Komunitatea indartu eta biziarazi
Nago, gure herrian ekarpen esanguratsuak egiten dituztenei bizirik daudela egin behar zaiela ezinbesteko aitortza, are gehiago, ekarpen hori baldintza zailetan gertatzen, norberaren interesak alboratzen eta komunitatea indartzeko asmoz egiten direnean. Izan ere, sasoi batetik hona, ikaragarri ahuldu da lan komunitarioa, eta gero eta zailagoa da askotariko elkarte eta erakundeetako arduretarako gaitasuna daukan jendea topatzea. Horiek horrela, zailtasun horren jabe direnak, hutsunea baliatu dute gizarte-bizitza kolonizatzeko, askotarikoen arteko lan komunitarioa indartzeko bokazioa dutenak baino alderdi edo korronte jakin batzuekin bat datozenekin… Jokaera horrek are gehiago ahuldu du lan komunitarioa, eztabaida politiko zein soziala, herritarren partaidetza zein inplikazioa.
Halakoak begien bistakoak direnean, beti dago norbait sektore politiko eta sozial baten ustezko hegemonia aipatzen duena. Prozesu hori nahita bilatuta baino modu naturalean gertatu delakoan, baina, egiatan, ez da horrela gertatu! Hegemonia horrek desberdin pentsatzen duten pertsonak modu sistematikoan baztertzea eta askotarikoak izan beharko luketen gizarte-erakundeak estrategia jakinen menpeko bilakatzea izan dituelako ardatz. Halakoak begien bistakoak dira gure herriarentzat garrantzitsuak diren gaiei buruz ari garenean, besteak beste, euskararen, euskal kulturaren zein hezkuntzaren alorrean, bai eta gizarte ekimenetik sortutako tokian tokiko zein goragoko hedabideetan ere.
Ondorioak ugariak dira. Mezu monokordeak ugaritu egin dira. Are erosoagoa da ia berdin pentsatzen dutenen arteko eztabaida sustatzea, adostasunetara iristea eta gaiak haratago eramatea, jakin arren, gizartearekiko distantzia estutzen baino zabaltzen ari dela. Era berean, halakoek eragina dute elkarte zein erakunde batzuek sustatutako egitasmoen bideragarritasunean zein ikusgarritasunean, bai eta egitasmo batzuk sustatzeko elkarte zein erakunde horien biziraupenean ere, gero eta lerratuago azaltzen direlako, herritar ugarik atzera egin dezaten bultzatuz. Egunen batean, seguruenik beranduegi, ohartuko gara egiten ari garen aberiaz! Soka jasotzea geroz eta zailagoa bihurtzen ari delako.
Herri honetan modan jarri da herri akordioak egitearena. Hainbatetan, onkeria oinarri, edukirik gabeko eta propaganda oparoko herri akordioak dira aipatzen direnak. Nago, etxe barruko eskailerak konpontzeko adostasuna bilatzeko ezintasun nabaria dutenek nekez ehunduko dutela hortik goragokorik, oinarrian, gizartea ikusteko eta gizarteko bizitza antolatzeko, eredu kontrajarriak dituztelako. Alabaina, desiratuko nuke delako herri akordio bat egongo balitz, gizarte bizitza berrindartzeko asmoz egina, askotariko gaiak askotarikoen artean jorratuz eta lantzen saiatuz, zubigintza, elkarbizitza eta lan komunitarioa ardatz erabiliz.
