Síguenos en redes sociales:

Soinutopia

Musika etengabeko scrollaren tartean

Sare sozialaren zarataren barruan gure arreta merezi duten zenbait kontu

Musika etengabeko scrollaren tartean

Instagramek edozer gauzatarako diseinatua dirudi, musika entzuteko izan ezik. Sareari esker biralizatu diren artista batzuez aparte, scroll infinituaren logikak segundo gutxiko estimulu txiki bihurtu ditu diskoak, abestiak eta eszena osoak: reel bihurtutako riff bat, estetika gisa birziklatutako portada bat eta pantailan ia egun batez soilik bizirik dirauten nobedade andana etengabea. Musika, ia dena sare sozialetan bezala, algoritmoaren, edukia sortzeko antsietatearen eta arreta erakartzeko etengabeko beharraren artean harrapatuta bizi da. Artistak aurkitzeko moduak berak ere abiadurak gero eta gehiago baldintzatzen duela dirudi: hamabost segundoz funtzionatzeko pentsatutako abestiak, etengabeko jaurtiketak eta profilak, askotan irudia edo edukiaren metaketa lehenesten dutenak, entzumenarekiko benetako harremana baino.

Musikaz hitz egiteko modua ere aldatu egin da. Urteetan zehar, musika gomendioa irratietatik, aldizkarietatik, blogetatik, disko dendetatik edo lagunen arteko elkarrizketetatik igaro zen; espazio horietan jakin mina, testuingurua eta irizpidea garatzeko denbora zegoen oraindik. Gaur egun, truke horren zati handi bat berehalakotasuna saritzen duten plataformen barruan gertatzen da, eta arreta luzarorako ahalegin oro zigortzen dute. Hala ere, hainbesteko azelerazioaren artean, Instagram beste modu batera erabiltzen duten kontuak bizirik diraute. Fitxategi, irrati inprobisatu, fanzine digital txiki edo musika induskatzeko espazio bezala darabiltzen profilak. Diskoak gomendatzen dituenak, benetan partekatu nahi dituztelako eta ez marka pertsonal bat elika-tzeko grinarekin. Hobeto entzuten irakasten duten kontuak, eszenak testuinguruan kokatzen dituztenak edo, besterik gabe, jakinmina kutsa-tzen dutenak. Jarraian datozenak dira horietako batzuk, xumeki gomendatuak.

How Songs Were Made

How Songs Were Made profilak abesti mitikoak desmuntatzen ditu estudioan nola grabatu, ekoitzi edo konposatu ziren azaltzeko. Bere bertute handia da xehetasun teknikoak eta prozesu sortzaile konplexuak eduki oso ulergarri bihur-tzea, gai ezagunak beste belarri ba-tzuekin entzunaraziz. Abesti mitikoen atzean dauden prozesu eta lana ezagutu nahi duenarentzat oso egokia. Bitxikeriak eta esamesak ere lepo! 

Machi7k

Machi7k musika ohiko zirkuituetatik kanpo deskubritzeko ezinbesteko kontu horietako bat bihurtu da. Egunero, herrialde eta eszena exotikoetako aurkikuntzak partekatzen ditu (cumbia psikodelikotik hasi eta funk afrikar edo pop asiarrera arte), jakin min eta irizpide handiz betiere. Gainera, irratsaio propioa estreinatu berri du NTS Radio irrati britainiarrean, online irrati musikalaren munduko erreferente handienetako batean.

Machi7k

Haria

Kontu zaindu honek artista musikalak eta ez musikalak azter-tzen ditu borrokaren eta jarrera kritikoaren ikuspegitik. Letrak, argazkiak, postak, elkarrizketak eta keinu publikoak aztertzen ditu, figura bakoitzaren irakurketa kritikoak eraikitzeko, alderdi estetiko edo musikaletik harago. Instagram barruko kultura ikerketarako artxibo gisa funtzionatzen du kontuak. Gainera, arduradunek lehen 100 postak liburu batean bildu nahi dituzte, laster argia ikusiko ahal duen liburu batean.

Women of Noise

Women of Noise historikoki ikuspegi maskulinoetatik kontatutako errealitate musikal bat zabaltzeko lanean ari da. Noiseko eszenetan eta musika ez hegemonikoetan zentratzen da, eta nazioarteko kontua da erabat, hainbat herrialdetako artistak, proiektuak eta eszenak lotzen dituena, proposamen erradikalak, esperimentalak eta normalean fokutik kanpokoak ikusaraziz. Sortzaileen sare global baten artxibo eta erakusleiho gisa funtzionatzen du, gero bookerrek eszenan neskarik ez dagoela esan dezaten.

Jazz is dead

Jazz Is Dead nazioarteko kultur proiektu bihurtutako jazz garaikideko kluba da. Bere Instagrameko gauzarik onena argitaratzen dituzten jazz bideo historikoak dira, beti testuinguruan kokatuta, musikariak, eszenak eta une giltzarriak azalduz. Klip bakoitza historia musikal eskuragarriko ikasgai txiki bihurtzen dute. John Coltrane edo Miles Davies baino jazz gehiago jakin nahi baduzu, jarri pilak kontu honekin!

Worth It taldearen afixa.

Sutxart

Sutxartena (Nerearen izen artistikoa) beste planeta batekoa da. Tokiko taldeen kontzertuen argazki harrigarriak egiteaz gain, diseinu grafikorako gustu aparta eta estilo guztiz garaikide eta ezaguna du. Post bakoitzean, kontzertuaren argazkiak igotzeaz gain, collageak egiten ditu material original benetan liluragarriarekin. Inprimatzeko eta etxeko egongelan zintzilikatzeko gogoa ematen du.

Gee Derrick

Gee Derrickena “crate digging” (binilo merkeak bilatzea) kontua izatetik ekoizle eta musikari ospetsuekin elkarrizketak egiteko gune izatera igaro da, Thundercat baxularia kasu, beti turntable aurrean, hitz egiten duten bitartean musika pintxatuz. Formatu horrek erritmo paregabea ematen dio, zuzeneko elkarrizketa eta musika aukeraketa nahastuz, ezagutza handiarekin eta DJaren flowarekin.

Somewhere Soul

Somewhere Soul munduko musika eta sustrai beltzen nobedadeekin egunean egoteko konturik onenetakoa da. Post bakoitzean duela gutxiko hiruzpalau disko gomendatzen ditu, betiere hileko jaurtiketak, souletik eta jazzetik elektronika leunera edo soinu globaletara doan irizpide bikainarekin. Gaur egungo musika ezagutzeko gida etengabea eta fidagarria.