BILBO. UPV/EHUko, BCMaterials zentroko eta Portugalgo zenbait zentrotako ikertzaile-talde batek frogatu du hezur-ehuna sortzeko balekoa dela zetaren osagai batzuez osatutako aldamio biobateragarri batzuk eta magnetismo bidezko zelulen estimulazioa konbinatzea. Magnetismoa erabili ahal izateko, nanopartikula magnetikoez kargatu dituzte aldamioak, zeintzuk zelulak hazteko euskarri gisa aritzen diren. Lortutako emaitzek bihotz eman die ikertzaileei ikerketa-lerro horrekin jarraitzeko.

'Materialia' aldizkariak berriki argitaratu du UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa Saileko eta BCMaterials zentroko ikertzaile batzuek Portugalgo Minhoko Unibertsitateko ikertzaile batzuekin batera egindako ikerketa baten emaitza. Egindako lanean, ehunen ingeniaritzarako, eta, zehazki, hezur-ehuna sortzeko, material konposatu berri bat sortu dute. "Ikerketa-lerro horren azkeneko helburua litzateke ehunak sortu ahal izatea, eta ehun horiek, gero, hezurrekin lotutako gaixotasunak sendatzeko inplantatu ahal izatea", dio José Luis Vilas Vilelak, UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saileko zuzendari eta ikerketaren egileetako batek.

Aldamio edo matrize bat da garatutako materiala, eta horretarako, zetaren osagai nagusietako bat erabili dute (fibroina), material biobateragarria eta jatorri naturalekoa, eta nanopartikula magnetikoekin kargatu dute. Nanopartikulak gehitzearen helburua izan da materiala "magnetoaktibo bihurtzea, alegia, eremu magnetiko baten eraginpean jartzean erantzun dezatela, eta zelulei kinada mekaniko eta elektrikoak transmititzea. Frogatuta dago kinadak gehitzean (elektrikoak, magnetikoak, mekanikoak nahiz bestelakoak), bultzatu egiten dela zelulen hazkuntza eta diferentziazioa. Nolabait, mimetizatu egiten da zelulen mikroingurunea, eta zelulek beren funtzioak garatzen dituzten inguruan gertatzen diren kinadak imitatzen dira", azaldu du ikertzaileak.

IN VITRO IKERKETA, POSITIBOA

In vitro egin dute ikerketa, eta bi metodologia probatu dituzte fibrinazko matrizea sortzeko: batean, film-erakoa egin dute, eta, bestean, ehun-itxurakoa, zuntzak elkarrekin gurutzatuz. "Bi metodologiak nahiko onak dira halako aldamioak eraikitzeko eta zelulaz kanpoko matrizea simulatzeko, zelulak hari atxiki dakizkion hazi ahal izateko —zehaztu du ikertzaileak—. Nanopartikula magnetoaktiboak ere egituraren parte dira, fibrinan txertatuta baitaude. Hala, eremu magnetikoaren eraginpean jartzean, nanopartikulek erantzunten dute: dardaraka hasten dira, egitura deformatzen dute, luzatuz, eta indar mekaniko hori zelulei transmititzen diete", gaineratu du.

Kimikako doktoreak adierazi duenez, emaitzetan ikusi dute "bi matrize- edo aldamio-motek bultzatzen dutela zelulen hazkuntza, baina film-erakoa hobea da, zelulak hobeto hazten dira. Baina batez ere nabarmentzekoa da lehen aldiz frogatu dugula kitzikatze magnetikoak eragin positiboa du zelulen hazkuntzan".

Martxan duen ikerketa-lerroan aurrerapausotzat jo du ikertzaile-taldeak; ehunak fabrikatzeko material eta metodo egokiak aztertzen dihardu. "Jakin badakigu epe luzekoa dela gure helburua, eta orain hasierako urratsak ematen ari garela. Zenbait motatako materialak, kinadak eta prozesuak ari gara garatzen, haien bitartez era bateko eta besteko ehunak birsortzeko moduak izatera iristeko. Burutan duguna da, gainera, pazienteen euren zelula ametatik abiatzea, eta gai izatea haiek desberdintzeko, lortu nahi dugu ehunaren zelula bihurtzeko, ehun hori hezurra, muskulua, bihotza edo dena delakoa bada ere. Hori izango litzateke azkeneko helburua, eta dagoeneko hasi gara urrats esanguratsuak ematen", deritzo.

Azkeneko helburu horretara iristeko, erronkak gainditzen joan behar du ikertzaile-taldeak. Adituaren arabera, lehenik gainditu beharrekoak dira "kinada ezberdinak konbinatzea eta dagoeneko erabilitakoetan aldaketa bat edo beste egitea, hala nola erabilitako egitura beste norabide batean deformatzea. Gainera, zelulen bideragarritasuna eta funtzionaltasuna aztertu behar ditugu, baita zelulak nola elikatu eta jariatzen dituzten hondakinak nola kanporatu ere. Faktore askotan egin behar dugu aurrera, baina lortutakoa aurrera jarraitzeko bihotz ematen digu", dio bukatzeko.