BILBO. Itelazpik , Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazioen sozietateak, "Itelazpi FP-Pública/LH-Publikoa Sariak" banatu ditu, lehenengoz. Sariak Telekomunikazio eta Informatika Sistemak espezialitateko Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetako ikasleek aurkeztutako gradu amaierako bi proiektu onenak aintzatesten ditu.

SARITUAK

Lehenengo saria, 1.000 eurokoa, Gipuzkoako CIFP Bidasoa LHII ikastetxeko Luis E. Herraiz ikasleari egokitu zaio. Sarituak "EA2RKB-1 irrati-zaleentzako DMR errepikagailu digitala" izeneko proiektua aurkeztu du. Proiektu horren irismena irrati-zaleentzako errepikagailu bat diseinatzea, muntatzea, instalatzea, martxan jartzea eta legeztatzea izan da, Bidasoa aldean estaldura duela, DMR TIER II teknologian oinarrituta dago. Teknologia hori TETRA teknologia nagusiaren (TIER III) azpitik dagoen maila da komunikazio kritikoen esparruan. Itelazpik TETRA sare publikoa kudeatzen du, batez ere MetroBilbao eta Euskotren tren-enpresei, Bilboko Ur Partzuergoari eta Eusko Jaurlaritzako Meteorologia Sailari zerbitzua ematen diena.

Bigarren saria, 500 eurokoa, Javier Sáez Rojo ikaslearena izan da, Santurtziko CIFP San Jorge LHII zentrokoa. Proiektuaren irismena sareko eta ikus-entzunezko azpiegitura bat diseinatzea eta ezartzea, mugikortasuneko gailuei informazioa eman ahal izateko izan da. Haririk gabeko konektibitate uniformea bermatzen duen WIFI MESH teknologiaren pean garatu da proiektua. Proiektuaren aplikazio-gunea bide-segurtasuna hobetzea da, oinezkoena zein gidariena.

ITELAZPI-IKASLAN HITZARMENA

"Itelazpi FP-Pública/LH-Publikoa Saria" Itelazpik eta Ikaslan Euskadi Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoen Elkarteak 2018an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan sartzen da. Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazioen sozietateak garrantzitsutzat jotzen du gure izaerako erakunde batek gizarteari egin diezaiokeen ekarpena pertsonen prestakuntzaren arloan, Itelazpik partekatu beharreko ezagutza metatzen duen eremuetan. Hori da bi erakundeen artean hasitako harremanari eusten dion zutabea, eta haren mugarrietako bat da gradu-amaierako proiektu onenak aitortzeko urteko saria.

Itelazpik eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten ikasleei eta kide diren ikastetxeei ere, ikaskuntzarekiko erakutsi duten ahaleginagatik eta konpromisoagatik. Halaber, Ikaslan Euskadik ekimen honen koordinazioan egindako lana aitortu nahi dugu eta, baita, hitzarmenaren esparruan garatutako gainerako gaietan izan duen jarrera ere.