Musikaren joerek ildo nagusi bat jarraitzen dute, bestelako arteek bezala, eta bestelakoetan bertsu, joera horrek ekonomiak (eta kapitalismoak) gidatzen du. Oso modan dago estilo nabarmenetatik at daudenak (reggaetona noski, baina baita cumbia, afrobeata edota technoa) poparekin uztartzea eta musika exotikoa gurera ekartzea. Baina, benetan integratzen ditugu gure soinu adimen kolektiboan? Eta haratago, gure kulturetan jatorri horietako musikari eta taldeak ain-tzat hartu? Reggaetona duela hamar urtetik da herrikoia Euskal Herrian, ez bakarrik jatorri latindar biztanlegoaren artean, baizik eta populazio zabalean. Hala ere, gure kulturaren parte sentiarazteko pertsona zuri batek euskaraz kantatu arte itxaroten dugu. Bertako eszena gehienetan gertatzen den eta hausnarketa merezi duen afera: ze estilo dira euskaldunak edo euskal kulturan aintzat hartzekoak? Akaso punka Hernanin jaio zen?
Gaur egun, artistek ekoizpen eta banaketa kanalen jabe dirudite, Zuk zeuk egizu ideala gauzatu dela dirudi, baina, benetan, ekoizpena pobretuz eta berdinduz joan da (soinu bertsukoak, prekaritatea…) eta banaketa kanalak guztiz monopolizatuta daude (Spotify/Youtube). Kasu, errepide nagusi guztien bazterretik zidorrek irekitzen dute bidea. Hala, nazismoaren garaian, partiturak txirrindularien gurpiletan tutu bat eginda ezkutatzen ziren, hona frankismo garaian iparraldetik heltzen ziren singleak bezala. Jatorrizko tangoa arrabaletako gizon homosexualek sortu zuten, emakumezko burgesek mozorraraziz. Garaikideago dugu Espainiako gasolindegietako rumba kaseteen adibidea, zeintzuk hedabide nagusietatik pasa gabe, Camelaren legenda sortu zuten. Gaur egun, kaseteen ekoizpen eredua hartu du noise eszenak, Eclectic Reactions edo Crystalmine zigiluak erakusgarri. Banaketa eta promozio kanal nagusietatik at jarduten duten musika hauei eta jarraian ikusiko ditugunei Musika paraleloak deitu zaie.
Kubako paketea
Interneten sarrera Kuban gutxikakoa izan da. Egun sarbidea gutxi gora-behera herrikoia dela esan badaiteke ere, duela gutxira arte ez da horrela izan. Asteroko paketea da oraindik biztanleen gehienek Interneteko edukiak kontsumitzeko erabiltzen dutena. Igandeetan, 10 CUCen ordez, terabyte oso bat jaso-tzen dute etxean, eta bertan jasotzen dituzte telesailak, filmak, telebista kateak, jolasak eta baita bitartekariek sartzen dituzten iragarkiak ere! Izan ere, lan sare oso bat osatu du paketeak: satelite antena klandestinoen bidez materiala deskargatzen duena, iragarkiak kobratu eta bildumatzen duena, banatzen duena… Ilegala erabat, baina guztiz herrikoia eta agerikoa. Gerora, bizilagunek eskuz esku pasatzen dituzte, eta baita etxetik etxera Ethernet konexio kableak bota, ordenagailu batean dagoen paketea hainbat etxeetatik gozatu ahal izateko.
Brasilgo tecnobrega
Tecnobregaren inguruan ezarri zuen, hain zuzen ere, Hermano Vianna ikerlari kulturalak musika paraleloen kontzeptua. Brasilgo dantza jaialdien promoziorako erabiltzen ziren duela hamarkada bat CD merke eta piratak, jabetza intelektualari begiratu gabe eta musika zabaltzeko helburu bakarrarekin, edozein kanal nagusietatik at, gerora jai jendetsuetan elkar dantza-tzeko. Dja edo sound sistema aparelhagens (ekipoa, materiala) bezala izendatzen dituzte, eta haiek dira CD horien ekoizleak, horrela aparelhagen bakoitzaren fanak sortuz. Viannaren kontzeptuak on egiten dio musikaren pluraltasunari, industria formaletik kanpo funtzionatzen duten praktikak biltzen dituelako, eta zirkuitu klasikoetatik at zabalduta, publiko handiago eta zehatzago bati helarazten dizkiolako; askotan, sare etnikoek beraien ekintzailetza ekonomiko hori kudeatuz, haien soinu, jantzi eta bizimoduak aldarrikatzeko modutzat.
Angolako kuduroa
Musika zabaltzeko beste estrategia periferiko deigarrienetako bat Angolako kuduroarena da. Abestiak ekoiztu ondoren, artistak candongueiro (Luandan garraio kolektibo gisa erabiltzen den furgoneta sarea) gidari bati helarazten dio bere CDa. Behin eskuetan, gidariak DJarena egiten du gidatu bitartean, helarazten dizkioten kantuak jarriz. Bidaiariek gustuko badituzte, abestia candongueiroz candongueiroz doa, Angolako hiriburan famatu egin arte. Entzuleen arreta eta jakin-mina autobus sistemaren bidez sortzen da, eta, beraz, eskaria ere. Hala, artistek kopia berriak egiten dituzte eta kontzertuetan saldu. Furgoneta horietako bafleetan gaur egun nazioartean arrakasta duten proiektuen abestiak entzun izan dira inon baino lehenago, hala nola, Buraka Som Sistemarenak.
Errumaniako manelea
Manele errumaniarra Bukaresteko ijito-auzoetan sortu zen 1990eko hamarkadan, eta Errumaniako antiziganismoaren aurkako jazarpenak eta estigmatizazioak markatutako musika paraleloa da. Gutxiesteko ahaleginean, Bukaresteko unibertsitatean ikerketa bat aurkeztu zuten, estiloa entzuten duten pertsonek batez bestekoaren azpitik dagoen adimen koefizientea dutela baieztatzen zuena. Tokiko agintariek, akademikoek eta komunikabideek gaitzetsi arren, manele musikak Bukarest inguruko irrati piraten sare bati esker iraun du. Irrati horiek generoaren zabalkunde masiboa egiten lagundu dute herrialde osoan, eragina Bulgaria, Serbia, Albania eta Turkiako zenbait eremutara hedatuz. Bertan, irrati askeek 80ko hamarkadan izan zuten eraginaren pareko, maneleak bidea ireki du kalitate baxuko ekoizpenak haien kabuz zabalduz.