Txomin Arana: "Dakar Rallyan dudan lehen helburua itxura ona ematea da"
Dakar Rallya korrituko du urtarrilean Txomin Arana moto gidari ereñotarrak. Ilusioz baina arduraz ekin dio lehen aldiz beteko duen abentura zirraragarri honi, eta begi bistan izanik, helmugara helduz gero, motorren mailan amaitzen duen lehen euskalduna izango litzatekeela
Ereño. Munduko rallyrik handienaren %80 lasterketaren abiapuntura heldu orduko korritzen omen da, bertara heltzeko oztopoak handiak izaten direlako hasiberrien-tzat. Txomin Arana Gernika Off Road taldekoen babesean helduko da Hegoameriketako proba famatura, horregatik elkarrizketan Juanjo Bilbao idazkariaren azalpenak ere jasotzea nahi du 27 urteko gidariak.
Munduko rallyrik handiena korrituko duzu urtarrilean?
Bai, pozik nago, abentura handia delako eta off road mailan munduan dagoen probarik onena, baina ardura eta beldurra ere sentitzen ditut.
Zelan sartu zara erronka honetan?
Nik 2006tik hona enduro lasterketak korritzen ditut GOR taldearekin eta bertako presidenteak, Roman Mestraituak, galdetu zidan urtarrilean ea prest egongo nin-tzen joateko, eta baietz esan nion, bitan pentsatu barik.
Enduroan esperientzia duzu, baina orientazio probarik ez duzu inoiz korritu.
Egia esan, Dakar enduro proba bat da, baina ez dauka zerikusirik orain arte korritu izan dudanarekin: askoz etapa luzeagoak dira, orientazioa landu behar da? Egingo ditut ikastaro batzuk, eta urriaren 20tik 26ra bitartean, antzerako beste lasterketa bat korrituko dut Marocon, Merzouga rally izenekoa. Arinago ere, abuztuan, Gerard Farrés kataluniarrarekin joango gara inguru horretara, izan ere, hango leku zabalak eta markatu gabeko pistak Dakarren izango ditugunaren moduko sentsazioa ematen dute.
Zein izango da zure helburua Dakarrean?
Lehenengo eta behin, itxura ona ematea, eta gero, helmugara heltzea. Hori lortuz gero, motorretan amaitzen duen lehen euskalduna izango nintzateke. Hortik gora?
Zein motorrekin korrituko duzu?
Orain arte enduroak korritzen ibili izan naizen berberarekin, Gernika Off Road taldearena: Yamaha 450 cc, lau aldikoa. Dena dela, egokitu egin behar da Dakarrak dituen beharrizanetara: gasolinarentzako tanke handiagoa ipini, suspentsio gogorragoak, balazta handiagoak, nabigazio tresnak, eskapea ere desberdina da?
Dakarrerako 300 eskaera inguru egon omen dira motorren mailan eta aukeratutako 200 inguruen artean zu zaude.
Taldeko jendeak prestatu du dena: Romanek, Juanjok eta beste batzuek. Nani Roma edota Marc Coma bezalako jendearekin berba egin dute, hainbat Dakar korritu dituztenak, eta horretaz baliatuta prestatu zuten izen emate txostena. Dakar lasterketaren arazoa dirua izaten da beti; esaten dute lasterketaren %80 hasi aurretik lantzen dela, eta oinarrizko aurrekontua 60.000 eurokoa da. Antza denez, asmoa 100.000 eurora heltzea da, egitura indartzeko.
Gidariaren proiektua barik, talde baten egitasmoa dela esan daiteke.
Oinarrizkoena gidaria da beti, baina gidari batekin bakarrik ez duzu behar den moduko txostena prestatzen Dakarrera joan ahal izateko; ezezkoa jasoko duzu. Gidariaren gaitasunaren besteko balioa dauka inguruan izango duen azpiegiturak. Ez da abiadura lasterketa soil bat, iraupen proba da, eta etaparen amaieran gidariak ez badauka atseden hartzeko aukerarik, edo motorra prestatuko dion mekanikorik, ez dauka inolako aukerarik helmugara heltzeko.
Nor izango duzu laguntzaile Hegoamerikan?
Gidari batzuen artean karreran laguntzaile aritzeko enpresa bat kontratatu dugu. Eurek jartzen dituzte kamioi bi eta lau mekaniko zortzi gidarirentzako. Esperientzia dute Dakarretan, eta laguntza mekanikoa, lasterketako aholkuak edota lo egiteko azpiegitura ematen dute. Ez goaz oinarri-oinarrizko mailan ere.
Alde handia Cyril Despres bezalako gidariek duten taldearekin...
Baina nire lasterketa nire kontra da. Lan teknikorako ez nuke arazorik izan behar, enduroan aritu eta gero, baina psikologia aldetik ordu asko egin behar dira motor gainean: tarte kronometratua egin aurretik 300 bat kilometro egin behar dira bidetik, probak 700 kilometrokoak dira... Horixe landu behar dut, kontzentratuta joatea denbora luzean. Badakit egun txarrak izango ditudala baina aurre egin beharko diet.
Behin Dakar korrituta, ez zenuke nahiago Afrikan izan balitz?
Nahiago dut Hegoamerikan izatea. Lasterketa moduan gogorragoa dela esaten dute, teknikoki zailagoa, baina nabigazio aldetik Afrika zailagoa omen da: dunak eta leku zabalagoak direlako. Eta, gero hor daude ere beste ardura batzuk, arazo politikoak?