lazkao - Berrikuntzaz beteta dator aurtengo V. Goierri Rallysprint proba. Lazkaon, Zaldibian eta Gaintzan barrena jokatuko da lasterketa eta ohi bezala, euskal automobilismo egutegiko proba ofizialaren barnean kokatzen da. Gainera, beste urteetan bezala, helburu solidarioa izango du.

Motorra nagusi izango den asteburuari hasiera emateko prest daude Lazkaon eta gaur giroa jartzen joateko puzgarriak eta txaranga izango dira arratsaldean plazan eta baita taloak eta freskagarriak ere. Bihar, berriz, herrian bertan auto klasikoen erakusketa ere jarriko dute.

ibilbide berria Bihar, 13.30etan elkartuko dira 69 parte-hartzaileak CAF enpresako aparkalekuan eta 14.10ean hasiko da proba. Aurten, ordea, ez dute ohiko ibilbidea egin beharko. Hala azaldu du Iñigo Cuesta, Gipuzkoako Automobilismo Federazioko presidenteak: “Iaz irteera izan zen lekua izango da aurten lasterketaren amaiera, eta amaiera zen lekuan hasiko da proba. Beraz, lasterketaren noranzkoa aldatuko da aurten”. Aldaketa horrek berak zailtasuna “gehi-tzen” diola uste du Cuestak, eta antolakuntzak ere bat datoz horrekin: “Rallysprinten munduak ez da gustatzen beti leku berdinetatik ibiltzea, nahiago izaten da leku berriak probatzea”, dio Ibai Agirre antolatzaileak.

Azken lau urteetan ibilbidea bera izan da eta horrek gidatzerakoan eragina duela esan du Agirrek: “Jendeak bazekien nondik ibili behar zen. Aldaketa honekin gidariaren lana pixka bat zaildu egingo da eta bestalde, ikusleei ikuskizun handiagoa eskainiko diegu”. Horrela, 16,6 kilometro egin beharko dituzte gidariek, iaz baino 700 metro gehiago, Gaintzan hasita. Handik, Aranburutik bueltan, berriz ere Gaintzara igoko dira, handik Larraitz aldera, ondoren Zaldibia eta Arkaka ingurura eta handik gora eginez Ixurreneko bidetik Lartxai elkartera agertuko dira. Helmuga, Lazkaoko hilerrian izango da. Hiru itzuli egin beharko dituzte eta arratsaldean jakingo da zeintzuk diren irabazleak.

Lasterketak iazko filosofia bera jarraituko du eta lortutako etekinaren %100a Aspanogi elkarteari bideratuko zaio. Bittor Andonegik, Aspanogiko lehendakariak “eskertu” egin du lazkaotarren solidaritatea: “Iaz ere hemen ginen eta asko eskertzen dugu berriz ere gurekin akordatzea.