Entrenamendu desberdina
Bizkaiko judo federazioak saio bat antolatu zuen Bizkaia frontoian: entrenamendu berezi bat txikienentzat eta teknifikazio saio bat nagusientzat
BILBO. Kirol asko lehiara begira praktikatzen dira; beste batzuk aldiz, hobby gisa baino ez. Batzuk txapelketetara joan ahal izateko prestatzen dira bereziki, eta beste batzuek ikasi eta disfrutatzea baino ez dute nahi, presiorik gabe. Judoak azken aukera hori ematen du. Izan ere, lehia ondo egon daiteke norberak bere mugak ezagutzeko, baina entrenatze hutsak ere horretan lagun diezaguke. Larunbatean, Bizkaiko Federazioak haur kategoriatik aurrerako ikasleentzako teknifikazio saio bat eta kimu kategoriakoentzako entrenamendu berezi bat antolatu zituen.Bizkaia frontoian egitea aukeratu zuten, mugimendu handiko lekua, dudarik gabe. Izan ere, aurreko gauean boxeo ring bihurtu zuten, gero tatami, eta arratsaldean binakako finalaurrekoen egoitza izan zen. Erabilera anitzeko leku horretan elkartu ziren, bada, judo ikasleak goizeko 10:00etan, lehiaketara begirako teknifikazio saioa egiteko. Neska-mutil gazteek beteranoen laguntza izan zuten.Judo lehiaketa batean erabiltzeko teknikak irakatsi zizkieten.Hamaika eta erdiak aldera kimu kategoriakoak heldu ziren, ilusio handiz, baina hasi aurretik harmailetan eseri eta beren kideak tatami gainean nola moldatzen ziren ikusteko aukera izan zuten. Entrenamendua hasteko, sartu eta protokolozko agurra egin zuten. Gero, beroketekin hasi ziren, hainbat monitoreren laguntzarekin. Korrika, saltoak, luzaketak... batez ere orkatiletan lesioak izateko arriskua murrizteko ariketak. Gero, beste ariketa txanda bat izan zen, randori deituriko ariketekin.Bi minutu inguruko borrokak dira eta helburua giltzen bidez aurkariari irabaztea da. Puntuazioa egon zen, baina ez irabazlerik. Haurrek oso ongi pasa zuten saio berezi horretan, beste klubetako kide eta irakasleekin. Baina horiek ez dira jarduera bakarrak; federazioak hainbat ekitaldi antolatzen ditu, bai lehiaketa, baita erakustaldi motakoak ere. Horrela izanik, abenduan Gabonetako jai tradizionala egin zen eta hainbat judoka elkartu ziren Bizkaia frontoian. Ekitaldi horretan Bizkaiko klub guztiak elkartu ziren. Hainbat zuzendariren artean zuzendu zuten erakustaldia eta judoarekin erlazionatutako hainbat jolas egin ziren. Esaterako, haurrek beroketa ariketa batzuk egin zituzten jauziak, beso-mugimenduak eta biraketak uztartuz. Ondoren, itzulipurdien txanda heldu zen eta gero giltzen txanda izan zen. Ia 200 haur kontrolatzea konplikatua izan daiteke, baina irakasleak ondo moldatu ziren txikiek ariketa guztiak burutzeko. Adi-adi begira zeuzkaten guraso eta senideak. Entrenamenduen antzekoa da baina parte-hartzea handiagoa da. Eta ikusgarria, benetan.Bestalde, nagusiei zuzendutako Bizkaiko txapelketak eta 15 azpiko ranking izenekoak ere egiten dira. Azken horietan lehiakideak pisuaren arabera banatzen dira eta hainbat borroka egiten dituzte, sailkapen bat sortuz. Konbate bakoitzak hiru minutuko iraupena dauka erloju geldian, eta puntuazio-sistemaren baitan puntuak ematen dituzten hiru mugimendu daude: Yuko, Waza-ari eta Ippon direlakoak. Yuko batek puntu bateko balioa du eta aurkaria lurrera botatzen denean lortzen da, hura alboz erortzen bada; eta Waza-ari gisa puntuatzen da bizkarrez erabat jauzi gabe aurkaria proiektatzea, 10 puntu balio ditu. Azkenik, puntuaziorik gorenena Ippon izenekoa da. Aurkaria botatzea lortuz gero eskuratzen da Ippon-a, bizkarrez erortzen bada edo lurrean 20 segundoz immobilizatzen bada. Ippon bat lortuta, konbatea irabazi egiten da zuzenean; hortaz, judoken mugimendurik preziatuena da hau.Aipatu behar da judoa kirol olinpikoa dela eta jarraitzaile asko dituela. Bizkaian ohikoa da ikastetxeetan eskolaz kanpoko jarduera gisa ematea, baina klubek mugitzen dute jende gehien, hala nola Durango Judo Taldeak.Judo denboraldiak aurrera jarraitzen du eta oraindik ere badaude ekitaldiak eta entrenamenduak gozatzeko, betiere umiltasuna eta errespetua oinarri.