BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko Biomat taldeak eta Domotek empresak, 3D inprimaketak ematen dituen abantailak aprobetxatuz, kolageno natibozko biomaterial pertsonalizatuak lortu dituzte. Biomatek aurrerapenak lortu ditu 3D inprimaketa bidezko biomaterial prozesagarriak lortzeko xedean, eta Domotekek, bere aldetik, aurrerapausoak eman ditu 3D inprimagailuetarako datuak eskuratzeko eta prozesatzeko jomugan. Horri esker, ekoitzitako produktuak tresna edo protesi gisa erabil daitezke, biobateragarriak baitira.

«Pazienteari egindako irudi medikoak abiapuntu hartuta (batik bat, ordenagailu bidezko tomografia axial bidez edota erresonantzia magnetiko bidez), zehaztapen handiko 3D modelo digitalak lor daitezke», azaldu du Pedro Guerrero Biomat taldeko ikertzaileak. «Modelo digital horiek datu bihur daitezke, eta 3D inprimagailuek datuok prozesa ditzake, pazientearen anatomiaren kopia zehatzak (biomodeloak) inprimatzeko. Biomodelook prozedura kirurgikoak egiaztatzeko aukera ematen diete medikuei, eta, gainera, medikuen eta pazienteen arteko komunikazioa hobetzen laguntzen dute; izan ere, medikuek pazienteei biomodeloa erakuts diezaiekete hobeto uler dezaten zer ebakuntza egingo dieten. Gaur egun, inplante pertsonalizatuei esker, akatsa berreraiki daiteke pazientearen anatomia aldatu gabe; beraz, kirurgia efizienteagoa da eta, gainera, gutxiago irauten du eta gutxiago balio du».

3D inprimagailuekin plastikozko edo erretxinazko biomodeloak egin daitezke, baina materialok arriskuak izan ditzakete (infekzioak edo materiala bera errefusatzea). Horregatik, funtsezkoa da material berriak garatzea. «Biomatek eta Domotekek egindako garapenarekin, I motako kolageno natibozko biomodeloak egin daitezke. Biobateragarria, biodegradagarria eta porotsua da material hori, zelula atxikipenerako egokia, eta ez du zitotoxikotasunik. Hortaz, baliteke kolageno natiboan oinarritutako materialekin ekoitzitako biomodelo horiek etorkizuneko protesiak izatea; izan ere, haien propietateei esker, kaltetutako ehuna aldi baterako ordeztu dezakete, hori birsortu arte. Inplanteen kasuan, biodegradagarritasuna oso garrantzitsua da, inplantea kentzeko beste kirurgia bat egin behar izatea saihesten baita», argitu du Guerrero irakasleak.