HERRI kirolen eskola arteko lehiaketa hamar urtez baino gehiagoz antolatu den arren, denboraldi berri bakoitzean are gehiago harritzen du kirol honek txikienengan sortzen duen zaletasuna. Ez dute Iñaki Perurenak bezala harri pisutsurik altxatzen, ezta Aitzol Atutxa aizkolariak bezala enborrik mozten ere; baina zakuak lepoan hartuta korrika egiten dute, eta indarrez tiraka aritzen dira sokatiran. Herri kirolak zaletasun dauzkate gazte hauek guztiek. Batzuk eskolaz kanpoko jarduera gisa aritzen dira eskoletan, eta beste batzuk gorputz heziketa irakasgaiaren baitan. “Bizkaiko ikastetxeetan sustapenlana egiten dugu urtero eta materiala lagatzen diegu. Urterik urte ikastetxe gehiagok egiten dute bat ekimenarekin, hortaz, ezin dugu gehiago eskatu”, azaldu du Mikel Inunziagak, lehiaketaren antolatzaileetako batek.
Zifrek argi islatzen dute arrakasta. 1.300 haur inguruk eman ohi dute izena benjamin eta kimuen kategorietan. Iaz kopurua pixka bat txikitu zen, baina aurten berriro ere egin du gora eta, beste behin, Bizkaiko frontoi eta kiroldegiak jendez lepo egongo dira, joan den igandean Etxebarriko pilotalekuan gertatu zen bezalaxe. Bilbo eta inguruko 400 gaztetxo bilduko dituen hiru jardunaldietatik lehenengoa izan zen Etxebarriko hura, eta beste bi izango dituzte: otsailean Deustun eta martxoan Artunduagan.
“Zalantzarik gabe, Bilbo inguruan dago talde kontzentraziorik handiena. Onarpen-maila handia izan du jarduera honek eta aurten talde berriak sortu dira, hala nola, Zorrozgoitiko Zazpi Landa Lorontxo, Santutxuko Aupada, hiriburu bizkaitarreko Cervantes ikastetxea eta Artunduagako atletismo eskola” azaldu du Mikelek. Bitxikeria gisa, azpimarratzekoa da ez dela lehendabiziko aldia atletismo eskola batek herri kirolen lehiaketan izena ematen duena, izan ere, Portugaletek zenbait urtez darama lehiaketa honetan parte hartzen.
Hasiberriekin batera, talderik beteranoetako aurpegi ezagunak ere izango dira, besteak beste: Dominicas, Arteagabeitia, Arangoiti, Zurbaran, Deustuko ikastola, Fatima, Goikolanda, Karmelo, Lauro ikastola, Santa Maria eta Hijas de la Cruz.
Mekanika aurreko urteetakoaren antzekoa izan zen, eta hala izango da datozen hitzorduetan ere. Kantxa lau gunetan zatituta egoten da: bat lokotxak probetarako, beste bat akulasterketarako, hirugarrena txingetarako eta azkena inguderako. Taldeak gune bakoitzean kokatuta egoten dira eta txandaka aritzen dira; batzuek proba bat egin bitartean, besteekatseden hartzen dute, eta, ondoren, rola aldatzen dute. Probak bukatutakoan, sokatiran aritzeko taldeak antolatzen dira. Ondoren, proba bakoitzean bi epaile arduratzen dira puntuazioa emateaz eta sailkapena osatzeaz. Jardunaldiaren amaieran izango dute parte-hartzaileek haren berri.
Honelako lehiaketa bat antolatzeak lan handia eskatzen du; taldeak osatzeko ez ezik, muntaketa eta desmuntaketa lanak egiteko ere bai. “Ordubete behar izaten dugu dena prestatzeko eta, horregatik, 10etan hasten gara lanean. Dena batzeko denbora laburragoa behar izaten dugu. Ondoren, probak egiten diren bitartean, monitoreen laguntza ere izaten dugu eta hori oso lagungarria izaten da”, kontatu digu Mikelek. Benjamin eta kadete kategoriez gainera, haurren kategoriako liga hasiko da martxoan; proiektu horrek zen bait urte darama dagoeneko eta kadete zein gazte mailako liga aurkezteko plataforma gisa balio izaten du. Aurten parte-hartze handiagoa izan da eta 18 taldek eman dute izena; baina txikien kategorietan ez bezala, ez da guneka banatzen. Beste proba batzuk egiten dituzte eta ekimena martxan jartzeak oso onarpen ona jaso zuen.
Datorren igandean hasiko da eskola arteko liga Durangaldeko taldeentzat, eta lehendabiziko jardunaldia Landako Gunean burutuko da, Durangon. Ondoren Zornotzan izango da hitzordua, eta Gernika-Lumon bukatuko da txanda. Uribe Kostakoek urtarril bukaerara arte itxaron beharko dute lehiari ekiteko. Datorren asteko igandean izango da, Trapagarango udal kiroldegian; ondoren Getxon eta Mungian bukatu.
Hiru eskualdeetako jardunaldiak bukatu ondoren, festa handia maiatzean helduko da, Bizkaiko Eskola Jokoen baitan. Urtero legez, ehunka neska-mutiko bilduko dira Diputazioak oraindik zehazteke duen leku batean. Ospakizuna bi egunetan burutuko da ziur asko, egun horretarakoizaten den izen-emate kopuru handiaren eraginez. Horrela, egun batean benjamin eta kimuen kategorietako taldeak bilduko dira, eta beste egun batean haur, kadete eta gazteen kategorietakoak.
Kirol honek izan duen bilakaera nabarmendu nahi du antolakuntzak, baita azken urteotan haurren artean izan duen gorakada ere. “Lehen ez zegoen ezer, eta orain badugu zerbait. Lortu dugu haurrek zaku-lasterketetan edo lokotxetan ondo pasatzea, eta poztasun-iturri da hori guretzako. Urtero etortzen dira talde berriak eta beste eskualde batzuetan ere zaletasun hau sendotzen saiatu nahi dugu. Etxebarrin ia 400 haur etorri zaizkigu. Zoroen kontua dirudi, baina giroa ezin hobea da”, azpimarratu du Mikelek. Bat, bi, hiru, herri... kirolak!!!