Euskal Herriko Unibertsitatea

EHUk farmakutsaduraren berrikuntza-programa garatzeko proiektuan hartuko du parte

01.03.2021 | 11:36
Eva Ferreira errektorea Gorka Orive eta Unax Lertxundiren artean.

BILBO. Euskal Herriko Unibertsiteteak parte hartuko du farmakutsaduraren alorreko berrikuntza-programa bat garatzeko proiektuan. Ostiral honetan, otsailak 26, sinatu egin dute kolaborazio-akordioa Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Bioaraba Osasun Ikerketako Institutua, Vital Fundazioa, Arabako Sendagaigileen Elkargo Ofiziala, BIC Araba, AMVISA eta AquaDatekin.

Alkate Gorka Urtaranek, diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eta EHUko errektore Eva Ferreirak eman dute hitzarmenaren berri prentsaren aurrean; ekitaldian beste hauek ere izan dira: Mª Ángeles García Fidalgo, Bioaraba Osasun Ikerketako Institutuko zuzendari zientifikoa; Jon Urresti, Vital fundazioko lehendakaria; Milagros López de Ocariz, Arabako Sendagaigileen Elkargo Ofizialeko lehendakaria; David Montero, BIC Arabako zuzendaria; Mª Ángeles Gutiérrez, AMVISAko lehendakaria, eta Jorge García del Arco, Aquadat startup-aren fundatzaileetako bat. Bederatzi entitate horien ordezkariek sinatu dute lankidetza-protokoloa, zeina oinarria baita berariazko hitzarmenen bidez garatzekoak diren ekintzetarako.

Besteak beste, planetak gero eta toxikotasun-arazo gehiago izateak ekarri du ituna hitzartzea. Zehazki, "kutsatzaile izendatu berriak" deritzenek gero eta kezka handiagoa sortzen dute, eta horrek farmakutsadurari erreparatzea ekarri du, alegia, sendagaiek beren bizi-zikloaren etapa bakoitzean ingurumenean eragin dezaketen kalteari.

BERARIAZKO IKERKETA-PROIEKTUA

Zenbait alderdi aipatzeagatik, protokoloak aurreikusten du ikerketa proiektu bat abian jartzea hondakin-uretan eta ekosistemetan kutsatzaile izendatu berririk dagoen eta horrek zein eragin izan dezakeen zehazteko. Orobat, ikerketa zientzialarien artean eta gizartean ezagutarazten lagunduko da, jardunaldi, mintegi edo biltzarren bitartez.

SENDAGAIAK ZENTZUZ ERABILTZEA

Hartutakoen arteko beste konpromiso bat da sendagaiak zentzuz erabiltzeko irtenbideak identifikatzen eta garatzen lan egitea, eta farmakutsadurak duen inpaktuari buruzko prestakuntza ematea osasun alorreko langileei. Entitate sinatzaileek, orobat, irtenbide teknologikoak sustatuko dituzte farmazia-produktuak eraginkortasun handiagoz desagerrarazi ahal izateko.

Gasteiz eta Arabarentzat garrantzi handia duen ekimen honek badu aurrekaririk orain protokoloan parte hartzen duten ikertzaileen eta entitateen arteko lankidetzari dagokionez: hondakin-uren epidemiologiari buruzko azterlana, SARS-CoV2 garaiz antzemateko, farmakoak kuantifikatzeko eta substantzia toxikoak analizatzeko, Gorka Orive eta Unax Lertxundi zientzialariek egindakoa.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranen ustez, Gasteiz eta Araba ezin egokiagoak dira laborategi-lurralde gisa: "ikerketa zientifikoa funtsezko tresna da errealitatea ezagutu eta hobetzeko, eta neurri eta ekintza politikoak erabakitzen laguntzen digu. Gaur mahai berean eseri gara erakundeen, zientziaren, ikerketaren eta ekintzailetzaren alorretako eragileak, nire irudiko Vitoria-Gasteiz Green Deal denaren adibide grafikoa osatuz, zeina gure hiriaren aldeko ituna baita, hurrengo belaunaldien etorkizunaren aldekoa, baita planetaren aldekoa ere".

Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek, berriz, "prestakuntza eta ikerketaren beharra eta teknologia aliatutzat izatearen beharra" azpimarratu du, "agertzen ari diren arazo berriei aurre egiteko, farmakutsaduraren kasuan bezala. Aldundiak berrikuntzaren aldeko apustua egin du, eta aspalditik ari da bultzatzen alor publikoaren eta pribatuaren zein erakundeen arteko lankidetza-eredu hauek, hainbat eragilerekin. Egiaztatu da aliantza horiek funtzionatzen dutela Arabako etorkizuna sendotzeko xedea duten proiektuetan. Akordio honen bidez, teknologiaren alorrean I+G+B lantzeko ezagutzaren oinarriak ezartzen ditugu, urak farmakutsatsailez arazteko".

EHUko errektore Eva Ferreirak ere Arabako zenbait erakundek eta entitatek gaur sinatu duten protokoloaren garrantzia aipatu du: "Berriro ere, gaur sinatu dugun asmo-akordioak erakusten du zein balio handia duen unibertsitate-ikerkuntzak gizarteari zerbitzu emateko. Farmakutsadura lehen mailako arazoa da. Horregatik, ingurumena aldezteko konpromiso politiko eta sozialak ikerketa zientifikoaren laguntza behar du, besteak beste, euskal unibertsitate publikoarena".

EHUko ikertzaile Gorka Oriveren hitzetan, "akordio hau beharrezko oinarri eta pizgarria da gure inguruan jarduera multzo bati ekiteko, hala nola kalitateko ikerketa, alorrean aintzindaria izango den prestakuntza, eta herritarrei farmakutsaduraren arazoa ezagutarazteko zabalkundea".

noticias de deia