Itsasargi bat eta hiru ekintza eta pasarte. Betiere Isabelle Huppert aktore frantziarraren liluraren mesedetan. Aktore honek eta beste gutxi batzuk bakarrik ager dezakete plano berean gertutasun erosoa eta hoztasun erasokorra, irribarre eta keinu ñimiño baten bidez. Aktore moduan hain da handia bere egiten dituela kontakizun guztiak. Baita Hong Sangsoo korearraren honako hau ere. Sentimendu oso bestelakoak agertu beharko ditu jarraian, hiru paper jorratzen baititu: jatorra da hasieran; jenio bizikoa hurrengoan eta azkenik, mindutako emakuzmezko baten une xaloak biziaraziko ditu. Malenkonia eta soiltasuna darie fotograma horiei, zine ardatz hartuta. Izan ere gidoi baten hastapena izango da abiapuntu, eta laster batean zinearen mekanika ahaztu eta bizitzaren ezustekoak dastatuko dituzte bai ama-alabek eta inguruko pertsonaiek. Hong Sangsoo Hego Koreako zine zuzendari eta egile onenetakoa da eta dagoeneko hamabi film zuzendu ditu. Egitura zatikatu horren bidez, sentimenduen oinarrietara joan gura du, espiritu mistikoa alboratu gabe. Gogoan hartu Isabelle Hupperten lana. Artista paregabea da. Bere burua neurtzen du etengabe, mugetan eta aurreri-tzietan pentsatu gabe.
Zuzendaria eta gidoilaria: Hong Sangsoo. Aktoreak: Isabelle Huppert, Jung Yumi eta Youn Yuhjung. Herrialdea: Hego Korea. Iraupena: 89 minutu.