BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbidea eta Genoma Katedra ikertaldeak delinkuentzia zibernetikoari buruzko ikerketa egiten ari da, ikuspegi juridiko penalaren aldetik. Ikerketa horren helburua arazoari aurre egiteko bidea aurkitzea da. Horretarako, arazoari buruzko biltzarra antolatu dute.

Delinkuentzia zibernetikoak gainerako delituak gainditu ditu ekonomikoki. Teknologia berrien erronken aurrean eguneratuta egoten saiatzen den zigor kodeak, ziberdelituei aurre egiteko baliabide urriek eta delituak burutzeko teknologia edonoren eskura egoteak delituak egiten dituztenak eroso mugitzea ekarri du; izan ere, jakin badakite etekin azkarra lortzea erraza dela, eta, batzuetan, zaila izaten dela zigorra ezartzea.

Ziberdelituek narkotrafikoak baino diru gehiago mugitzen dute. Izan ere, 600.000 milioi dolarreko kostua dute, munduko BPGd-ren % 0,8, Ikerketa Estrategiko eta Nazioarteko Ikerketetarako Zentroaren (CSIS) eta McAfee birusen kontrako enpresaren txosten berriaren arabera.

Tipologia askotarikoa da, eta urtero izen berriak gehitzen zaizkio delinkuentzia berri honi: intrusio informatikoak, iruzurrak, child grooming, sexting, stalking, identitateen ordezkapena, faltsifikazioak...

Ziberdelitua ia mundu osoari eragiten dion arazo bat da, CSISen txostenaren arabera. Izan ere, txostenaren arabera, «Onlineko zerbitzuak erabiltzen dituztenen bi herenek delituren bat jasan dute». Horretarako bide ematen du «atxilotua izateko edo kartzelara joateko aukera txikia izatea», dokumentuan nabarmentzen denez. Gainera, horixe bera berretsi dute ziberdelinkuentzia jazartzeko ardura duten Estatuko hainbat agintarik ere.

2020an argitaratutako «Espainiako ziberkriminalitateari buruzko azterlana» txostenean Barne Ministerioak nabarmentzen zuenez, delitu mota horiek 92.716 (2016) izatetik 218.302 (2019) izatera igaro dira; hau da, % 235 baino gehiago igo dira lau urtean.

ERANTZUN JURIDIKOA

«Teknologia berriei esker, gero eta delitu konplexuagoak egin daitezke», azaldu du Iker Conalek, UPV/EHUko Zuzenbide eta Giza Genoma Katedra ikertaldean delinkuentzia mota hori ikertzen duen ikertzaileak. Lau ezezagun besterik ez dituzu behar, bat Budapesten, beste bat Gasteizen, beste bat Dublinen eta azkena Bruselan, modu koordinatuan jardun eta etekin handiak lortzeko.

«Batzuetan, legeak teknologiaren atzetik doaz. Une jakin batean delitu jakin batzuk jazartzeko ezintasunak frustrazioa ekar badezake ere, bai existitzen ez den tipifikazio batengatik, bai garapen teknologikoagatik zaharkituta geratu delako, uste dut egokiagoa dela arrazoian oinarritutako hausnarketa kolektibo sakon baten ondoren proposatzea araudi aldaketak, iritzi publikoa pozik uzteko erreforma azkarrak egitea baino. Izan ere, aldaketa horiek segurtasun sentsazio faltsu bat baino ez dute ematen eta, are okerrago, pertsonei kalte egin diezaiekete tresna juridikoak modu desegokian erabiliz gero. Horregatik, oso garrantzitsua da espezialitate bakoitzeko aditurik onenak ikerketa proiektuetan biltzea, horri buruzko argibideak emateko», azaldu du Conalek.

Hori dela eta, Europako Kontseiluak ziberespazioan kriminalitatea prebenitzeko politika penal komun bat gauzatzeko beharra ikusi zuen, eta delitu berri horiek tipifikatu zituen. Horretarako, 2001ean, Ziberdelinkuentziari buruzko hitzarmena adostu zuten Budapesten. Hala, estatuetako Zigor Kodeak eguneratzeko oinarriak ezarri zituzten, delitu errealitate berriari aurre egiteko.

Ildo horretan, Espainia «pixkanaka egokitu da nazioarteko eta Europar Batasuneko araudira, eta tradizio juridiko penala errespetatzen saiatu da, baita herrialdeko lege berezitasunak ere, eta, aldi berean, bere legeria penala inguruko herrialdeetakoekin harmonizatu zuen», azaldu du UPV/EHUko ikertzaileak.

UNIBERTSITATEA ZIBERDELINKUENTZIAREN AURREAN

Hala ere, «oinarriak irmoak diren arren, oraindik bide luzea dago egiteko», gaineratu du Conalek. Unibertsitatean hainbat ikertalde gaude, eta hainbat esparrutatik egiten diogu aurre arazoari. Casabonak zuzentzen duen Zuzenbidea eta Giza Genoma Katedra ikertaldeari dagokionez, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren laguntza jaso du orain dela gutxi, arazoa ikuspegi juridikotik aztertzeko. Lau urteko proiektu bat da, eta ikertzaile nagusia izango da, María Ángeles Rueda Martínekin elkarlanean (Zaragozako Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko katedraduna eta gaian aditu ospetsua).

Proiektua aitzindaria da Estatuan, eta, 2022ra arte, ziberdelinkuentziari aurre egiteko tresna penalak aztertuko ditu; hau da, haren alderdi teorikoak eztabaidatu eta horri buruz nazioartean garatutako oinarriak bilduko ditu.

Proiektu horren barruan, otsailaren 11n eta 12an, Zibersegurtasunaren eta ziberdelituen unibertsitate arteko I. biltzarra egingo dute. Bi egunez, modu birtualean eztabaidatuko dute ziberdelinkuentziari buruz, ikuspegi juridikoa eta diziplina anitzekoa kontuan hartuta: kontzeptualizazioa, zibersegurtasuna sektore publikoan eta pribatuan; zibersegurtasunaren eta giza eskubideen arteko harremana; EB eta Espainiako Zigor Kodea ziberdelituei nola erantzuten ari diren; fake news-ak edo Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek prozesu penalean egindako ikerketa.

Biltzar hau aurten eta datorren urtean egingo diren hiru biltzarretatik lehena izango da. «Proiektu honen bidez, zibersegurtasuna eta ziberdelituen aurkako babesa herritarrengana hurbildu nahi dugu. Hacker-ak, INCIBEk berak onartzen duen bezala, baldintza jakin batzuk betetzen direnean, aliatuak izan daitezke ziberdelituen aurka eta, horri esker, desagerrarazi egingo dira gaindituta ditugun arren, herri kulturaren parte izaten jarraitzen duten ikusmoldeak, hala nola hacker-ak zibergaizkileekin automatikoki identifikatzea», azpimarratu du Iker Conalek.