DONOSTIA. Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak eta Informatika Fakultateak eletrizitate fotovoltaikoaren autokontsumo kolektiborako EKATE izeneko proiektua abiarazi dute. Proiektuak hogeita hamar hilabete iraungo du, eta 'Blockchain' eta 'Internet of Things' teknologiak erabiliko dira ekimena aurrera eraman ahal izateko.

Frantzia-Espainia mugako lurraldeak zirkuitu laburreko energia fotovoltaikoaren kudeaketaren erreferentzia bihurtzea da proiektuaren helburua. Horretarako, bazkideek Katalunian eta Iparraldean erreferentziazko instalazioak egiteko asmoa dute. Instalazio horiek teknologia eta negozio-ereduak ebaluatzea ahalbidetuko dute, Poctefa programak ukitzen duen lurralde osoan proiektuaren emaitzen hedapena hobea izan dadin. Proiektuak, halaber, lurraldeko eragileen, haien kokapenaren eta autokontsumo kolektiboaren gaian garatzeko aukeren diagnostikoa egitea ere aurreikusten du.

EKATE duela gutxi abiatu zen ESTIAren instalazioetan, eta Pirinio Atlantikoetako, Euskal Autonomia Erkidegoko, Kataluniako, Nafarroako eta Ekialdeko Pirinioetako bazkideak biltzen ditu: Teknologia Industrial Aurreratuen Goi Eskola - ESTIA (Bidart), Euskal Herriko Unibertsitatea (Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako 'Kontrola Sare Elektriko Adimentsu eta Sorkuntza Banatuan' Masterreko irakasle-ikerlariak bereziki), Ingeniaritzako Metodo Digitalen Nazioarteko Zentroa - CIMNE (LLeida), ENERCLUSTER elkartea (Iruña), TECSOL enpresa (Perpignan) eta eraikinean eta industrian energia berriztagarriak garatzeko elkartea - DERBI (Perpignan).

EKATE (EFA 312/19) proiektuaren %65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatuko du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014 2020) programaren bidez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugako espazioaren integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da. Haren laguntza mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzera bideratzen da, lurraldearen garapen jasangarria bultzatzen duten estrategien bidez.