Okalarre. Bera. Igantzi. Kokaleku hauen bidez istorio berriak ezagutzeko aukera izan dut. Eraikin bakoi-tzaren atzean lurralde-komunitate-herri batean dauden kontakizun, historia ez ofizial, istorio eta pertsonak ezkutatzen dira. Orrialdeko eraikin hauek, egungo testuingurua hobe-tzeko eta etorriko denari aurre egiteko helburuarekin eraiki dira. Tokiko arkitektura bernakular eguneratu eta interesgarria jorratzen dute Mugara estudioko gazteek. Hau da, lurralde bati lotzen zaizkion ezaugarrietan oinarrituz eraikitzen dute, ongi egin denari jarraipena emanez.
Bisitatutako hiru eraikinek lurraldearekin duten atxikimendua agerian uzten dute, jada dagoen arkitekturari kasu eginez, berau errespetatuz eta gaur eguneko beharrak asetzeko borondatea erakutsiz. Ezkutuan dauden gauzak deskubritzea interesatzen zaio estudioari, eta Bortziriak bailaran kokatzeak horretarako parada ematen dio. Arkitektoaren posizioa kontrabandistena bezala ulertzen dute, beraien kasuan iraganaren eta etorkizunaren arteko mugan. Posizio pribilegiatu horretatik iragana, paisaia, jakintza, herriaren ezagutza eta abarrak lapurtu eta beraien proiektuetara eramaten dituzte.
Kontrabandisten ibilbideari jarraiki, lehen geldialdia Ibardinetik gertu egin dugu, “mugatik” gertu dagoen borda bisitatzeko asmoz. Oinez egiten dugun gerturaketak eraikinaren eta inguruko historia ezagutzeko aukera ematen digu. Lehen begiradan ardientzako borda sinple baten aurrean egon gaitezkela eman dezake, baina sinpletasun hori ariketa konplexu baten emaitza da. Teilatuaren eraikuntza eta erretena, esaterako, horren adibide dira. Hasieratik eraikinak diseinatzerakoan 1:1 eskala oso presente dute, eta xehetasunak horrenbeste zaintzean kalitatea bermatzen dute eraikinetan. Lehenik zegoen borda baten eraberritze honetan esku-hartze bat planteatzen dute, bere zigilu propioa utziz xehetasun ezberdinetan eta kalitatezko arkitektura bat jorratuz. Funtsezko materialak erabiltzen dira: harria, egurra eta hormigoia. Nahiz eta inguruko harriak erabili, zaharren eta berrien artean oreka estetiko neurtu bat dago. Mimoz eraikia den funtsezko arkitektura baten adibidea.
Bigarren geldialdia Berako erdigunetik gertu kokatzen den Telletxeko Bordan egin dugu. Orain arte beste proiektuetan ikasitako jakintza eta soluzioak oso txukun erabiltzen dituzte, eta modu oso logiko batean, gainera. Nahiz eta baldintza-ezaugarri konplexuak aurkitu, hartu diren soluzioak tamaina berekoak izan dira eta emaitza ona lortzeko bidean dago eraikina. Kasu honetan ere material tradizionalak erabili dituzte, bakoi-tzaren ezaugarriak muturreraino eramanez eta eraikitzeko orduan beharrezkoak diren elementuak soilik erabiliz. Esan daiteke erabilitako soluzio sinpleek elementu berezietan bilaka-tzeko bertutea dutela.
Eraikin originalari hormigoizko luzapen bat ezartzen zaio. Indar estetiko handia edukitzeaz gain, egonkortasuna ematen dio eraikinari. Barne espazioen konfigurazioa eta kanpo harremanak asko zaindu dira, eta luxuzko espazioak edukiko dituzte. Begi bistan da berezitasun ezberdinak dituela borda berrituak eta teilatu-hegal falta da azpimarratzeko modukoa. Baliabide sotil eta propio honek lurraldearekiko duen atxikimenduaz asko esaten du. Haize leku batean kokatuta egoteak eta lehenago zegoen arkitekturari kasu egiteak teilatu-hegal gabe eraikitzera eraman dute.
Baserri zahar baten eraberritzetik haratago doa. Proiektuaren nondik norakoak eta hartu-emana ezagu-tzean nabari daitake obra honekin bezeroek zein arkitektoak zerbait berezia eramango dutela beraiekin. Proiektuak elkarrekin gauzatzeak eta eztabaidatzeak hartzen diren erabakien zergatia ulertzera eta adostera eraman dituzte. Irakaspen honek erakusten digu pedagogia arkitektonikoa landu daitekeela.
Ezkutuan eta loratze bidean, proiektu interesgarriak dituzte esku artean. Orain arte aipatutako ezaugarriei jarraipena emateaz gain, Mugararen ibilbidean mugarri izango diren eraikinak dira. Igantzin kokatzen den obra bisitatu ostean baieztapen hori berresten dut. Hasierako obra fasean egon arren, zinez erakargarria iruditu zait eraikinaren planteamendu espaziala, konstruktiboa eta programaren konfigurazioa. Denborak emango dit arrazoia, baina uste dut kalitatezko beste urrats bat ematen ari direla.
Mugararen arkitekturek egungo arauak zalantzan jartzen dituzte eta gehiago tenkatzeko potentzialtasuna dute. Joseba Sarrionandiak dio literatura hizkuntz baten arauak apurtu eta hauetatik libratzeko tresna bat dela. Beratik literatura arkitektonikoa egiten dute, arrakal berriak zabalduz eta etorriko diren berriei lekua egiteko testuingurua sortuz. Lehenalditik etorkizunera, gure lurraldeari lotutako arkitektura eraikitzen. Gure Glenn Murcutt-ak.