bilbao. Guardia itxia, giharrak tenk, kopeta makur, hauspoa luze eta itsaso bat begietan. Alberto García-Alixen albun ilun batetik ateratako pertsonaien profil bera du Kerman Lejarraga boxeolariak. Atzo, Marca egunkariak antolatzen duen Etorkizuneko Txapeldunak torneoan estreinatzekoa zen, Madrilen, baina borroka bertan behera gelditu zen udal lizentzien arazo bat medio.

Hogeita bat urte beteko ditu datorren asteartean, eta bi urteko entrenamenduen ostean onenekin lehiatzeko moduan ikusten du bere burua: "Ez diot beldurrik inori, gogorra naiz eta aurrera egiten dut beti. Hori da nire jokaera ring gainean", botatzen du harrokeria tantarik gabe, arbel baten ortzian eskegitako berba errepikakorrak bailiran. Berandu hasi zen borrokan, 17 urte zituela, eta azken bi urteak baliatu ditu dagoen lekura ailegatzeko: Euskadiko txapelduna da welter pisuan (64-69 kilo), duela aste bi II. All Star Bilbao saria eskuratu zuen, Estatu mailako Etorkizuneko Txapeldunak-erako hautatua izan da eta maiatzean profesional mailara egingo du jauzi.

Mampo Gim-en entrenatzen du egunero Morgako marrazoak, Txutxi Del Valleren batutapean. "Beti dago entrenatzeko prest, gogorra da eta zentratuta dago, baina torneo honetan ikusiko dugu noraino hel daitekeen Kerman, txapelketa honetan Estatuko neoprofesional onenak baitaude, gero Espainiako txapelketa jokatuko duten boxeolari berberak", dio entrenatzaile gazteak. Lejarragak ere badaki ondorengo hilabeteak oso garrantzitsuak direla: "Azken bi hilabeteak bereziak izan dira. Berariazko entrenamenduekin nabil buru-belarri, eta dieta berria daramat, zer jaten dudan ondo zainduz. Korrika ere egunero egiten dut, eta horrek asko laguntzen du gero ring gainean erritmo gogorrari eusteko. Orain sei-zazpi asalto egiteko moduan nago, eta lehen ez neukan hauspo hori", dio lehorreko marrazoak.

Sei orduko entrenamendua bete-tzen du Lejarragak egunero. Goizeko 6:30ean ateratzen da mendira, korrika egitera. Ez omen dio ezeri beldurrik, baina iluntasunari errespetu galanta dio bizkaitarrak. "Bai, txikitatik izan diot beldurra iluntasunari, ez dakit oso ondo zergatik. Beraz, korrika egiten dudanean saiatzen naiz leku argitsuetatik joaten. Gero, eguerdi partean, pare bat ordu egiten ditut gimnasioan, eta arratsaldean beste hiru ordu. Badakit sakrifizio handiak egin behar direla boxeoan, baina ni horretarako prest nago, boxeoak asko lagundu dit nire bizitza zuzentzeko eta bide honetatik jarraitu nahi nuke aurrerantzean", azaltzen du Lejarragak.

Distantzia motzean borrokatzen du Morgako marrazoak, eta arerioek bere haginkadari diote beldur: "Jotzailea naiz, bai, baina baditut hobetu beharreko kontuak, esaterako, eskiba. Kolpe asko jasotzen ditut oraindik, larregi, beti aurrera egiteak hori dakarrelako, arrisku handia. Eta gero distantzia luzean boxeatzen ere ikasi behar dut, profesionaletan egiteko ondo etorriko zaidalako, arriskutsuegia baita maila horretan beti distantzia motzean borroka-tzea". Eta legezko kolpeak gutxi ez balira, bestelakoak ere suertatzen dira maiz: "Bai, All Starreko finalean, esaterako, burukoa eman zidan arerioak, eta masailezurrean ere bai, ukondoarekin. Kontuz ibili behar da hurbilegi zaudenean, eta horregatik erdi distantzian boxeatzen ere ikasi behar dut. Kontziente naiz horretaz".

Lau borrokaldi egingo ditu Marca egunkariak antolatutako torneoan, eta gero profesional mailara pasatuko da. Bilboko La Casillan egingo du bere lehen borroka handia, eta jada horretan pentsatzen ari da: "Itzela da, bai, mementu horrekin egin dut amets aspaldian, eta nire ingurukoen animoak jasotzen ari naiz. Ama (Isabel), osaba Bittor eta izeko Ines atzetik ditut animatzen hasiera hasieratik, eta Bilboko koadrilakoak ere beti daude animoak ematen. Pozik nago, sasoi betean, eta orain egiten ez badut, noiz?". Eta begiratzen duenean begi ninietan duen itsasoan galerna txiki bat pizten da.