BILBO. Baliteke pertsona bakoitzaren DNA zein den kontuan hartuta hesteetako mokrobiotak zeliakia pairatzeko arriskua handitzea. Hori frogatu du Euskal Herriko Unibertsitateko eta Biocruces-Bizkaia Ikerketa Sanitarioko Institutuko ikertzaileek azterketa zientifiko baten bidez. Lan hori Nutrietnts aldizkariak argitaratu egin du.

"Gure hesteetan bizi diren mikroorganismoen eta zeliakiaren arteko lotura duela urte asko deskribatu zuten, baina lan honetan lehen aldiz egiaztatu dute balitekeela ostalariaren informazio genetikoak, mikrobiota aldatuta, eginkizun erabakigarria izatea gaixotasuna garatzeko orduan", adierazi du Iraia García-Santistebanek, zeinak ikerketa aurrera eraman duen.

UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko eta Biocruces-Bizkaia ISIko ikertzaile horrek azaldu duenez, gaixotasun zeliakoa nahasmendu immunologiko bat da: glutenak eragiten die predisposizio genetikoa duten pertsonei. "Glutena eta sentikortasun geneak beharrezkoak badira ere, ez dira, antza denez, gaixotasun hori garatzea dakarten faktore bakarrak. Gero eta azterlan gehiagok iradokitzen dute faktore erabakigarrietako bat hesteetako mikrobiota dela", adierazi du García-Santistebanek.

Mikrobio komunitate hori, bilioika mikroorganismoz osatua eta bakarra pertsona bakoitzarengan, zenbait motatako bakterioz osatuta dago nagusiki, eta hamaika faktoreren mende dago haren osaera: erditzea edo edoskitze eredua, dieta, antibiotikoen erabilera, bai eta gizabanako bakoitzaren genotipoa ere, besteak beste. "Mikroorganismo multzo horrek abantaila batzuk ematen dizkigu, hala nola patogenoen inbasiotik babesten gaitu, eta funtsezko bitaminez eta mantenugaiez hornitzen. Hala, mikrobiotaren osaeran aldaketa bat izateak (disbiosia esaten zaio horri) baliteke gaixotasunen garapena eragitea".

UPV/EHUko eta Biocruces-Bizkaia ISIko ikertzaileek argitaraturiko artikuluaren arabera, ikusi dute gaixotasun zeliakoa duten pertsonen hesteetako mikrobiotan aldaketak daudela zeliako ez direnaren aldean. "Gure galdera zen ea aldaketa horiek gizabanako bakoitzaren genotipoaren ondorio ziren", esan du UPV/EHUko ikertzaileak.

Galdera horri erantzuteko, ikerketa taldeak genomari buruzko bi azterketa handiren datuak gurutzatu ditu estatistika metodo baten bitartez: bata, hesteetako mikrobiotari buruzkoa, eta bestea, zeliakiari buruzkoa. Era horretan, zenbait aldaera genetiko identifikatu dituzte, eta baliteke horiek azaltzea hesteetako mikrobiotaren eta gaixotasun zeliakoaren arteko lotura.

García-Santistebanen hitzetan, aurkikuntza "garrantzitsuenetako" bat honako hau da: "DNAren polimorfismo batzuk" identifikatu dituzte, Clostridiales ordenako bakterioen kopuruarekin lotuta. Mikroorganismo horien ugaritasuna aldatuta dago zeliakoetan. "Aldaera genetikoek baliteke eragina izatea era horretako bakterioen hesteetako ugaritasunean eta, horrela, gaixotasuna pairatzeko joera handiagoa eragitea", azaldu du.

Halaber, ikerketa taldeak bide metabolikoetako aldaketei lotutako bestelako aldaera genetiko batzuk ere identifikatu ditu, zeinak hesteen iragazkortasun eta inflamazio handiagoarekin erlazionatuta dauden; gaixotasun zeliakoaren ezaugarri dira biak ala biak.

Nora Fernández-Jiménez eta Jose Ramón Bilbao UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek gidatu dute azterketa. Eskarmentu handia dute gaixotasun zeliakoa ikuspegi bioinformatikotik aztertzen, ausazkotze mendeldarraren tankerako tresnak erabiliz, besteak beste. Nora Fernández-Jiménez eta Jose Ramón Bilbaok azaldu dutenez, ez da lehen aldia estatistika metodo hori erabiltzen dutena ikerketa taldean: "Gaixotasun zeliakorako markatzaile diagnostiko bat identifikatzen lagundu zigun iaz; metodologiaren ahalmena erakusten du horrek".