1990. hamarkadaren hasieran, Joe Sacco komikigileak Palestinara bidaiatu zuen, eta palestinarren kultura eta bizimodua jaso zituen Palestina liburuan. Astiberri argitaletxearen bidez, Julen Gabiria idazleak eta itzultzaileak (Galdakao, Bizkaia, 1973) euskarara ekarri du Palestina komikia. Kazetaritza grafikoaren garrantziaz, komikiak itzultzeko zailtasunez, Palestinako egoeraz eta beste gaiez mintzatu da Gabiria.
Zerk deitu zizun arreta jatorrizko liburua irakurri zenuenean?
Lehenengo gauza izan zen testu kantitate handia zuela. Agian, begia testura joan zitzaidan nire lana itzultzea zelako. Ikusi nuen komikia oso betea zegoela testuz, eta errotuluak jatorrizko testuaren neurrira eginda zeudela. Orduan, itzulpena egitean espaziora moldatu behar izan nintzen.
Horrez gain, zein beste zailtasun izan dezake komiki bat itzultzeak?
Lehenengoa da jakin behar duzula dagoen espaziora moldatzen, hizkun-tza bakoitzak dauzkan berezitasunekin. Euskararen kasuan, ingelesak baino toki gehiago hartzen du. Ingelesak oso karaktere gutxirekin esan dezakeena, euskarak aditzarekin, aditz laguntzailearekin eta deklinabideekin esan behar du. Bestetik, etengabe pentsatu behar duzu edo ez duzu ahaztu behar grafikoa dagoela tartean; hau da, arlo testualak ezin du arlo grafikoa jan.
Nola jaso zenuen itzulpenaren proposamena?
Pasa den urtean Astiberri komikigin-tzaren titulu handiak edo mundu mailan oso ospetsuak diren liburuak itzultzen hasi zen. Hortaz, iaz, Maus -nobela grafikoaren munduan ziurrenik dagoen nobela grafikorik handiena- itzultzea eskaini zidaten. Eta aurten bide beretik jarraitu nahi zutenez, Palestina itzultzea proposatu zidaten.
Zergatik erabaki zenuten euskarara itzultzea?
Astiberri argitaletxeak aukeratzen du zein liburu itzuli nahi duen, eta kasu honetan apustua izan da komikigin-tzako gailurrak euskarara ekartzea. Beti ere kontuan hartuz horrek dakarren guztia. Azkenean, egile eskubideak ez dira Astiberrirenak; orduan, erosi egin behar dituzte, eta ez da prozesu erraza. Oso obra handiak dira eta nolabaiteko azterketa bat pasatu behar dute egiaztatzeko argitaletxe bezala liburu hori modu egokian itzultzeko eta argitaratzeko gaitasuna dutela. Behin azterketa pasata, eskubideak ematen dizkiete.
Zer-nolako ekarpena egingo dio euskal kulturari horrelako nobela grafikoak euskarara ekartzeak?
Literatura unibertsalari eskatuko genioke ekarpen antzekoa. Hau ere literatura mota bat da, baina komiki formatuan. Zentzu horretan, euskara ere olatu horretan egotea aukera ona da.
Zer leku dauka komikiak euskal literaturan?
Uste dut gero eta leku handiagoa duela oso detaile politak eta deigarriak gertatzen ari direlako. Gero eta gutxiago hitz egiten dugu komikiez modu berezian, eta literaturaren barruan sartzen ditugu. Gero eta komiki gehiago lantzen dira irakurle taldeetan, ulertu dugulako literaturaren parte dela. Hau da, urteekin orokorragoa da komikiak irakurtzea. Lehen, oso perfil konkretua zegoen; gehienak mutil gazteak ziren, baina orain, adin guztietako jendeak irakurtzen ditu.
Zer-nolako zilegitasuna ematen zaio kazetaritza grafikoari?
Palestinaren inguruko dokumental bat izango balitz bezala irakurri nuen komikia. Esanen nuke kronika batek edo dokumental batek izan dezakeen zilegitasuna duela komikiak, baina euskarria aldatzen dela.
Kazetaritza grafikoarentzat garai ona dela uste duzu?
Kazetaritzarentzat beti da garai ona beti behar dugulako kazetaritza. Liburua argitaratu zenetik hogeita hamar urte pasa dira, eta orduan zein orain, kazetaritzarekiko begirada kritikoa behar dugu irakurleok. Horretarako, baliabideak behar ditugu. Beste kontu bat da momentu ona den kazetarien lan baldintzarako… Ziurrenik, ez.
Palestinako biztanleen bizimodua eta kultura lantzen ditu komikiak. Lotura dauka gaur egungo egoerarekin?
Batzuek esaten dute urriaren 7an hasi zela dena, baina honek 75 urteko historia dauka atzean. Lehenengo intifada 1991. urtean izan zen, eta Joe Sacco garai horretan egon zen Palestinan. Liburuaren bitartez, Palestinan gertatzen ari denaren jarraipena egin zuen. Liburuan ikusten da nolakoa den palestinarren bizimodua okupaziopean. Ordutik, hogeita hamar urte pasa diren arren, tamalez, egoera ez da aldatu, eta gaur egun palestinarren bizitza askoz txarragoa da.
Gaur egungo testuingurua ulertzen laguntzen du?
Bai. Urrian, liburuaren maketazio prozesuan geundenean, piztu zen oraingo egoera. Liburuan agertzen diren leku asko -adibidez, errefuxiatuen eremuak, hiriak eta beste- oso ezagunak egiten zaizkigu gaur egun. Orduan, palestinarren bizimodua, testuingurua eta kokapena ulertzeko klabe pila bat ematen ditu liburuak. Eta argi uzten du hau ez zela urriaren 7an hasi, baizik eta iragan luzea duela. Horrez gain, ez du esaten soilik Israel dela erruduna, baizik eta europarrok ere erruaren parte handi bat dugula. Baina xehetasun hori ez da gaur egungo albisteetan kontatzen.