JUAN Luis Larraza Lakunza, Etxarri Aranatzen jaioa, bere ikasketak Lazkaoko beneditarrekin burutu zituen. Gerora, bizitzako zenbait pasartetan aritu ondoren, 1977ko maiatzaren 2an, Nafarroako Ikastolen Elkartea sortzea eta gidatzea tokatu zitzaion. 1991n utzi bazuen ere zeregin hura, irakaskuntzarekin jarraitu zuen Zangozako Ikastolan irakasle eta zuzendaritza zereginetan.

Ibilbide horretan, garaiko egunkari eta komunikabideetan argitaratutako idazlanei erantsi behar zaizkie, gaiarekin zerikusia izan duten lanak; hala nola, Euskararen arnas estua irakaskintzan, Zangoza Ikastola 1978/2003, eta berriki Bidea Eginez. Azken horretan, Nafarroako Ikastolen ibilbide osoa eta zehatza kontatzen da.

Bere azken lanak Bernoa du izena, eta horren bitartez, irakurleak XIV. mendera salto egin ahal izango du; hain justu, idazleak garai horretan Etxarri Aranatz herriaren sorreran eman ziren urratsak nolakoak izan ote zitezkeen azaltzen baitu. Liburuan jasotzen dituen istorio guztiak Etxarri Aranatzen gertatzen badira ere, kontakizuna irekia da; hau da, eleberri bat da eta ez dago Etxarrira mugatuta.

Juan Luis Larrazaren kultur gomendioak:

Abesti bat: Oi ama Euskal Herria edota Benito Lertxundiren edozein; gure gaztaroa markatu zuen musika eta abeslariek bete zuten militantziazko garai eder eta ahaztezin haiek...

Musika talde bat: Ez dok Amairu taldeaz aparte, Heganen musikak alaitu zituen gure gazte denborako herriko festak, eta, orokorrean, gazte garaiak.

Liburu bat: Haurtzaroan, Txomin Agirreren Garoa eta Kresala; gerora, Bernardo Atxaga, Lourdes Oñederra edo Iker Uriberen bat. 

Idazle bat: Gaur egun oso emana nagoenez nobela historikora, Begoña Pro Uriarteren guztiak ditut oso gogoko: uste dut nafar historiak merezi duela egun duena baino aipamen handiagoa.

Idazteko toki bat: Gure etxeko gela. Probatu ditut beste leku batzuk, Etxarri, Liburutegi publikoa, Zangoza... Baina, azkenean, mamia etxeko bulegoko txokoan sortzen dut.

Antzezlan bat:  Hilabeteak dira ez dudala antzerki bat ikusten, baina azkena Lehendakariaren gaia izan zen, Iruñeko antzerki eskolan.

Film edo telesail bat: Itsututa naute Goazen eta Irabazi arte telesailek: uste dut gazteei zuzendutako telesail hauen mezuak ongi jasotzen direla eta umorez lortuak daudela.

Kultur espazio bat:  Iruñeko Laba bezalako eginahalak beharrezkoak dira; alde batetik, euskaldun hiztunon leku gisa izateak on egiten duelako, eta, batez ere, gazte jendea dagoelako bertan ardurak hartuz.