Nola prebenitu gaixotasun kardiobaskularrak?
Gaixotasun kardiobaskularrak osasun publikoko arazo nagusietako bat dira, eta gaixotasun, desgaitasun eta hilkortasunaren arrazoi garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzen dute
Gaixotasun kardiobaskularrak osasun publikoko arazo nagusietako bat dira, eta gaixotasun, desgaitasun eta hilkortasunaren arrazoi garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzen dute, Osakidetzaren arabera.
Relacionadas
Prebentzioa funtsezkoa da, gaixotasun horiei lotutako arrisku-faktore asko alda baitaitezke bizi-ohitura osasungarrien eta kontrol mediko egokiaren bidez. Osakidetzaren arabera, faktore horietan eraginez, bihotz-hodietako arazoak izateko arriskua nabarmen murrizten da, adibidez, miokardio-infartua edo iktusa izatekoa.
Zer dira gaixotasun kardiobaskularrak?
Bihotz-hodietako gaixotasunek bihotzari eta odol-hodiei eragiten dieten hainbat nahasmendu izaten dituzte. Horien artean daude kardiopatia iskemikoa, miokardioko infartua, bihotz-gutxiegitasuna, gaixotasun arterial periferikoa eta garun-hodietako istripuak.
Osakidetzaren arabera, gaixotasun horietako askoren jatorria aterosklerosia da, arterietako hormetan gantzak eta bestelako substantziak pilatzea ezaugarri duen prozesua, eta horrek arterien estutze progresiboa eragiten du eta odol-fluxua oztopatzen du.
Iktusa
Iktusa, edo istripu zerebrobaskularra, osasun-arazo larria da, eta odola bat-batean garunera iristen ez denean gertatzen da, garuneko arteria bat hautsi edo buxatu delako. Horren ondorioz, zelulek ez dute behar beste oxigeno jasotzen, eta garunaren eremu horrek betetzen dituen funtzioak aldatu egiten dira aldi baterako edo betiko, Osakidetzatik azpimarratzen dutenez.
Zer egin daiteke iktusa saihesteko?
Iktus bat ustekabean agertzen bada ere, hori izateko arriskua murriztu daiteke bizimodu osasungarria izanez gero. Osakidetzatik azpimarratzen dutenez, aholkuen arabera, “Denetarik eta modu orekatuan jan”. ”Gogoan izan zure eguneroko dietan fruta, barazkiak, lekaleak, arrainak eta fruitu lehor naturalak gehitzea. Fruitu lehorrak gatz erantsirik gabeak izan daitezela (eskutada bat egunean)”, azpimarratzen dute.
“Zure gaitasunekin bat datorren ariketa fisikoa egin. Saiatu astean 150 minutuz jarduera moderaturen bat egiten; adibidez, oinez azkar ibiltzea, bizikletaz ibiltzea, dantzatzea edo etxeko lanak egitea. Astean 75 minutuko jarduera bizia ere egin dezakezu, hala nola korrika egitea, mendi-ibiliak, talde-kirolak, dantza aerobikoa, azkar igeri egitea eta beste”.
Horrez gain, gomendatzen da malgutasun-, indar- eta oreka-ariketak egitea gutxienez beste 2 egunetan. “180/105 mmHg-tik gorako zifrak badituzu, hobe da jarduera fisikoa atzeratzea, ariketak tentsioa igotzea ekar dezakete eta.”
Bularreko angina eta miokardioko infartu akutua
Bularreko angina eta miokardioko infartu akutua kardiopatia iskemikoak dira eta bihotzeko muskuluari (miokardioari) odola ematen dioten arteria koronarioetako baten buxaduragatik gertatzen dira.
Zehazki, Bularreko angina eta miokardioko infartu akutua "kardiopatia iskemikoa" terminoaren barruan sartzen diren gaixotasunak dira. Bihotzeko muskuluari (miokardioari) odola ematen dioten arteria koronarioetako baten buxaduragatik gertatzen dira. Buxadura horrek odola bihotzeko eremu batera behar bezala jariatzea eragozten du; ondorioz, odolean garraiatzen diren oxigenoa eta mantenugaiak ez dira iristen zelula horietara eta zelulak kaltetu egiten dira.
Bularreko angina arteriaren buxadura partziala dagoean gertatzen da; miokardioko infartua, ordea, buxadura osoa gertatzen denean.
Bularreko angina edo miokardioko infartu bat izateko arriskua areagotu egiten da pertsonak arteriak eta ondorioz, bihotza kaltetu ditzaketen ezaugarri pertsonalak, osasun-arazoak edo bizimoduak dituenean.
Pertsona batek zenbat eta arrisku-faktore gehiago izan, orduan eta handiagoa izango da kardiopatia iskemikoa izateko probabilitatea. Faktore batzuk ezin dira aldatu, baina alda daitezkeenak zainduz gero, gaixotasuna prebenitu daiteke.
Arrisku-faktore aldaezinak
Adina: Arriskua 45 urtetik aurrera areagotzen da gizonetan, eta 55 urtetik aurrera emakumeetan.
Sexua: Ohikoagoa da gizonezkoen artean, emakumezkoen artean baino.
Familia-aurrekariak: Familian bularreko anginetako edo infartuetako episodioak badaude, baliteke osagai genetiko bat egotea gaixotasunean.
Osasun-profesionalek lehenbailehen eman behar diote arreta infartu batekin edo bularreko angina batekin bateragarriak diren sintomak dituen edozein pertsonari.
Sintoma nagusia bat-batean agertzen den bularreko mina da. Hura deskribatzeko presioa, zapalkuntza, erredura, indigestioa edo bularreko ondoeza nabari dutela esan ohi dute. Normalean bularrezurraren atzean hasten da, baina pertsona batzuek ezin dute deskribatu zehatz-mehatz non hasten den mina.
Ager daitezkeen beste sintoma batzuk honako hauek dira: muturreko nekea, konorte-galerak, goragalea, zorabioak, aire falta, izerditzea eta ahultasuna.
Hipertentsio arteriala
Tentsio arteriala odolak arterietatik zirkulatzeko egiten duen indarra da. Presio hori normaltzat ezarritako balioetatik gora modu jarraituan dagoenean, hipertentsio arteriala deritzo.
Denborarekin, baliteke odol-hodiak kaltetzea eta bihotzak aparteko ahalegina egin behar izatea odola gorputz osoan ponpatzeko.
Haurdun dagoen norbaitek bi motatako hipertentsioa izan dezake: Haurdunaldiko hipertentsioa: Gaurdunaldiko 20. astetik aurrera agertzen da, eta erditu ostean desagertzen, hau da, erditu eta seigarren astetik aurrera. Ohikoagoa da fetu bat baino gehiago badaude. Kasu guztietan ez da medikaziorik beharko. Hipertentsio kronikoa: Gaixotasuna haurdunaldiaren aurretik agertzen da, edo haurdunaldiaren 20. astea baino lehen.
Ahotiko antisorgailuak
Ahotiko antisorgailuak hartu aurretik, garrantzitsua da osasun-profesionalari galdetzea, batez ere hipertentsioa diagnostikatu bada. Horrelakoak hartuz gero, baliteke zifrek gora egitea.
Klimaterioa
Bizitzako etapa honetan, areagotu egiten da gaixotasun batzuk izateko probabilitatea (besteak beste, hipertentsio arteriala edo diabetesa), eta horrek zerikusi handiagoa du zahartze-prozesuarekin eta bizi-ohiturekin menopausiarekin baino. Hala ere, menopausiaren edo ordezko hormona-tratamenduen ondoren gertatzen diren hormona-aldaketen ondorioz, baliteke presio arterialaren zifrak igotzea.
Familia eta laguntza-sarea funtsezkoak dira, egikizun zehatza baitute gaixotasunaren tratamenduan. Akonpainamendua garrantzitsua da; alegia, garrantzitsua da tratamenduan, kontrolean eta gomendioen jarraipenean laguntza ematea, litezkeen konplikazioak saihesteko.
Denboran irauten duen egoera kronikoa denez, beharrezkoa da euskarria eta motibazioa ematea, pertsonak ez ditzan tratamendua eta zainketa bertan behera utzi.
Osakidetzaren arabera, arrisku kardiobaskularraren faktore nagusiak honako hauek dira: hipertentsio arteriala, tabakismoa, kolesterol altua eta lipidoen bestelako alterazioak, diabetesa, gehiegizko pisua eta obesitatea, sedentarismoa, elikadura ez oso osasungarria, alkohol gehiegi kontsumitzea eta dietan gatz asko kontsumitzea. Elementu horiek guztiek eragin zuzena dute sistema kardiobaskularraren osasunean, eta bihotzeko eta odol-hodietako gaixotasunak garatzeko probabilitatea handitzen dute.
Gainera, Osakidetzak azpimarratu duenez, faktore horiek ez dira modu isolatuan agertzen, baizik eta ohikoa da pertsona batek bat baino gehiago izatea. Hori gertatzen denean, arrisku kardiobaskularra gehitu ez ezik, biderkatu ere egiten da, gaixotasun kardiobaskular bat izateko aukera nabarmen areagotuz.