Gauzak aldatu dira baina, era berean, ez dira batere aldatu niretzat. Orain arte bide seinaleei begira jarri eta denbora luzez kontzentratu egin behar nintzen banan-banan hizki bakoitzaren soinua zein izan zitekeen jakite aldera. Halako lan zailean lagungarri gisa, bizikletaren heldulekuan eskuz eginiko txuleta bat daukat, alfabeto grekoko hizkiekin. Hitz motzak irakurtzeko gai izatera iritsi naiz, eta pozik naiz nire lorpenarekin. Herrialdez aldatu dut orain eta horrekin batera baita alfabetoa ere. Agur alfabeto grekoa, kaixo alfabeto zirilikoa. Berriz ere ezjakinaren hasierako puntura.

Bulgarian egin dudan lehen atsedenean, bizikleta albo batean utzi eta txuleta berria idazteari ekin diot. ‘C’ hizkia ‘s’ bada, ‘o’ hizkiak berdin jarraitzen badu, eta beste zera arraro hori ‘f’ bada, София hitza Sofia izan daiteke, hortaz, norabide egokian noa. Bizikletaz poliki banoa ere, ni baino motelago doazen laborariei aurreratu egiten diet eta txuletari begiradatxo bat bota ostean, kaixo, mila esker eta agur esaten diet. Eurak irribarretsu erantzuten didate astoz tiraturiko auto gurpilak dituzten gurdietatik.

Struma ibaian gora noa tirriki-tarraka, lan eta lan dabiltzan nekazariak tabako hostoak lehortzeko nola zin-tzilikatzen dituzten eta piper gorriak sutan nola erretzen dituzten ikusten. Halako usain gozoarekin tripazorriak dantzan jarri zaizkit, baina benetan dantzan jartzen nautenak zakurrak dira. Hori da hori txirrinduarekin duten obsesioa. Niri jarraika hasten direnean oihu batzuekin, keinuka eta pedalei estutu bat emanez alde egitea lortzen dut. Baina herrixka batean ondo elikatutako zakurra zegoen eta nire oinean kosk egiteko saiakeran kale egin badu ere, alportxan letaginaren zulo garbi bat utzi dit oroigarri gisara. 

Klek shop bat Sofiako kaleetan Eneko Eizagirre

Bihurgune batean bikote bat pasa da kontrako noranzkoan bizikletaz. Elkarri begira, zalantza une baten ostean geratu egin gara eta bide bazterrean elkartu. Bizikletaz bidaiatzen ari dira eta berriketarako tartetxo bat hartu dugu. Belgikarrak dira, zetaren bidea jarraituz Txinara joateko asmoa dutenak. Ni aldiz Greziatik Poloniarantz noa. Bulgariako Кресна (Kresna) herriaren kanpoaldean gurutzatu dira gure bideak. Modu oso konprimatuan: elkarri gomendioak, informazioa, animoak eta zorte oneko nahiak trukatu dizkiogu.

Ameskeriatan pasa ditut hurrengo kilometroak, zetaren bidean pentsa-tzen eta urruneko lurraldeak imajinatzen, baina errealitateak uneko lekura ekarri nau. Belgikarrak adierazi bezala, errepide arriskutsuko tarte batean sartu naiz. Kresna eta Krupnik herrien artean Struma ibaiak arroila zorrotz bat marrazten du mendien artean eta eskualdeko errepide guztiak bakar batean biltzen dira, baita Europa erdialderantz doazen kamioi guztiak ere. Belgikarren gomendioak jarraiki, auto-stop egiten jarri naiz mirari baten bila eta nire esperantzak urriak baziren ere, 10 minuturen bueltan beiragile baten kamioia geratu da nire egoeraz gupidaturik.

Sofiak ez du bere aurpegirik politena erakusten ni bezala poliki gertura-tzen diren bisitariei. Hiria urrun zegoelarik, zelai berde, behi patxada-tsu eta zabor kirasdunez osaturiko collage antzeko batek egin dit harrera. Porlanezko eraikinak agertu aurretik, txabolek hiriaren bihotzera zuzen doan errepidearen bi aldeak hartu dituzte. Bizkor, semaforoetan geratu gabe, kontrastea egiten duten luxuzko auto garestiak pasatzen dira. Hiri handien bazterrak, beti hiri-bazter.

Alexandro Nevski katedralera Eneko Eizagirre

Hiriaren nahas-mahasaren dekoratu modura, Vitoxa mendia dago ia 2.300 metrotatik hirian gertatzen den guztia zelatatzen. Lehen kolpean Sofia nahiko zatarra iruditu bazait ere, edertasuna barnean dagoela erakutsi dit Alexandro Nevski katedralera iritsi naizenean. Urrez estalitako bere bi kupulak, begi distiratsuak bailiran erakartzen dute nire begirada. Aste betez herri apaletatik igaro ostean, hiriko eraikin dotoreek liluratu egiten naute. Sveneti Georgi IV.mendeko eliza txikia, San Nikolas Eliza Errusiarra, Banya Bashi meskita… Argi dago fededun asko igaro direla hiri honetatik, nor bere kontuekin.

Erlijio arteaz pixka bat gainezka eginda, distira gutxiagoko kaleetan sartu naiz. Kaleko postu batean saltzen dituzten mahats hostoz bilduriko arroz laukitxoak jaten ditudan bitartean, herritarrak behatzen ditut. Pertsona bat eraikin baten hormara gerturatu eta makurtu egin da. Gero beste bat, eta atzetik beste bat. Klek-shop bat da, erosi ahal izateko malgua izatea beharrekoa den denda bat. Sotoan kokatzen diren denda hauek, orkatilen altueran dute salerosketarako leihoa, freskagarri bat erosteko ekintza kiroldegiko luzaketa ariketa bilakatuz.

 

Bulgariako nire azken egunak ospa-tzeko, itxura oneko jatetxe batera joan naiz. Alfabeto zirilikoa erdi kontrolpean eta bulgarierazko hitz batzuk ikasita, omenaldi bat emateko unea da eta platerkada goxo bat eskatu dut. Edo hori uste nuen. Dilistak ekarri dizkidate. Goxo daude. Bihar zakur batek jarraitzen banau pedalei indar-tsu eragiteko indarra emango didate behintzat.