Naroa Martínez Suárez ama, alaba, bikotekidea, emakumea… da eta betidanik aritu izan da hezkuntzarekin lotutako jardunetan. Lehen hezkuntzako magisteritza eta psikopedagogia gauzatu zituen. Ondoren, bi urtez lanean eta ia urtebete langabezian egon ondoren, ikasketetara itzuli zen, Haur Hezkuntzako Gradua eginez. Horretarako, GBL-a garatu behar zenez eta ordurako berriro lanean zegoenez, erakargarria egiten zitzaion gai bat aukeratzea erabaki zuen.Ikasturte hartan, “heriotzaren inguruko hainbat gertaera izan genituen eta egoerak erakutsi zidan foro guztietan ez zela hitz egiten heriotzaz nire etxean hitz egiten zen naturaltasunez. Beraz, hautua argi zegoen: heriotzaren trataera naturalizatzeko nire aletxoa jarri nahi nuen eta Txabi Arnalen eskutik horri ekin nion”. Ordutik, arlo horretan lan egiteari utzi gabe, hezkuntza horretan trebatu da, eta haurtzaroko heriotzari buruz naturaltasunez hitz egitearen garrantziaz kontzientziatu da. Baina ba al dakigu gai horiei buruz etxeko txikienekin nola hitz egin? 

Nola tratatu behar da heriotza haurrekin? Heriotzaren gaia jorratzeko, ba al dago saihestu beharreko mezurik?

–Lehenik eta behin, kontzientzia jarriz. Norberak heriotzarekin eta galerekin duen harremanaz hausnartu beharra dago, norbere beldur eta ezinak haurrei ez islatzeko. Mar Cortinak dioen bezala, helburu onak ez dira nahikoa egoki aritzeko. Hortik abiatuta, beti ere haurren heldutasunari eta gaitasunari egokituz, beraien interes, galdera eta beharretatik abiatuta aritu beharko gara. Eufemismoak eta sasi-egiak ekidin behar dira, dagozkion termino eta hitzak erabili. Hil dena ez da bidaia luzean joan, ez dago lo, ez dugu galdu, ez da zerura joan… Hil egin da eta ez dugu berriro orain arte ezagutu dugun bezala ikusiko. Bestalde, gertuko hildakorik egon baino lehen heriotzaz hitz egitean sinisten dut. Hori da Heriotzaren Pedagogia. Bide batez esatea zure galdera asko gustatu zaidala nola tratatu behar den aipatu duzula eta ez nola “landu”. Maiz heriotza lantzeko baliabide eta tresnak eskatzen dira, “heriotza (edo beste edozein gai) lantzeko liburuak” nahi izaten dira, egoera guztientzako erantzuna izango balira bezala.

Zein adinetatik hitz egin beharko genuke gai honetaz haiekin?

–Haurren adinari dagokionez, haurdunalditik hitz egitea egokia ikusten dut. Baina haurdunaldia eta heriotzaz naturaltasunez hitz egitea heriotzarik ez badago, ez da oso ohikoa oraindik. Esaterako, gurasotasunerako prestakuntzetan oso gutxitan aipatzen da heriotza. Baina… haurdun geratzen garen momentutik haur horien heriotza edozein momentutan eman daitekeenaren kontzientzia hartu behar dugula uste dut. Hau da, ahalik eta beranduen izan dadin nahi dugu denok,baina bizia duen oro hil daitekeenaren kontzientzia ez dago zabaldua geure gaur egungo gizartean. Horren kontzientzia hartzea, haurrei zenbat maite ditugun esatea… ezinbestekoa iruditzen zait. Bestelako heriotzez haurdunalditik hitz egiteak ere abantaila suposatzen du helduon entrenamendurako. Erantzungo ez dizula badakizun haur bati heriotzaz hitz egiteak, neurri handi batean beldurra kentzen digu (emozioa eta tristura ez, noski) eta etorkizunean haurren galderei erantzuna ematea erraztuko digu, gaia behintzat geureganatua daukagulako.

Pixka bat harrituta gera daitezke gaiarekin?

–Gu geu euren galde-erantzunekin gera gaitezkeena baino gutxiago, ziur. Haurrek harreman sanoagoa, naturalagoa dute heriotzarekin helduok baino. Helduok, zoritxarrez, gizartearen filtro eta tabuak geureganatuak ditugu. Heriotzaz eta doluez asko ikasiko genuke gutxiago hitz egin eta gehiago entzungo bagenie. Txikitatik jolasten dute heriotzara. Kukuka ari direnean eta begi-bistatik desagertzen gatzaizkienean, haur txiki-txikientzat hilda gaude segundu horietan; gerora, txandaka hiltzera jolasten dira; xomorroak hiltzearekin esperimentatzen dute; lagunen sentimenduekin enpatizatzen dute; elkarren ondoan isilik egoten badakite…Heriotza ezagutzen dute, maiz izena jarri egin ez badiote ere. Horregatik, gu gera gaitezke harrituago, baita minudago ere. Bizitzaren egunerokotasuneko praktikotasunean oinarritzen dira bere logikatik abiatuta eta hainbat galdera edo konponbide mingarri eman ditzakete. 

Zer egin haurrak heriotzaren beldur direnean?

–Heriotzaren beldur baino, abandonuaren beldur dira, bakarrik geratzearen beldur. Ahalguztidun diren gurasoak hiltzeko beldurra izaten dute. Gurasoak hil daitezkeenaz konturatzean, bakarrik geratuko ote diren, nork zainduko lituzke… Beraz, alde horretatik, gure asmoa ahalik eta beranduen hiltzearena dela esatea bidea izan daiteke; elkarrekin ematen dugun denbora gozatu eta oroitzapenak eraikitzearen garrantziaz hitz egitea; eta, bereziki, beraien zaintzeko beti norbait egongo dela argi izan behar dutela.

Zergatik da garrantzitsua gai horiek haiekin jorratzea eta helduak izan arte ez itxarotea?

–Erramintez hornituko ditugulako: hiztegia izango dute, gertatzen den zerbait dela jakingo dute, doluaren prozesua eta sentimenduak identifikatuak izango dituzte…Ez dira gertaera eta egoera guztiz ezezagun batzuen aurrean egongo eta horrek beldurra arinduko die. Dolua biziko dute eta bizi beharko dute garapen egokia izateko, baina sustrai sendoagoak izango dituzte aurre egiteko.

Zeintzuk dira dolu baten faseak haurtzaroan?

–Pertsonalki ez zait gustatzen fasez hitz egitea. Kübler-Ross-ek faseak aipatzen zituen, Alba Payàs-ek eginkizunak… Eta egia da urrats desberdinak daudela eta egin beharreko bidea dela hutsunearekin, ausentziarekin bizitzen ikasteko. Prozesu horretan ezin ulertu, ezin onartuko momentuak daude; haserrea; errudunak bilatzekoak; heriotzari piskanaka begiratu eta oroitzapenak gogora ekartzeko gai izatearena; malkoak eta barreak. Eta denak onartu behar ditugu. Umeei eta geure buruari. Hasieran emozioak oso biziak eta intentsoak izango dira eta pixkanaka arinduz joan beharko lukete. 

"Haurren adinari dagokionez, haurdunalditik hitz egitea egokia ikusten dut”

Gai honek bizitza alda diezaieke haurrei?

–Heriotzak edozeini alda diezaioke bizitza paradoxa den arren. Izan ere, heriotza eta bizitza txanpon beraren bi aurpegiak baitira. Heriotzari buruz hitz egiteak bai, bizitza alda dezake seguruago sentitu zaitezkeelako galera bati aurre egin behar diozunean.

Guraso gisa nola lagundu diezaiekegu?

–Geure eguneroko elkarrizketetan tarteka gaiaz hitz eginez, euren galdera eta jakinminei erantzunez, adibidez.Eta heriotza bera ulertzeko, ez-funtzionaltasunaren ezaugarriaz baliatzea oso egokia izan daiteke txikitatik; hildako batek zer egiten ez duen zerrandatzea, alegia: ez du arnasik hartzen, ez du lo egiten, ez du sentitzen, ez du kaka egiten… Bururatzen zaigun guztia.

Umeek joan behar dute hiletetara?

–Joateko beharrik ez dago. Zer egingo den eta nolakoa izango den jakiteko eta bertaratu eta parte hartu nahi duten galdetuak izateko eskubidea, ordea, badute. Hau da, aukera eskaini behar diegu eta beraiek erabaki dezatela guk dena argi eta kondizionatu gabe azaldu ondoren.

Senide bat hiltzen denean, gomendagarria litzateke umeentzako laguntza eskatzea?

–Heriotza traumatikoa izan ez bada eta familiak naturaltasunez badarama, ez da beharrezkoa. Dolua ez da gaixotasuna ez da trastornoa, prozesu natural eta osasuntsua da; beraz, lagun-sarea izanik, aurrera egingo da kasu gehienetan.

"Norberak heriotzarekin duen harremanaz hausnartu beharra dago”

Gai horri buruz hitz egitea, esperientzia estresagarria da umearentzat?

–Hitz egiteak hunkitu diezaieke, errealitatea mahaigaineratzea den heinean. Errealitatea errealago egin, nolabait. Helduoi ere gertatzen zaigu, baina estresagarria heriotza baten aurrean ez-jakin topatzea da.

Zer da zure lanaren gauzarik zailena?

–Ni irakaslea naiz lanbidez eta heriotzaren pedagogia aisialdia daukat. Beraz, heriotzaren pedagogiarekiko zailena da norbere burua zaintzea besteak bidean laguntzen zaudenean. Dena den, nirea prebentzioa denez hein handi batean, zailena ogibidearekin bateratzearena da. Hezkuntza Sailean esklusibidadea daukagunez, ez didate erraztasunik jartzen beharra dagoen esparruetara iristeko. Funtzionari izan arren, ikastetxe publikoek laguntza behar dutenean nik neuk eskaintzeko, zailtasunak baino ez ditugu topatzen. Eta zentzu horretan hori da zailena, egoerak sortzen duen frustrazioa.

Zure lanaren konplexutasuna dela eta, une zailen bat bizi izan duzu?

–Zailak edo errazak agian ez nuke esango. Hunkigarriagoak, gogorragoak… Iaz 3 urteko haur bat istripu batean hil egin zen eta bere komunitatearen gertuko sentitzen nintzen aurretik eta laguntza eskatu zidaten. Haur hain txiki baten heriotza traumatikoa, komunitate txikian izan zuen eragina eta nahi bezala laguntzeko ezintasuna, esaterako gogorra izan zen.Baina oso aberasgarria da horrelako prozesuetan pertsonen ondoan egotea, asko ikasten dut nik ere, bereziki umeengandik.

Hitzaldiak ere ematen dituzu. 

–Bai, hitzaldiak, tailerrak, formakuntzak… Baina nire kasuan beti ere helduei edo gertuko helduek lagundutako haurrei zuzendua. Heriotzaren tabua hautsi nahi badugu, haurrei euren erreferentziazko helduek egiten behar diete heriotzaz; ez kanpotik datorren aditua.

"(Umeek) heriotzaren beldur baino, abandonuaren beldur dira, bakarrik geratzearen beldur”

Heriotza berdin tratatu behar da gaixotasun batean edo suizidio batean?

–Heriotza bera bai. Hildakoa hilda dago. Ez da itzuliko. Oroitzapenak eta bizitakoak geratuko zaizkigu. Maitasunari eman behar diogu lehentasuna.Gaixotasuna luze xamarra bada, prestatzeko denbora izan dezakegu, zikloak itxi eta agurtzeko. Suizidioagatiko heriotza batean, seguraski ez dugu agurtzeko aukerarik izango eta erruduntasuna askoz handiagoa izan daiteke. Azken kasu hauetan erruduntasun sentimenduari heldu eta gainditzen saiatu beharko gara eta suizidioz hil denaren oroitzapena zaindu: ez idolatratu ezta izan zena gutxietsi ere.