Síguenos en redes sociales:

Telesaila

Laguntasunetik lehiara

Ekainaren 4an estreinatu da ‘Tamara ta Mara’, bi aktoreren arteko lehian oinarritutako komedia. Ainhoa Etxebarria eta Ainhoa Artetxe dira protagonistak

Laguntasunetik lehiaraKOLDO OLABARRI

Ekainaren 4tik ikusgai dago 'Tamara ta Mara' telesaila Primeranen. Ane Rotaetxek zuzendu du, eta Ainhoa Etxebarria eta Ainhoa Artetxe ditu protagonista. Gidoia Larraitz Zuazok sortu du, protagonistek eta Antton Telleriak lagunduta.

20 minutuko lau kapituluz osatuta dago Formatu txikiak, talentu berria deialdiaren barruan egindako telesail hau. Komedia honetan, bi aktoreen arteko lehia ezagutuko dugu, izenak dioen bezala, Tamara (Ainhoa Etxebarria) eta Mara (Ainhoa Artetxe) dira.

Nor da nor?

Tamara Makusiko izarra da, eta Lili izeneko saioa egiten du. Denboraldi ugari eta gero, umeen artean arrakasta itzela lortu du. Kontua da egiten duen paper horretatik bere burua askatu nahi duela: “Bere egoera pertsonala ez da erraza ekonomikoki. Bere familia-egoera ez da egokiena, eta Lili egunen batean bukatuko denez, Tamarak beste bide bat hasteko beharra ikusten du”, azaldu du Ainhoa Etxebarriak.

Ane Rotaetxek zuzendu du telesaila.

Aktore izatetik bizi ahal izateko, Tamarak aukera bikaina aurkituko du Kirmen Uriberen testu batean oinarritutako pelikula bat egiteko castingean. Castingera aurkeztuko da, berarentzat aukera handia delako. Pelikula horretan Marak jada paper bat izango du, eta castingean bertan egongo da, laguntza eskatu diotelako bere kidea izango dena aukeratzeko. Tamara eta Mara aspalditik ezagutzen dira, baina ikusi ziren azken aldian haien arteko harremana ez zen ondo bukatu. “Biak bere karrerako puntu ezberdin batean egongo dira eta momentu horretan topatuko dira, eta iraganean gertatutakoa berpiztuko du”, dio Artetxek. 

Bere pertsonaiak, Marak, bi urte eman ditu lan egin gabe iraganean egindako aldarrikapen politiko batengatik. Komedia izateak ez die mugatu aktoreen munduan ematen diren hainbat problematika lan-tzeko, besteak beste, politikoki iritzi publiko bat izateak ekarri ahal dizkizun ondorioak. Mara Tamarak papera lor ez dezan saiatuko da. Arazoa da castingeko bere kideei asko gustatuko zaiela Tamara. 

Etxebarria eta Artetxerekin batera, beste hainbat aktore ikusiko ditugu, besteak beste, Miren Gaztañaga, Maria Urcelay, Lander Otaola eta Koldo Olabarri. Artetxek ere kapitulu bateko eszena bat zuzendu du, ETBko festako eszena: “Nire karreran egin dudan gauzarik zailenetakoa izan da”. Bertan hainbat aurpegi ezagun ikusiko ditugu, besteak beste, Xabier Madariaga, Ana Goitia eta Dani Álvarez.

Muturretan mugituz

Artetxeren hitzetan, telesailean erabiltzen den tonua da gehien gustatu zaiona. Dibertigarria izateaz gain, tonua “ez da hain naturalista”. Pertsonaia guztiak muturrera eraman dituzte, horrela proposatu baitzuen Ane Rotaetxe zuzendariak. “Antzezterakoan beste kodigo batean sartu behar ginen, non energia gehiago gehitzen genuen, clown ukitu batzuk emanda”. 

Etxebarria eta Artetxe antzerkian eskarmentu handiko aktoreak dira. Etxebarriak dio telesailetan edo pelikuletan leunagoak izan behar direla aktorearen mugimenduak, baina, kasu honetan ez da horrela izan: “Komedia bat da, baina ez da komedia normala, oso muturrekoa da. Oso biziak diren pertsonaiak ikusiko ditugu. Oso antzerkikoak dira, ikus-entzunezkoen kodea jarraitzen dute; baina, aldi berean, oso muturrekoak dira”.

Atal gutxiko telesaila da; eta kapituluak, gainera, laburrak dira. “Pertsonaiaren eskema osatu behar duzu, eta 20 minutu denbora gutxi da. Tamara agertzen denean, pertsonaiaren hainbat alde ikusiko ditugu denbora murritzean, eta aktoreak oso argi izan behar du pertsonaiaren eskema osoa”, dio Etxebarriak. 10 egunetan grabatu dute, aurrekontuaren beharrengatik. Bi aktoreen esanetan, askotan hartualdi bakar batean grabatu behar izan dute, eta horretarako oso lagungarria izan da lagun artean egotea. 

Artetxek “burugabe” bezala definitu du umorea, eta hartutako arriskuaz hausnartu du: “Egongo da jendea barre egingo ez duena, baina oso erraz ikusten da telesaila, eta tonua oso dibertigarria da. Antzezterako modua ere oso zoroa izan da, eta irudia kolorez beterikoa da. Nik ez dut horrelakorik ikusi hemen, eta uste dut berritzailea izan ahal dela, euskarazko komedia zoro bat”. 

Ainhoa Etxebarria eta Ainhoa Artetxe aspaldiko lagunak dira, eta telesailak aukera eman die berriz laguntasun hori praktikan jartzeko. Artetxek esplikatu du proiektua aspaldikoa dela. Biak bizilagunak ziren, eta pandemia garaian bideo komikoak grabatu eta sareetara igotzen hasi ziren. Ane Rotaetxek eta Larraitz Zuazok ikusi egin zituzten eta ideia horretatik jaio zen bi aktoreei buruzko telesaila. “Plazera da Ainhoarekin lan egitea, eta erraza izan da elkarrekin lan egitea, konfiantzak asko lagundu du”, dio Artetxek. Etxebarriak dio hainbeste konfiantza izateak aktore guztiekin aukera ematen dizula gehiago disfrutatzeko: “Askatasunez egin dugu lan, galdetzen genion bata besteari ia keinuren batek oztopatzen zuen bestearen pertsonaia, adibidez. Lan bat eginda dagoenean, kasu honetan, konfiantzaren atala, gehiago jolastu ahal duzu”.