Síguenos en redes sociales:

AntzerkiaAITZOL IRAOLADantzaria eta aktorez

“Gorputzaren beharretatik mugitzen naiz; inprobisaziotik, inpultsoetatik egiten dut lan asko”

Dantzaren eta antzerkiaren arteko hibridotasunean sentitzen da erosoen Iraola, eta bi lengoaia horien arteko tartea bilatu nahian dabil

“Gorputzaren beharretatik mugitzen naiz; inprobisaziotik, inpultsoetatik egiten dut lan asko”ZIRRIBORRO PROIEKTUA

Berriz, aktorea. Horrek barne gatazka sortu arren une batean, egun argi du zein den bidea Aitzol Iraolak (Sopela, Bizkaia, 2002): “Ohartu naiz aberatsa dela bietako hainbeste osagai eduki-tzea gorputz bakarrean”. Hala, hori gogoan izanik, hainbat konpainiatan aritu da lanean, eta Zirriborro izeneko proiektu propioa ere abian du: Hustu izan zen lehen arrakala, eta martxan da bigarrena: Desir.  

Txikitatik izan duzu bidelagun antzerkia.

Ez nago ziur nola heldu zen, baina beti izan da bide bakarra. 6-7 urterekin hasi nintzen, eta hamar bat urtez an-tzerkia egin ondoren, batxilergo eszenikoa ikasi nuen eta, ostean, arte dramatikoak, Dantzertin. Tartean, 15 urte ingururekin, dantzan hasi nintzen, eta batik bat garaikidean gelditu nintzen. Lanaren parte handi bat, berriz, kale antzerkian izan da, baina Dantzaz dantza konpainian ere, esate baterako, aritu naiz bi urtez. 

Aitzol iraola

Sorkuntza propioak ere egin dituzu Zirriborro proiektuan.  

GRAL Gradu Amaierako Lanean du horrek oinarria. Banekien dantzaren eta arte dramatikoen arteko tartea ikertzeko probestu nahi nuela aukera hori, ea nola eraman daiteken fisikotasun bat antzeztera, eta horrela sortu zen Zirriborro. Sarritan esaten dut nire lanek badutela dantza edo koreografia moduko bat kanpotik irakur daitekeena, baina ez dena pertsona edo interpretearen asmoa. Hor dago, bada, ziur ez nagoen tarteko puntu hori. 

Bada, ordea, ziurragoa den puntu bat: gorputzaren beharretatik aritzen zarela, ezta? 

Bai, eta hala dago sortua Zirriborro ere, gorputzaren behar batetik; hortik mugitzen naiz, eta asko egiten dut lan inprobisaziotik, inpultsoetatik. Dantzaren eta antzerkiaren arteko hibrido horretan sentitzen naiz erosoen. 

"Dantzaren eta antzerkiaren arteko hibrido horretan sentitzen naiz erosoen”

Aitzol Iraola . Dantzaria eta aktorea

Eszenak egia eskatzen duela ere esana duzu, gorputzak dakarren egia hori ez traizionatzea. 

Eta horrek asko du antzerkitik. Dan-tzan, adibidez, askotan goaz teknikara, forma batera eta irudietara, eta apur bat falta izaten da ni hori erakustea, non dagoen Aitzol edo antzeztua den pertsonaia momentu horretan, ea zein diren haien beharrak. Kale antzerkitik nator, eta hor momentuan gertatzen dena gertatuko da. Horrenbestez, bai: uste dut eszenak egun, eta geroz eta gehiago, egia eskatzen duela, eta ez hainbeste jartzen ditugun maskara, pertsonaia eta teknikoa horien atzean geratzea.  

Kale antzerkia; zure etxea, zure betiko oholtza? 

Nire benetako eskola: dena dago bizirik, dena da aurrera jarraitzea. 

Egun, ba al zabiltza konpainiaren batean? 

Dantzaz konpainiarekin martxoan izan nuen azken emanaldia, eta Donostiako Ados Teatroa taldearekin hasi nintzen ondoren, ja bukatu dudan arren. Hortzmuga Teatroarekin ere urtero aritzen naiz, lan puntualak izan arren. Horrez gain, momentu honetan, Bilboko Pabellon 6 espazioan lantzean dabiltzan ekoizpen batean dihardut, eta Marie de Jongh konpainiarekin hasiko naiz maiatzean, kale antzerkian eta maskarekin. Nire proiektu pertsonalarekin ere banabil. 

"Kale antzerkia da nire benetako eskola: dena dago bizirik, dena da aurrera jarraitzea”

Aitzol Iraola . Dantzaria eta aktorea

‘Desir’? 

Zirriborrorekin ateratako lehendabiziko lan ofiziala Hustu izan zen. Bidaia espezifiko bat egiten dut sorkuntza horretan, eta leku askotan aurkezteko aukera izan dut, baina proba edo jolas moduko bat izan da. Produkzio ofizialagoa izango da, printzipioz, Desir. Berriro ere bakarka arituko naiz eszenan, baina bidea egiterako orduan asko sinesten dut lan kolektiboan; hala, jende asko izango dut inguruan. Karrikanen –Euskal Herriko kaleko arteen plataforma– Zubiak deialdiko proiektu hautatuetako bat izan da, gainera, eta horrek, laguntza ekonomikoa emateaz gain, egonaldi artistikoak egitea eta hamar emanaldi inguru itxita izatea ahalbideratuko dit datozen hilabeteetan, lanak mugitzea ez baita erraza izaten egun. 2027ko maiatzean aurkeztuko dut Leioako Umore Azokan. 

Martxan al zabiltza? 

Baditut gauzak idatzita, badut inspirazioa, eta denbora luzez darabilkit ideia buruan, baina oraindik ez naiz modu praktiko batean hasi sorkun-tzarekin. Apirilaren 29an joango naiz Xixonera, hor egingo baitut lehendabiziko egonaldi ofiziala, astebetekoa. 

Baduzu zeregina, horrenbestez. 

Bai, eta baditut pozik egoteko arrazoiak. Egia da gauzak ez direla zerutik jausten, eta egin dudala lan nire aldetik. Ikasketak egin bitartean konpainia ezberdinetan aritu naiz lanean, eta amaitu ondoren ere proiektu hauek guztiak egon dira. Kanpotik begiratzen dut sarritan, eta honako hau esaten diot nire buruari: “Aitzol, dezente duzu, ezin zara kexatu”. Orduan, gozatzen saiatzen nabil, egunerokoan hor egoten, lupa egunez egunekoan jartzen, hala ezean, burua joan egiten baita.