bilbao. Iñigo Gabiria elorriarrak 22 urte daramatza parapentearen munduan, eta Euskadi mailan modalitateko aitzindarietako bat da. Ipar Ligako, Euskadiko eta X-Pyreko txapelduna izandakoa da, besteak beste, eta orain, 43 urterekin, kirol honetako munduko frogarik latzenean parte hartzeko gonbita jaso du.

Zergatik egin zenuen gaztetik kirol praktika hain berezi honen alde?

Hegan egitea txikitatik izan da nire ametsa, eta parapentea hegan egiteko modurik errazena eta merkeena da. Gaztetan mendira joaten nintzenean nire buruari esaten nion zeinen polita litzatekeen bertatik hegan egiten jaistea. Hasiera batean paraxuta balitz bezala tontorretik behera iristeko egiten genuen hegan planeo txiki batekin, baina orain distantzia handitan planeatzea ahalbidetzen dute teknologia berriek.

Asko aldatu da, beraz, kirol honen praktika hasi zinenetik.

Bai, hasi ginenean ia pioneroak izan ginen. Orain aukera askoz gehiago daude, dena homologatuta dago eta modalitatea irakasten duten eskola pila bat ere bai. Parapenteak beti egiten du aurrera, gero eta seguruagoa da materiala eta trebakuntza askoz hobeagoa da ere.

Zer behar da parapentean hasteko?

Ez da gehiegi behar, eskola batean ikastaro bat egin behar da, oso sinplea, baina benetan zaila meteorologia kontrolatzea da. Hori urteak eta esperientziak soilik ematen dute.

Uztailaren 7tik aurrera frogarik gogorrenean hartuko duzu parte. Zein da zure helburu pertsonala Red Bull X-Alps-ean?

Munduko onenak doazela kontutan hartuta, bukatuz gero pozik egongo nintzateke, baina emaitza paregabea lehenengo hamarren artean sartzea litzateke.

Batez beste, urtero frogan parte hartzen duten atleten artetik heren batek ez du ibilbidea amaitzen.

Froga lehenengo parte-hartzailea helmugaratu eta 48 ordutara amai-tzen da, eta hor dago benetan koxka. Une hortatik aurrera bi egun ditugu betetzeko, eta bestela lasterketa ez bukatutzat ematen digute. Bi urtero egiten da froga, haren garrantziaren erakusgarri, eta azkeneko bi edizioak irabazi dituen Christian Maurer suitzarra ere bertan egongo da, beste zenbait kirolari apartekin batera. Ez da batere erraza izango, beraz, epearen barruan amaitzea.

Ibilbidea, zonaldea... ezagunak dituzu?

Ez, ez daukat abantaila hori. Irteeran egongo diren parte-hartzaileetako asko ingurukoak dira eta oso ondo ezagutzen dituzte Alpeak. Zonaldea ez da batere erraza, mendilerro bakoitzak bere berezitasunak dauzka, haizea, korrienteak, mikroklima... horiek ere ezezagunak ditut, eta nire talde teknikoaren laguntza ezinbestekoa izango du alor horretan.

Izan ere, Iñigo Arizaga eta Xabier Amorrorturen laguntza teknikoa izango duzu Alpeetan, erraza izan da hautaketa?

Argi daukat egokiak direla lasterketa hau egiteko. Xabier aditua da mendian, mendi gidari gaztea da, eta hark indarra eta ilusioa emango dizkit, oso pertsona aktiboa da eta. Xabierrek, bestalde, oso ongi ezagutzen du parapentearen mundua, Euskadiko txapelduna izan zen eta ezagutza tekniko oso zabala du. Uste dut hiruron artean taldea ondo osatuta joango dela, bakoitzak berea aportatuko du eta.

Zer da Red Bull X-Alps lasterketatik beldur gehiago ematen dizuna?

Alpeen kondizio gogorrak. Udan mendilerroak oso egoera zailean daude zeharkatzeko, haizeak ere ez du gehiegi lagun-tzen, eta zonaldearen ezagutza ezarekin batera hori da errespetu gehien ematen didana. Gainera altuera oso garaiean arituko gara, 4.000 metrotatik gora zenbait kasutan, eta bertako hotzarekin aurrera egin beharko dugu... halere gogoek pisu gehiago daukate.

Noizbait tankerako erronkaren batean aurkitu zara?

Dudarik ez daukat, nire bizitzako erronkarik latzena da. Niretzako Olinpiadetara joatea bezalakoa izango da eta bertan egotea bakarrik kristoren emaitza da, ohore handia. Behin lasterketan egingo dugunaren erruaren zati handi bat zoriak izango du.

Zein da zure entrenamendu errutina?

Kirol modalitate hau berezia da, mendi lasterketa eta parapentea nahasten ditu, eta beraz biak entrenatu behar dira. Ni parapentelaria izan naiz beti, baina orokorrean kirola ere betidanik gustuko izan dut. Ia egunero korrika egitera noa, menditik ibiltzera edota hegan egitera, azken hau eguraldiaren arabera betiere. Zortea daukat nire inguruarekin, normalean Elorrio inguruan entrenatzen naiz eta bertako pista guztiak aski ezagunak ditut.

Parapenteak eta mendiak utzi dizuten momentu oroigarrienarekin geratu.

Atzo bertan lagunekin egon nin-tzen hegan egiten, eta haiei komentatu nien. 22 urte daramatzat hegan egiten eta lehenengo eguna izango balitz bezala gozatzen dut. Harrigarria da tela eta soka batzuekin hegan egitea, txoriekin zerua zeharkatzea. Txori bat izango banintz bezala sentitzen naiz, eta lehenengo hegalaldian izan nuen sentsazio hori errepikatu egiten dut nire burua aireratzen dudan bakoitzean. Oroipen gogoangarri asko ditut eta zaila da batekin geratzea.