Azaroren 28an ireki zituen ateak Sonia Ruedak ondutako Hitzen bila erakusketak. Martxoaren 23ra arte dago bisitatzeko aukera Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Hitz politak liburuarekin hasi zuen Ruedak bide hau, eta erakusketa prestatu bezain pronto, Hitz polit gehiago liburua argitaratu zuen. 

Lan honetan Ruedak paisaia bat eskaintzen dio ikusleari, eta goitik beherako esperientzia bat: hodeitatik sustraietara doana, eraikinetatik igarota. Bere euskara ikasteko prozesutik Hitz politak liburua sortu zuen artistak lehenago, eta ondoren heldu zen Hitzen bila sorkuntza. Bertan, hitzek irudi forma hartzen dute. Otsailaren 12an Miren Agur Meaberekin antolatu du topaketa museoan bertan eta bi kideak sortutako paisaiaz solastuko dira.

‘Hitz politak’, ‘Hitz polit gehiago’ eta orain, ‘Hitzen bila’. Zelan hasi zen bide hau?

Dena hasi zen liburu batekin, Hitz politak, pandemia eta gero. Nik ez nekien liburu bat izango zenik, ni etengabe ari naiz euskara ikasten, eta behin irakasleak “eskuzabala” hitza erabili zuen. Oso hitz polita iruditu zitzaidan, eta hori margoztu nuen. Hitz bat izan beharrean, poema bat iruditu zitzaidan. Liburuaren bigarren edizioan Miren Agur Meaberen fabula bat sartu nuen, eta bigarren liburuan bere hiru testu. Hortik atera ziren hainbat erakusketa, nik imajinatu gabe. Liburu horren inguruko erakusketak egin ditut, adibidez Hitz politen soinuak eta seinuak, Bilbon. Euskal Herria Museoko zuzendari berriak erakusketa ikusi zuen eta eskatu zidan proiektu berri bat sortzeko museorako. Bigarren liburutik pertsonalena atera nuen erakusketa egiteko.

Eta hasieratik, bide honek helmugahauek zituen?

Ez. Nik pentsatu nuen liburu bat izango zela eta ez zuela zerikusirik izango nire ibilbide artistikoarekin. Erakusketak egin gabe urte asko egon naiz, eta hau izan da artearen mundura bueltatzeko sustraia.

Zer aurki dezake ikusleak ‘Hitzen bila’erakusketan?

Nire asmoa da ikusleak nire hitzez eta irudiez osatutako paisaian sartzea. Museoak paretak margotzenutzi dit, eta nik eszenatoki batzuk sortu ditut. Ganbaran dago erakusketa eta sartzen zarenean, Hodeiak, Eraikinak eta Sustraiak eszenatokiak aurkituko ditu ikusleak, eta bertan jarri ditut nire marrazkiak eta argazkiak, unibertso horiei erantzuten diotenak. Hodeiak eszenatokian hasten da bidea, Eraikinak eszenatokia erdialdean dago, eta erakusketa Sustraiak eszenatokian amaitzen da, emozionalenean. 

Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan dago ikusgai Ruedaren erakusketa. Jose Mari Martinez

Hitzei garrantzia eman diozu, baina hitz horiekin doazen sentimenduek ere lekua daukate, ezta? Dolua, etorkizuna…

Bai. Horregatik niretzat hitz politak dira, baina aldi berean nire bizitzaren eguneroko bidaia moduko bat dira hitz horiek. Nola dolutik abiatu eta etorkizuneko begirada batera bidaiatu dezakegu. Proiektu honetatik gehien gustatzen zaidana da ni oso traketsa naizela hitzekin; eta, hortaz, hizkuntza hain aberatsa dela sentitzea oso polita izan da.

Hitzak sortzen du irudia, edo, iruditik abiatuta, gogora ekarri dituzu zenbait hitz?

Hau sortu zen modua dela eta, nik beti bilatu ditut irudiak hitzentzako. Justu nire ibilbidearen kontrakoa izan da. Momentu honetan galdera hau oso polita iruditzen zait. Otsailaren 12an topaketa bat daukagu Miren Agur Meabek eta biok, eta horri bueltak ematen gabiltza. Horri Hitzetik irudira, iruditik hitzeradeitu diogu, gutxienez ideiari, orain bai bihurtu dela zerbait ezberdina… disziplina aniztasuna asko gusta-tzen zait, eta betidanik jarri dut praktikan, asko ikasten dudalako horrela musikari edo idazketari buruz. Disziplinak nahastea oso aberasgarria da niretzat, eta nahasketa honetan, Miren Agurri eta niri iruditu zi-tzaigun hitzetatik sortu direla nire irudiak; baina, era berean, nire irudietatik Miren Agur Meaberen hi-tzak ere sortu dira. Momentu honetan sinbiosi horretan gaude lanean.

Jose Mari Martinez

Miren Agur Meaberen poemak daude, eta poema horiek zuri iradoki dizuten irudiekin osatu dituzu. 

Miren Agur Meabe eta biok kontaktuan geunden, eta lehenengo liburuaren bigarren edizioan ausartu nintzen kolaborazio bat eskatzen. Bigarren liburuan nik oso argi neukan paisaia hau osatu nahi nuela, eta berak gomendioak eman zizkidan. Horrela sortu zen paisaia bere testuarekin egituratzearen ideia. Nire ustez Miren Agurrek lortzen du sentimendu unibertsalen gakoarekin ematea, eta oso argia eta aldi berean oso poetikoa da. Modu polita iruditu zitzaidan ikusleak paisaia horretan murgiltzeko. Hiru testu daude, bat eszenatoki bakoitzerako, eta hiru autoerretratu sortu ditut, erakusketan hiru eszenatokiei begira daudenak. Nire helburua da erakusketara sartzen zarenean, nire sentsazio pertsonaletan, oso unibertsalak ere badirenak, ikusleak murgildu ahal izatea. 

Ezinbestean, Sonia, zure obran presente egon den autobiografia, honetan ere aurkituko dugu, ezta?

Bai, nik beti nire irudia erabili dut, modu oso ezberdinetan. Bigarren liburu hau autobiografikoa zela erakutsi nahi nuenez, autoerretratuak marraztea ideia ona iruditu zitzaidan. Autoerretratuek eszenatokiekin eta Miren Agur Meaberen testuekin zerikusia dute.