikuntza horrek galdera berriak planteatzen ditu infekzioa berriro hartzeko gaitasunari edo txertoen eraginari buruz.