Iazko udazkenean Xixonen lapurreta bat egin izanaz akusatutako gizon bat atxilotu egin zuen joan den astean Bilboko Udaltzaingoak.
Ikerketa iazko urrian hasi zen, Bilboko Udaltzainak hiru gazte atxilotu zituelarik, aldean maleta bat zeramatela, 91.410 eurorekin, eta haien jabetzakoak ez ziren gauzekin betea: besteak bestea, bazeukaten topazio bat, kilate askotakoa, eta hura ere konfiskatu egin zitzaien.
Berehala, Kriminalistikako Ikuskaritza ikerketak egiten hasi zen, gauza haien jabea nor zen jakiteko, eta, horretarako, beste polizia kidego batzuen elkarlana ere eskatu zuen. Hala, bada, jakin ahal izan zen konfiskatutako gauza horiek Xixongo Polizia Nazionalaren Probintzia Komisarian aurkeztutako salaketa batean aipatzen zirela, zeina etxebizitza batean izandako lapurreta batengatik aurkeztu baitzen; eta, hala, lapurretaren biktimari itzuli zitzaizkion gauza haiek.
Joan den hilean, pertsona horrek beste bigarren lapurreta bat jasan zuen, gazte bat haren bizilekuan sartu zelarik indarra erabiliz eta ugazabari eskuak estekatuz.
Hori dela eta, bi polizia kidego horietako ikerketa-unitateek zegozkion lankidetza-mekanismo guztiak baliatu zituzten, eta bandaren ustezko buruzagia identifikatu zuten lapurretaren egileetako baten moduan; 28 urteko gazte bat zen, zeina iragan apirilaren 25ean (martitzenean), 19:00ak aldera, jakin baitzuten non zegoen: hain zuzen, Casilla inguruetan zebilela.
Bilboko Udaltzaingoak atxilotu egin zuen, eta Polizia Nazionalaren esku utzi, eta haiek ondoren Xixon hirian zegozkion ikerketetan jarraitu zuten.