Goi mailako pilotazaleek pozarren daude Bilboko, Gasteizko eta Donostiako Udalek sortu berri duten pilota txapelketa berriarekin. Hiru udalek emakumeen esku pilota sustatu nahi dute, eta hori dela eta 'Hiru hiriburuak' izeneko txapelketa antolatu egin dute. Bertan 60 pilotarik hartuko dute parte (federatuak eta ez federatuak).
Itxaso Erroteta Bilboko udaleko Gazteria eta Kirol zinegotziak, Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearekin, Martin Ibabe Donostiako udaleko Kirol zinegotziarekin eta Miren Fernandez de Landa Vitoria-Gasteizko berdintasun zinegotziarekin batera 3 Hiriburuak emakumeen esku pilota txapelketaren aurkezpenean izan da gaur. Andra Maria Zuriaren plazan egin den aurkezpenean egon dira hainbat pilotari ere.
Errotetak nabarmendu du “Bilborentzat harro egoteko modukoa da pilota sustatzen eta garatzen laguntzea, kirolaz gain, Euskadiko kultura-adierazpen handienetako bat baita.
Gehien ordezkatzen gaituen kiroletako bat.”. Honetaz gain, zinegotziak “Hiru Hiriburuak kirola da, euskal kultura da, talde lana da eta berdintasuna ere bada. Kirola tresna handia da berdintasuna sustatzeko. Emakume kirolari profesionalei ikusgarritasuna emanez, gainerako gizartearentzat erreferenteak sortzen ari gara, batez ere gure neska txikientzat. Erreferenteekin errazagoa da norbera egoera horretan ikustea” amaitu du.
3 Hiriburuak txapelketa berri honetan ere 60 pilotarik hartu ahal izango dute parte, 4 mailetan banatuta. Pilota goxoarekin gazte eta nagusi mailak banatuko dira eta mistorarekin, aldiz, gazteak eta eliteak.
Azken hauen artean egungo espezialistarik onenek hartuko dute parte, tartean izango dira Amaia Aldai –egungo lau eta erdiko banakako txapelduna–, Olatz Arrizabalaga –Emakume Master Cupeko zirkuituan bost txapel jantzi dituen aurrelaria, Leire Garai –birritan Emakume Master Cupeko binakako txapelduna- edo Enara Gaminde –egungo binakako atzelari txapelduna–. Denera elite maila honetan zazpi bikote arituko dira lehian; Arrizabalaga-Capellan, Arraiza-Gaminde, Barrokal-Bergara, Aldai-Mendizabal, Beitia-Zabala eta Etxegarai-Oses.
Txapelketak ere zehaztua du bere egutegia eta urriaren 2an final laurdenetako partidak jokatuko dira, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Finalerdiak astebete beranduago, urriaren 9an, jokatuko dira, Deportivo pilotalekuan eta finala, aldiz, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.