Síguenos en redes sociales:

MusikaJurgi ErizaMisikaria

Jurgi Ekiza: “Argitzala diskoarean kantu guztiak dira Jurgiren egiazko parte bat”

Sentsazioak eta sentimenduak gailentzen dira Jurgi Ekiza musikariak argitaratu berri duen ‘Argitzala’ bakarkako bigarren diskoan. Hainbat estilo uztartuz, “lauki batean sartzeko” zaila den disko bat eskaini nahi izan du lapurtarrak. Aurkezpen biran murgilduta dabil

Jurgi Ekiza: “Argitzala diskoarean kantu guztiak dira Jurgiren egiazko parte bat”Markel Fernández

Lehen diskotik hamar urte igaro direnean, Jurgi Ekiza (Baiona, 1980) musikariak bakarkako bigarren lana argitaratu du: Argitzala. Willis Drummond taldearen etenaldi mugagabea aprobetxatu du Ekizak, isolamenduan zein autonomia osoan, bere bigarren lan luzea prestatzeko. Artista ilunaren etiketa apurtu nahian, sentitzen duguna asumitzeko nahiz aldarrikatzeko deialdi bat egin nahi izan du 11 abestiz osaturiko Argitzala diskoan. Musika, hitzak, musika tresna guztiak, grabaketa, nahasketa eta masterizazioa egiteaz Ekiza bera arduratu da. Datozen asteotan, bi hilabetez, Euskal Herriko hainbat herri eta txokotan bakarrik igoko da oholtzara disko berria aurkezteko kontzertu intimo eta akustikoak eskaintzera. 

‘Argitzala’ du izena zure bakarkako bigarren lanak. Argitik edo itzaletik, zer du gehiago?

Badirudi, besteek esaten dutenez, argi gehiago daramala. Batez ere, nire lehenbiziko diskoarekin konparatuz; izan ere, oso iluna zen hura. Argitzala-k baditu gauza ilunak, baina badaude ere gauza argiagoak, eta orokorrean esango nuke argiak ematen diola.

Duela 10 urte argitaratu zenuen lehenbiziko lana. Harekin alderatuta, zer deskubrituko du entzuleak bakarkako bigarrengo disko honetan?

Hitzen aldetik, adibidez, saiatu naiz letra batzuk aski baikorrak izaten; hots, kantu alaiak sortzen aritu naiz lehen aldiz, ez bainaiz aurrez sekula ausartu. Beti egin izan ditut kantu tristeak, lasaiak, edo haserrera eramaten dutenak. Horrez gain, sonoritateari dagokionez, diskoan doinu eta musika tresna oso ezberdinak sartu ditut, konplexurik gabe: ukelelea, sintetizadoreak, autotunea.... ez da estilo bakar batean sartzen den diskoa, lehen erdia, esaterako, aski akustikoa eta neurri batean originala da. Kantu berrienak eta esperimentalagoak daude bertan. Beraz, badira sorpresa ba-tzuk ezagutzen nautenentzat; hala ere, inor ez izutzeko, diskoaren bigarren partean, badaude orain arte egin izan ditudan proiektuetatik hurbilago dauden kantuak. Orotara, 37 minutuz, 11 kantu aurki daitezke.

Ekiza, Bilboko Kafe Antzokian ‘Argitzala’ diskoa aurkezten.

Letrei dagokienean, nolatan erabaki duzu itzaletik argirako pausua ematea?

Musikari ibilbide osoan musika erabili izan dut naizena adierazteko, ez dut pertsonaiarik edo disko kontzeptualik sortzen: sentitzen dudanaren inguruan sortzen ditut kantak. Hortaz, disko hau baikorragoa bada, suposatzen dut erran nahi duela nire bizi-tzan orokorrean baikorragoa naizela; edo, ez dakit, agian, gauza asko lasaitu dira nire baitan eta beste harreman bat ikasi dut izaten alde ilunekin. Agian, urte gehiegi igaro ditut artista madarikatu irudiaren inguruan. Finean, ohartzen naiz sortzaileok, pertsona guztiek bezala, momentu onak zein tristeak ditugula.

Barne emozioak, sentimenduen arteko loturak, gailentzen dira ‘Argitzala’ diskoaren kantuetako letretan. 

Hala da, baina ez nuke esango hori egin nahi nuenik, hori sentitu dut. Ez nuen aurretik pentsatu emozioei buruzko diskoa egingo nuela. Gerora, diskoa osatzeko sorturiko kantuak batzean, ohartu nintzen gai hauek asko agertzen zirela, eta iruditzen zait gai oso inportantea dela sentimenduekiko dugun harremana. Batzuetan gai arin eta indibidualista bezala lantzen dugu. Orain arte nire baitan barneratua egon izan naiz, eta urteekin ikasi dut hortik ateratzen. Nire barnean zein kanpoan dagoenarekin konektatzen. Horrez gain, gero eta polarizatuagoa den gizarte batean bizi gara, eta sare sozialen garai hauetan gauzen alde edo kontra posizionatzera, muturreko iritziak sortzera behartuak ikusten gara. Alta, irudi-tzen zait mundua ez dela horrela, eta azpimarratu beharra dago. Horregatik, kantu bat baino gehiagotan momentua bizitzeko beharra islatzen da, eta nola hori lortzean une alaiak eta baikorrak bizitzen ditugun. Halako egoerak bizitu ditut sorkuntza prozesuan eta saiatu naiz idazten senti-tzen nuenari buruz.

"Musika erabili izan dut naizena adierazteko, ez dut pertsonaiarik edota disko kontzeptualik sortzen"

Jurgi Eriza . Musikaria

Laukiek osatzen dute Sarah Labonne artistak egindako diskoaren azala. Era berean, lan honekin adierazi izan duzu ez zarela “lauki batean sartua sentitzen”

Willis Drummond taldearekin ala bakarlari bezala, ez naiz sekula lauki batean sartua sentitu, eszena zehatz batean, bi kakotxen artean sartzen den musika estilo batean, estetika bakar batean… Betidanik zabaldu eta asumitu dut diskurtso hori: musika tresna bat zela, nintzena eta naizena adierazteko, eta ez estilo ariketa bat. Orduan, musikatik at, pertsona bezala ere ez badut sekulan lortu “lauki” bateko sentitzea, ala “lauki” batean eroso sentitzea, normala iruditzen zait nire musika holakoa izatea ere. 

Diskoaren izen bereko Argitzala kantuan egiten diozu horri erreferentzia.

Argitzala kantuan salatu nahi nuen mundu honetan beti laukietan sar-tzeko beharra dagoela eta hori oso zaila da norbere burua ez denean ikusten lauki horietan. Askotan, arazoa da nahiago dugula laukietan sar-tzea pixka bat erosoago sentitzeko, baina laukietatik kanpoko jendea onartzen bada gehienetan ez da arazorik sortzen. Argitzala kantuaren letra idazten hasi nintzenean ohartu nintzen ni neu ere ez nintzela eroso sentitzen exijitzen diren kategorietan. Hortik erabaki nuen disko honetan sartzea musika batzuk ez direnak bakarrik ilunak edo bakarrik alaiak, kantu guztiak dira Jurgiren egiazko parte bat, eta horregatik merezi dute disko horretan egotea.

Jurgi Ekizak bakarka abiatu du biran, Bilbon hasita

‘Long Play’ biniloarentzat pentsatua den formatua aukeratu duzu lana argitaratzeko. Modan dago biniloa?

Betidanik gustatu izan zait asko biniloaren soinua, iruditzen zait baduela zerbait zinez berezia kantuak erreproduzitzeko. Horrez gain, azken urteotan ematen ari den CD salmentaren jaitsierarekin biniloa merkatura itzuli da; halaber, diskoaren ekoizpen guztia nik egindakoa da eta horrek aukera eman dit binilora egokitzeko. Biniloak orokorrean aukera gehiago uzten baitu. Objektu bezala ere hainbat aukera eskaintzen ditu, arte objektuak dira.

Hamarkada baten ostean, isolamenduan eta autonomiarekin sortu duzu disko hau. Nola sentitu zara sorkun-tza prozesuan zehar?

Hastapeneko fasean oso gustura egon naiz, erabaki bainuen denbora batez nahi nuen guztia sortzea, filtrorik gabe. Sortze prozesu hori asko gozatu nuen. Baina, une batetik aurrera lanketa serioagoari eta ekoizpenari ekin nion, plazer handia hartzen nuen, baina azken bertsioak erabakitzerakoan presioa asko igo zen eta ez zen hain xamurra izan. Halaber, bakardadea ere momentu batean gogorra bilakatu da. Azken fasean musikalki pozik nintzen sortutakoarekin, baina dena amaitzea estresagarria izan da.

"Aurkezpen bira zerbait oso biluzia izango da. Ez da akustiko hutsean izango baina aski hurbil egongo da"

Jurgi Eriza . Musikaria

Izan ere, Euskal Herriaz gain, Polinesian ere gauzatu duzu sorkuntza prozesua.

2020.urtean Willis Drummond taldearekin kontzertu bira bat egin genuen Japonia, Australia eta Polinesian zehar eta orduan ezagutu nuen toki hura, sekula ez nuena pentsatuko bisitatuko nuenik. Ordutik, arrazoi ezberdinengatik, behin baino gehiagotan joan naiz gerora, eta joan den urtean denbora luzez bertan egoteko aukera izan nuen. Nahita nahiez, inkontzienteki, sartzen da Polinesia disko honetan, baina era berean interesgarria egiten zitzaidan sorkuntza prozesuaren parte bat Euskal Herritik kanpo egitea. Atseden pixka bat hartzeaz gain, Euskal Herrian ditugun bizimolde eta erritmoekin oso zaila delako kontzentratzea lan osoak sortzerakoan. Zortea izan dut alde horretatik, nahi dudan denbora guztia izan baitut nire kantuetan zentra-tzeko. Luxu handia izan da.

Hamar urteren ostean, oholtzara bakarlari gisa igotzera zoaz. Gogoz zaude?

Bai eta ez. Duela hamar urte bakarkako bidea hasi nuenean askapen moduko bat izan zen niretzat, lehen aldiz bakarrik aritzeko aukera nuelako. Bakarka oholtzara igotzea plazera da, publikoarekin sortzen den konexioa eta horrek dakarren jendaurrean biluztea oso potentea baita. Oraingo honetan baina, disko aurkezpenaren lehen fasean oholtzara bakarrik igoko banaiz ere gogo handia dut beste musikari batzuekin aritzeko. Faltan botatzen dut, eta epe laburrean hori dut buruan. Are gehiago, etorkizunean bakarlari bidean jarraitzeko asmoa dudan arren, ez dakit beste lanik argitaratuko dudan, baina nahi nuke etor daitezkeen kantu berrien sormen prozesua beste norbaitekin konpartitu.

ARGITZALA EH TOUR

Irailaren 18 eta urriaren 28a artean, Euskal Herrian zehar 20 kontzertu baino gehiago eskainiko ditu Jurgi Ekizak ARGITZALA diskoaren aurkezpen biran.

  • Bihar. Larun. Larungo kaiola.
  • Urriak 2. Ugao. Dorretxea.
  • Urriak 3. Orexa. Ostatua.
  • Urriak 9. Abadiño. Amaraun arte fabrika.
  • Urriak 10. Segura. Botikaxaharra.
  • Urriak 11. Larzabale. Ezpelletenia.
  • Urriak 12. Tolosa. Bonberenea.

Data gehiago: ekiza.com webgunean edota sare sozialetan @jurgi_ekiza.

Aurkezpen bira egiteko areto intimo eta txikiak hautatu dituzu. Zer aurkituko du Jurgi Ekizaren lan berriaz gozatzera doan zaleak?

Zerbait oso biluzia izango da. Ez da akustiko hutsean izango baina aski hurbil egongo da. Bakarrik izango naiz oholtza gainean gitarra pare bat eta pedal batzuekin. Ideia zerbait oso sinplea egitea da, teknikoki zein materialaren aldetik. Hain zuzen, aukera izateko leku txikietan jotzeko. Bizpahiru kontzertu handiren ordez, nahiago nuen disko hau zenbait kontzertu txikiren bitartez aurkeztu jendearengatik gertu sentitzeko. Hasierako biraren ostean ikusiko da 2026.urtean formatu honetan edo beste batean jarraituko dudan.