Hiru urte dira Arrain hezur bat eztarrian (Elkar, 2023) lehen ipuin liburua eman zuenetik, eta lehenengoaren ildo beretik ondu du Etxe arrotz hau (Susa, 2026) ipuin bilduma Olatz Mitxelena (Oiartzun, Gipuzkoa, 1989) idazle eta filosofoak. Etxea eta arrotza kontzeptuek biltzen dute liburuaren haria, hamar ipuin laburrez osatua dago, eta intimoak izan daitezkeen giroak ageri dira bereziki. Liburua idazteko hasierako fasean, tarte batean, Getariako Udalak antola-tzen dituen idazleentzako astebeteko sormen egonaldia baliatu zuen: “Mugarri bat izan zen” 

Aurreko argitalpenaren bide beretik, ipuin bilduma bat da zure bigarren liburua ere. Zure estiloa ipuingintzan egonkortzen ari zarela esango zenuke? 

Lehendabiziko liburuaren aurretik ordurako ere zerbait idazten baldin banuen ipuin forman izaten zen, eta lehendabiziko liburuaren ostean ipuinak idazten jarraitzeko gogoa gelditu zitzaidan. Ikasi egin nuelako, baina ikasten jarraitzeko gogoa ere banuelako, ipuinen arkitektura gehiago aztertzeko gogoa. Hala atera zait eta gustura gelditu naiz, irakurle aldetik ipuin zalea ere banaiz.

‘Etxe arrotz hau’ izenburuak iradoki bezala etxe mota ezberdinak dira protagonista nagusiak. Zergatik aukeratu dituzu etxeak? 

Lehendabiziko ipuin liburuan ere neurri batean agertu ziren edo inguratu nintzen etxeetara, protagonista edo pertsonaien etxeetara, eta gogoa geratu zitzaidan protagonismo edo espazio gehiago emateko. Etxeak, azkenean, ai-tzakia bat dira, pertsonaien edo gizakion arteko harremanetan arreta jartzeko aukera ematen zidan, eta hari bat bilatu nahian fokua hor jarri nahi nuen: gertuko, etxeko, giro intimo horietan arakatu nahi nuen, norberarenak eta pertsonaien artekoak.

"Etxeak, azkenean, aitzakia bat dira, pertsonaien edo gizakion arteko harremanetan arreta jartzeko”

Olatz Mitxelena - ‘Etxe arrotz hau’ liburua

Zehazki, zertan arakatzea egiten zitzaizun interesgarri? 

Egunerokotasuneko egoera intimoak, harremanei loturikoak interesatzen zitzaizkidan. Izenburuak jasotzen duen bezala, etxeekin batera arroztasunaren kontzeptua edo sentsazioa lotu nahi izan dut. Alegia, alde batetik bai gertuko egoerak, egunerokoan bizi ditzakegunak, esku eskura ditugunak, baina aldi berean eta justu horregatik nola batzuetan deseroso egiten zaizkigun. Nola horietan arrotz senti-tzen garen. Deserosotasun horiek irakurlearengan mugiarazi nahi nituen. 

Deserosotasun horiek irakurlearengan mugiaraziz emozioak transmititzea zenuen helburu? 

Idazterakoan, errazago ateratzen zait emozioen partea, narratzaileei ahotsa eta indarra jartzea, eta ez hainbeste, adibidez, gertaeren kate bat. Ez dakit zeren eragina den, irakurle bezala ere gustatzen zait ipuin bat irakurri eta ezberdin uztea edo emozio karga bat alde batetik bestera mugitzea. Ipuin hauetan ere horretan ahalegindu naiz. 

Hain zuzen ere, garrantzia handia dute narra-tzaileek, ipuin bakoitzeko ahots gidariek. Narrazioaren tonuak, begiradak, ahotsaren formak pisua du bereziki?  

Gertaerak haina garrantzitsua iruditzen zait nola kontatzen den. Arreta handia ematen dit eta saiatzen naiz jartzen gauzak nola konta-tzen diren. Horregatik, narratzaileak ia ipuin guztietan 1.pertsonan ageri dira eta protagonistak dira. Atera egin zait, gogoa izan dut ere pertsonaia horien ahotsa jartzekoa ipuin bakoitzak begirada edo kontatzeko modu bat izan zezan.

“Irrazionaltasunari leku gehiago egin izan dioten filosofo edo pentsalariek erakartzen naute”

Olatz Mitxelena - ‘Etxe arrotz hau’ liburua

Ipuin laburrak dira denak. Trama handirik gabeak. Batzuetan kontatutakoaren ostean letorke istorioa. Apropos eginda dago? 

Ipuinek badute halako lausotasun bat. Gauza batzuk gertatzen dira, baina gertatzen diren horiek denak ez da gertatzen den guztia, suma-tzen da beste gauza batzuk ere gertatzen ari direla zeharka. Ipuinak laburrak dira bai, baina esango nuke badutela bizitasun puntu bat. Izan daiteke ezezagun baten etxe barrura leiho txiki batetik begira jartzea bezala, errealitatearen puska bat ikusten da. Iruditzen zait horrelako zerbait dagoela ipuin hauetan.

Ikasketaz filosofoa zara. Filosofiak ze pisu du idazten dituzun ipuinetan?

Badu. Bada ideia, sentipen multzo edo gogo bat. Filosofian mugimendu edo korronte ba-tzuetan jo izan da gizakia arrazionalki azaltzera, eta gizakiak egiten dituen gauzak denak arrazoimenaren mugetan sailkatzera, beste batzuek, aldiz, irrazionaltasunari leku gehiago egin izan diote eta erakartzen naute halako filosofo edo pentsalariek. Alde horretatik, iruditzen zait ipuinetara ekartzen dudala ulertu ezin den horri lekua ematea. Ipuinak idazteko eta literatura egiteko kezka nagusiak badira kezka filosofikoak, existentzialak, bizitzari lotutakoak. Buruan ibiltzen ditudan gai eta auzi nagusiak sozialak baino bizitzari buruzkoak dira. Literatura niretzako bizitzari buruz hitz egiteko leku bat da, alde horretatik badu filosofiako ibilbideak karga edo zerikusia. 

Liburu honetako galdera filosofiko nagusia litzateke etxean egotea zer den. 

Hala da. Guretzat etxea zer den, noiz sentitzen garen etxean eta noiz ez. Gauzen argilunak baita ere, gauzak ez dira ez zuri ez beltz. Etxean egotea zer den pentsatuz akaso lehendabiziko kolpean babesa, goxotasuna, leku atsegina datorkigu, baina, justu interesatzen zait azpimarratzea babesa sentitzen dugun leku horretan ere maiz arantzak ditugula edo goxoa izan daiteken leku horretan ere ez gaudela beti goxo. Gauzak zuri beltzean edo argilunean jartzeko gogoa izan dut.