Alaine Agirre 1990ean jaio zen Bermeon, baina Gipuzkoan bizi da egun. Gazte hasi zen idazten, eta egungo euskal literaturako ahots pertsonal eta interesgarrienetako bat bihurtu da urte gutxitan, kritikarien nahiz irakurleen onespena lortu duena, bere prosaren erritmo, indar eta pasioari esker. Bost nobelaren egilea da: Odol mamituak (2014, Zazpi Kale saria), X hil da (2015, Zilarrezko Euskadi saria), Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (2017, Joseba Jaka saria), Kamisoi zuri zetazkoa (2018, Eusko Jaurlaritzaren literatur sorkuntzako beka) eta Karena (2021, Irun Hiria Saria). Horrez gain, poema-liburu bat kaleratu du, Txoriak etortzen ez diren lekua (2017), eta haur eta gazte literaturako kontakizun ugari. Sari franko jaso du, eta hainbat hizkuntzatara itzuli izan dituzte bere lanak: gaztelania, katalana, galegoa, ingelesa, daniera, koreera eta txinera.

Abesti bat: Azkenaldian egunsenti bat bezala sentitu dudan GilliamWelchen-en Everything is free. 

Musika talde bat: Muare; behinola Durangoko Azokatik ekarritako disko baten sortzaileak. 

Liburu bat: Egunotan (edo gauotan) irakurtzen nabilena: Olatz Mitxelenaren Arrain hezur bat eztarrian.

Idazle bat: Annie Ernaux. Aldiro-aldiro berarengana bueltatzen naiz, eta aldiro-aldiro harritzen eta eraldatzen nau apur bat gehiago.

Antzezlan bat: Duela hamarkada bat Xabier Mendigurenen Publikoari gorroto lanarekin flipatu nuen.

Film bat: Hirugarren aldiz ikusiko nukeen Retrato de una mujer en llamas filma.

Kultur espazio bat: Laster bisitatu eta bizi nahiko nukeena: La Sinsorga, Bilboko Kulturgune Feminista.