GASTEIZ. Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusean dagoen Lascaray eraikinak Garapen Farmazeutiko Aurreratuak ikertzeko zentro berria jasoko du. Zentroa terapia farmazeutiko aurreratuen arloan aplikatutako sendagaien 3D inprimaketa eta bio-inprimaketa teknologietan espezializatuko da.

Arabako Foru Aldundiak, UPV/EHUk eta Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak erabaki dute martxan jartzea Garapen Farmazeutiko Aurreratuaren alorrean arituko den ikergune bat. Ikergunearen zeregina izango da gaitasun zientifiko-teknologikoak garatzea modu eraginkor batean, bultzada emateko terapia farmazeutiko aurreratuen arloan aplikatutako medikamentu 3D inprimaketa eta bio-inprimaketa teknologien ikerketari.

Farmazia Fakultatean kokatuta dagoen NanoBioCel ikertaldea eta Tecnalia elkarlanean aritu dira azken hamarkadetan, eta lan horren emaitza gisa martxan jarri dute Basque Pharma Labs 4.0 egitasmoa, Araba ipini duena erreferente gisa alor honetan. Foru Aldundiak azken urte honetan proiektu horri emandako babesari esker, instalazio berriak jarri dira martxan Arabako Parke Teknologikoan, Estatuan aurreratuenak, eta kualifikazio handiko pertsona-talde bat hazi da, 25 pertsonatik 39ra.

Aurkezpenean, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak esan du garrantzitsua dela "apustu horri jarraipena ematea, proiektu estrategiko berri bat babestuz, anbizio handikoa hori ere, aurrekoaren osagarria". "Gure estrategia bat dator Europar Batasunak pandemiari aurre egiteko planteatutako trantsizioekin: teknologikoa/digitala, energetikoa/klimatikoa eta soziosanitarioa eta RIS3 hedapena, fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak, eta proiektu honek Arabaren etorkizunean giltzarri izateko baldintza guztiak betetzen ditu", adierazi du.

Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak nabarmendu duenez, "Euskal Herriko Unibertsitatearentzat, Arabako Campusean erreferentziazko ikergune bat edukitzea interes handiko aukera bat da, campus bakarra zelako era horretako zentrorik ez zuena". Gainera, errektoreak azpimarratu du UPV/EHUren NanoBioCel ikertaldeak zentro berriaren ikerketa arloetan duen lidergoa.

Bestetik, Iñaki San Sebastian Tecnaliako CEOk esan duenez, "baterako egitasmo honen bidez, terapia farmazeutiko aurreratuak sortuko dira, gaixotasunak edo gaitzen sintomak sendatu edo arintzeko, eta industria sare berritzaile bat jarriko da martxan".

Garapen Farmazeutiko Aurreratuen alorreko Ikergune berriaren egoitza egongo da UPV/EHUko Arabako Campuseko Lascaray eraikinean, eta jarduera nagusi izango du oinarrizko ikerketa orientatua eta ikerketa aplikatua. Hasiera batean, ikerketa arlo hauek izango ditu:

Medikamentu berrien 3D inprimaketa

  • Hainbat behar klinikotarako askatze dosi, forma, tamaina eta profil espezifikoak.
  • Farmakoaren disoluzioa.
  • Medikamentuak askatzea.
  • Pazientean oinarritutako terapia.
  • Medikamentu pertsonalizatuak.
  • Polimedikamentuak.

Gailu medikoen 3D inprimaketa

  • Sistema txertatuak printzipio aktiboekin.
  • Gailu mediko pertsonalizatuak.

3D bio-inprimaketa

  • Biotintetarako biomaterial berriak bilatzea eta diseinatzea.
  • Biotinten ezaugarri fisiko-kimikoak.
  • Garatutako biotinten ebaluazio biologikoa.
  • Bio-inprimaketako aldagaien definizioa eta optimizazioa.
  • Biotinten eta 3D bio-inprimaketa prozesuen aplikazioa medikuntza birsortzailearen eta ehun ingeniaritzaren alorrean.

Zentroaren asmoa da pixkanaka haztea eta beste eragile eta jarduera eremu batzuetara zabaltzea, garatuko duen ikerketaren emaitzek inpaktu handiagoa izan dezaten.