Síguenos en redes sociales:

Atzamarraz seinalatu

Esan ohi dugu gure gizartea askotarikoa dela; ez dakit, ordea, sektore batzuk aniztasunean bizitzeak dakarrenaz ohartzen diren, bai eta askotarikoa den gizarte batean bizitzeko heldutasunik duten ere. Oposizio batzuen inguruabarrean ustez gertatutakoaren harira, enegarrenez bihurtu da euskara konfrontaziorako helduleku. Horiek horrela, sektore jakin batzuk berariaz seinalatu dira eta gaia erabili da, batetik, sindikatuen arteko sestrarako eta, bestetik, euskararen kontrako ustezko oldarraldiaren mezua hedatzeko.

Egiari zor, euskararen biziberritzearen aldeko ahalegina erkidea izan da eta, eginahal horretan, jatorri eta pentsaera desberdinetako alderdiek, sindikatuek, elkarteek, erakundeek eta norbanakoek parte hartu dute, eta horixe da, hain zuzen ere, gure arrakastaren giltzarrietako bat. Euskara denona da eta denok behar gaitu! Eta hor ez litzateke hormarik eraiki behar, inoren ahalegina gutxietsi behar. Euskara gizarte hau ehuntzeko helduleku sendo bilakatu beharko genuke, alderdikeriak eta alde bakarreko erabilera baztertuz. Euskararen biziberritzearen bueltan badira, alde guztietan, deserosotasunak onartzeko prest ez daudenak, besteak beste, ustez euskararen alde azaltzen diren sindikatu abertzaleetako kideen artean ere bai. Aspaldi esana da abertzale guztiak ez direla euskaltzaleak, hitzez bakarrik ez, ekintzez ere bai, bai eta euskaltzale guztiak ere ez direla abertzaleak.

Nago, hausnartu beharko genukeela indarrean dagoen araubidea ondo aplikatzen ote gabiltzan eta, aldi berean, pentsatu beharko genukeela euskararen biziberritzean ekarpen erabakigarria egin duen administrazioaren euskalduntzearen egungo zein etorkizun hurbileko zereginak zein izan behar duen ere, are gehiago aldaketa sakonak eta bizkorrak jasan behar dituen gizarte honetan. Inguruabar horretan, maximalismoak ez dakar ezer onik! Gehienez ere, biktima izatearen sentsazioa iltzatzea eta frustrazioa areagotzea, hainbatetan, desiratzen diren helburuetara iristerik ez dagoelako, baldintzak direnak direlako! Euskararen biziberritzeak gizartean eraldaketa sakona sustatzea eskatzen du eta hori ezin egin daiteke gizartearen gehiengo zabal baten sostengurik gabe. Euskararen normalizazioan jauzi berri bat egiteko, aldekotasunak eta adostasunak berritzea eta bilbatzea da etorkizuneko erronka nagusia.

Eusko Legebiltzarrean, deialdi publikoetan euskararen eskakizunari buruz irekitako eztabaidan, EH Bilduk gobernua sostengatzen duten bi alderdiak deitu ditu bere proposamenaren inguruan adostasuna gauzatzera. Nire ustez, alderantzizkoa da egin beharreko bidea. Nago, euskararen inguruan gauzatu diren adostasun guztietatik kanpo egon den eremu politikoak eta sozialak, apaltasunez, ahalegina egin beharko lukeela orain arteko adostasunetara hurreratzeko, maximalismorik gabe eta errealitatean oina hartuz! Horrek bai ekarriko lukeelako nobedadea, bai eta sekulako jauzia eta bultzada ere.