Bere historia kontatzen ez duen herria ez dela existi-tzen, eta egun herri honen historia kontatzeko eta memoria gordetzeko tresnak eraiki-tzea beharrezkoa dela iritzita, euskaratik eta Euskal Herriko sorkuntzari bultzada eta plaza emateko asmoz, Geuretik Sortuak beka sortu zuen 2021. urtean Udalbiltzak.

Erakundeko egungo presidente Haritz Alberdik azaldu duenez, hizkuntzaren aferari ekarpen garrantzitsua egiteko anbizioz hasi zen proiektua, sortzen ziren lanak euskarazkoak izanik, hizkuntza zabaltzeko eta Euskal Herriari eredu propio bat eskaintzeko.

Alberdik dioenez, Geuretik Sortuak ekimena hiru oinarritan altxatzen da. Batetik, euskal komunitatearen hizkuntza, euskara, dago; bigarrenik, bertako sortzaileak lirateke pilare garrantzitsuenetakoa, eta hirugarrenik, herriak eta udalak. “Hiru horietan oinarritutako egitasmo bat da”. Hala, bigarren edizioaren emaitza aurkeztu berri dute.

2023-2024an, hain zuzen, 22 sortzailek eta 39 udalerrik hartu dute parte egitasmoan, eta euskal kulturarekin zerikusia duten lau diziplina landu dira: literatura, antzerkia, zinema eta komikia.

2023an zehar, sortzaileek egonaldiak egin zituzten egokitutako herrian, eta bertan garatu zuten haien lana. Egonaldi haiei esker, literaturari dagokionez, Hamarreko bitxia argitalpena ondu du Udalbiltzak. Lehendakariaren hitzetan, euskal kultur sorkuntzari begira, ikaragarrizko altxorra da argitalpena eta, era berean, Euskal Herriarentzat ikaragarrizko aukera da sortzaile horien lana halako bilduma batean jaso-tzea.

“Balorazioa oso positiboa da”. Liburuak, hain zuzen, hamar idazleren lanak biltzen ditu, bakoitzak egokitu zaion herrian edo herri multzoan sortu eta landutakoak.

Alberdiren esanetan, profil ezberdinetako sor-tzaileek osatu dute argitalpena: “bakoitzak beretik kontatu du istorio bat, eta hamarrek egindako ekarpena oso aberatsa izan da”. Jon Abrilek Odolustu kontakizuna sortu zuen Atharra-tzen; Ainhoa Urienek Mapa ez da lurraldea Nafarroako Goi Erriberan; Maite Aizpuruak Esnatze basa Araitzen, Larraunen eta Betelun; Idoia Etxeberriak Bai, koanto! Ataunen eta Zaldibian; Edorta Jimenezek Alkolean Mutrikun; Maitane Perezek Piztiak esnatzen direnean Muxikan, Ajangizen eta Errigoitin; Saioa Alkaizak Arrazoiak Berriatuan; Lutxo Egiak Lisboako lausoa Seguran; Maddi Arocenak Gollebarren erroak luze Ziortza-Bolibarren, eta Gaizka Sarasolak Desagertzen Larrabetzun. Hamarreko bitxian, estilo eta kontaera oso desberdinetan sorturiko hamar istorio biltzen dira, baina, era berean, Euskal Herriko hainbat txokotako kontakizunak elkarlotzen dira lan bakar batean.

Gainontzeko esparruetan, komikigintzan, esaterako, Hona Bostekoa komiki-bilduma sortu da, antzerkigintzan, Eukalyptus, Olagarrua eta Eraitsi S.L., eta zinemagintzan, Lau Elementuak filma.

Sortzaileen bizipenetatik

Udalbiltzak bekaren oinarriak plazaratzen ditu, eta sortzaile ezberdinek proposamenak aurkezten dituzte. Ostean, bekan parte hartzeko prestutasuna agertu duten herriak atxikitzen zaizkie eta egokitutako herrian sortu behar izaten dute. “Sortzaileek herrian lurreratu behar izaten dute, eta herri horretatik jaso dutenaren inguruko sorkuntza eraiki”, azaldu du Alberdik.

Herri bakoitzeko kontakizun ezberdinei erreparatu, arakatu eta herritarrekin harreman-tzen dira beraien lana sortzeko. Hain zuzen, egitasmoaren indargune nagusietakoa da sortzaileak herrietara hurbiltzea, herriekin eta herritarrekin harremanetan egotea. “Sortzen den harreman hori garrantzitsua da, herri horietako kontakizuna eta memoria bat sor-tzen delako, guk gutaz eta gurea den hizkuntzan kontatzearen garrantzia dago funtsean”, dio.

Sortzaileak bat datoz Udalbiltzak beraiek gustukoa duten hori plazaratzeko aukera paregabea eskaini diela diotenean. Ainhoa Urien Telletxe idazleak adierazi duenez, egun ez da erraza beka duinak aurkitzea. “Beken mundua oso zitala da eta Udalbiltzarena bada bai arreta aldetik, zein ekonomikoki eta bereziki hedapena bermatzeari dagokionean”.

Lagun baten gomendioei jarraika eman zuen izena deialdian eta ber proposamena onartuta Goi Erriberako bost herritan egokitu zi-tzaion egonaldia egitea: Mendabia, Lodosa, Sartaguda, Andosilla eta Sesman ibili zen. “Adiera zabalean, mugaren inguruko proiektu bat nuen buruan, eta proiektu hori gauzatzeko aukera on bat iruditu zitzaidan”. Lurraldearen muga eta euskararen zonifikazioen muga aurkitu zituen bertan, gerora ipuinaren zehar lerro izango zirenak.

Esperientzia oso ona izan dela nabarmendu du: “Oso gustura egon nintzen, Euskal Herriko beste errealitate bat ezagutzeko aukera izan nuen. Euskal Herriari beste toki batetik begiratzeko, beste jende bat ezagutu eta beste paisaia batean egoteko. Niretzat oso urruti zegoena. Halaber, bertakoek muga kontzeptua oso presente dute”. Hamarreko Bitxia argitalpenaren barnean Mapa ez da lurraldea du izenburua bere kontakizunak. Azaldu duenez, Euskal Herriko hegemonian euskararekiko militantzia modaz pasata dagoen honetan, bertan oso militanteak dira euskararen aldeko aldarrietan eta borroketan eta zuzenean bizi ahal izateak modu pertsonalean aukera eman dio euskaren aldeko borroka eta atxikimendua berraktibatzeko.

Egonaldiak iraun zituen hiru aste pasatxotan informazio asko bildu zuen, eta bereziki sentsazioak jasotzeko ikerketa lan bat egin nahi izan zuen. Argi zituen esan nahi zituen zenbait kontu eta etxera iristean horietatik abiatuta ekin zion idazketari. Era berean, idazterakoan bertakoengan pentsatuz ekoitzi zuela aitortu du. “Beraiekin elkarlan bat sustatzeko gogoa nuen, beraienganako gertutasun bat sentitu eta hori irakurleari transmitituz nolabaiteko itzulketa bat egin nahi izan diet”.

Paisaia aldaketa izan zen hasieratik Urieni arreta deitu zion gauzetako bat, eta aldaketa horrek dakartzan gainerako aldaketei eta horrek dituen eraginei erreparatu zien egonaldian zehar: “Lurraldearekin dugun harremanak bizimoduan eta egunerokotasunean asko baldintzatzen du eta Goi Erriberan oso agerikoa da hori, identitate bat markatzerakoan zein mugaz bestaldekoekin harremantzean”. Bestalde, egunerokoan gertu ez ditugun espazioak idealizatu eta exotizatzeak errealitatetik urruntzen gaituela uste du Urienek, distantziak ahantzarazi egiten digula espazio horretan bizia dagoela. Neurri batean hori gertatu zitzaion berari ere Goi Erriberarekin, horregatik ipuinean harreman bat sartzeko hautua egin zuen. “Toki horietan ere jendea egunerokotasunean bizi dela azpimarratu nahi nuen, halaber, niretzat ere berresteko modu bat izan zelako”. Hizkuntzaren aferan, bestalde, paisaia oso sakabanatua izateak eta zonifikazioaren muga bertan egoteak eragin zuzena daukala azaldu du eta ipuinari izenburua horri loturik jarri ziola. Hain zuzen, “Mapa ez da lurraldea mapa bat barnebiltzen duen lurralde horretan egunerokotasunean behar batzuk daudelako hori uzten ez dutenak. Ez du balio Euskal Herriko mapa soilik folklore egunetan aldarrikatzeak, lurraldearen konposizioak hizkuntzan eragiten duenean. Mapa bera konpartitzen duten lurralde baten distantziak handitzen dira”.

Zirkuitu nazionala eta hirugarrena Udalbiltzaren beka honek bi helburu nagusi ditu: batetik, Euskal Herritik sortutako istorioak susta-tzea, eta bestetik, Euskal Herriko ahalik eta txoko gehienetara helaraztea. Hain zuzen, edizio bakoitza bi urtetan zehar garatzen da, lehen urtean sortzaileek egokitutako herrian herri horretako eragile eta herritarrekin harremanetan egon ostean kontakizuna sortzen dute eta lanak kaleratu ostean egitasmoaren bigarren fasea abiatzen da.

Martxan da dagoeneko sorturiko argitalpena ezagutzera emateko zirkuitu nazionala, lanak geografikoki Euskal Herriko txoko ezberdinetara eramateko. Azpimarra berezi egiten diete hedapenari, hori horrela, literatura-aurkezpenak, komiki-aurkezpenak, zinema-emanaldiak eta solasaldiak, antzerki-emanaldiak eta komiki-erakusketa arituko dira aurten, urrira bitarte, herriz herri biran. Ekitaldien agenda osatua ikusgai dago dagoeneko Udalbiltzako webguneko agenda atalean.

Era berean, egitasmoaren hirugarren edizioa martxan dago. Alberdik adierazi duenez egitasmo indartsua da badagoelako zer eta nork kontatua Euskal Herrian. “Oso sortzaile onak daude, eta lekua egin behar zaie”. Halaber, euskaraz, euskaratik, euskal sortzaileen bitartez Euskal kulturak beharrezko duen zerbait dela uste du. Horretarako, baina, Udalbiltzaren egitasmoak egin bezala, babesa, plazak eta laguntza eskaintzea beharrezkoa dela nabarmendu du erakunde antolatzaileko lehendakariak. Urienek gaineratu du Udalbiltzaren adibidea hartu beharko luketela beste erakunde publiko batzuek: “Udalbiltzak demostratu du posible dela beka duin bat sortzea”.

Hamar sortzaileek bakoitzak berak esateko eta ikertzeko zuen gogoa izan dute pizgarri egitasmoan. Hala, gainontzeko sortzaileen gisara, bere istorioarekin Udalbiltzaren egitasmoari osotasun bat ematea gustatuko litzaiokeela adierazi du Urienek. “Euskal Herriko zonalde erabat ezberdinetako bizipen, pertsonaia, esperientzia eta harremantzeak hurbildu eta aldi berean mapa bat osa-tzea izan da guztion ekarpena”. Hala, beka beretik sortu diren erantzun ugariak dira hamar istorioak, bakoi-tzak erantzun hori bere erara eta interes askotatik eman bait. Mapa bakarra zein hamar mapa osatuz. Ipuin kolektiboan dagoen istorio bakoi-tzak baduelako bere zeresana.