Badute pozik egoteko aitzakia Leihotikan musika talde nafarraren zaleek; izan ere, beraien azken lana kalean da dagoeneko: Etorkizuna ginenean. Zortzi abesti batzen ditu nafarren azken diskoak: abesti gogorrak eta leunagoak, baina oinarrian Leihotikan taldearen esentzia mantenduta. Atzean 30 urteko ibilbide oparoa badute ere, “hasiberriak” izango balira bezala jarraitzen dutela dio taldeko abeslari Gorka Armendarizek. 

Disko berria aurkeztu berritan, zer nolako sentipenak dituzu?

Oraintxe bertan urduri eta ilusioz gaude. Oso urte berezia izan da taldearentzat. Diskoarekin topera ibili gara eta orain irten eta hegan egiteko gogoa dugu. Gure zazpigarren lana da eta urte mordoa daramatzagu talde modura, baina gauza berri asko izan dira azken urtean bizitakoak. GOR diskoetxeak ateak itxi zituen, eta, ondorioz, gauzak beste era batera egin behar izan ditugu, beraiek izan baitira , hain justu, gure ibilbide osoa bizitu dutenak. Baina, zalantzarik gabe, bideari ekiteko gogotsu gaude. 

Diskoari buruzko iritzirik jaso al duzue jada? 

Gauzak aldatu dira eta guk ere bat egin dugu aldaketa horrekin. Orain singleak diskoa argitaratu baino lehen kaleratzen dira, beraz, lehenago iristen da feedbacka ere, eta guk feedback ona jaso dugu. Badirudi jendeak gustuko izan dituela gure kantak. Zuzenean guri heldu zaigun apurra hori da: jendea gustura dagoela lan honekin; hortaz, gu ere bai. 

30 urte bete ditu Leihotikan taldeak eta bost urte bete dira azken lana kaleratu zenutenetik. Zerk bultzatzen du horrelako ibilbidea duen talde bat disko berri bat grabatzera?

Gure kasuan argi dago bizimodu bat dela. Zaletasun bezala hasi ginen, bakoitzak beste kontu batzuetan lan egiten genuen eta beste gauza batzuetan murgilduta genbiltzan. Orain ez gara musikaz bizi, baina Leihotikan bizitzeko modu bat da guretzat. Musika estiloari dagokionez, estilo definitu bat daukagu; hori mantentzea erraza dela iruditu arren, ez da batere erraza. Bizitzeko modu honetan zerbait egin behar dugun sentsazioa daukagu: gauzak beste modu batekoak izan beharko liratekeela kontatzeko beharra, zerbait aldarrikatzeko nahia... Hori horrela, berdin dio 30 urte edo 40 pasatzea. Sentimenduak azaltzen badira eta abestiak sortzeko nahia badugu, hori guztia atera beharra dago. 

Aldarrikapenak aipatuta, ‘Zaila’ abesti azkar eta indartsuarekin hasten da diskoa. 

Zaila kanta diskoaren sarrera abestia da, harrikada handia. Mundua gaizki doala ikusten dugu, zerbaitek ez duela funtzionatzen, eta horrela hasten da diskoa, zuzen. Prezioak gora, soldatak behera... Jubilatuak ezin erretiratu eta gazteak ezin lanean hasi...Badirudi modu indibidualean gure nahiak asetu nahi ditugun puntu batean gaudela, baina modu sozialean atzerakada bat bizi dugu. Desorekak ikusten ditugu eta guk beti izan dugu horiek salatzeko beharra. 

Zazpigarren lana argitaratu dute, azkenengotik bost urte igaro direnean. Leihotikan

30 urte atzera eginda ere, bazenituzten aldarrikapenak. Egoera aldatu al da?

Urte batzuk pasatu dira eta adinean gora egin dugu. Alor batzuetan, eskubide batzuetan, aurrera egin dugula ez dago zalantzarik. Gizarteak, zorionez, hainbat iritzi aldatu ditu. Adibidez, ezin da modu berean ikusi gaur egun edo duela 20 edo 30 urte, feminismoarekiko edo LGTBI kolektiboarekiko zegoen begirada. Urteak aurrera, aurrerakoiagoa den kontzien-tzia bat garatu dela esan daiteke, baina badago beste alde bat, oraindik tira egiten duena, atzerakoia dena. 

‘Etorkizuna ginenean’ abestia da bigarrena, albumaren izena hartzen duena. 

Gorka Urbizuren abestia da hori, eta gure garaikoen abestia dela esango nuke. Abestian galdera batzuk aurkezten dira, mundua alda-tzen ikusten dugunaren ingurukoak. Baina benetan ez dakigu mundua den aldatu dena edo gu garen aldatu garenak, gu bihurtu garen inoiz pentsatzen ez genuen horretan. Gaztetasunaren indarrarekin errazagoa ikusten genuen dena eta begirada horretatik dena aldatzeko gogoa genuela iruditzen zitzaigun. Hori kontatzen du kanta honek, etorkizuna eta gaztetasunarekin atzera-aurrera jolas bat da.  

Jule Goñiren ahotsa entzun dugu diskoko abesti batzuetan, baina hori ez da berria. 

2003. urtetik egon da Jule gurekin. Azken aurrekoan izan ezik, disko guztietan egon da bere ahotsa. Leihotikan kilometro zeroko taldea da eta familia bat bezala funtzionatzen dugu. Iñigo Ibarra ere beti egon da presente bertsoekin edo letrekin. Azken disko honetan emakumeen ahotsa edo presentzia nahi genuen. Mundu hau gizonez gainezka dago eta gu ere gizonak gara. Nik beti eskertu dut beste begirada bat, eta Jule laguna da eta beste ukitu bat ematen die taldeari eta baita kantei beraiei ere.

‘Zu gabe’ abestiak badu emakumearen isla.

Marisa Zubiriren poema moldatu bat da. Berak gertuko pertsona baten absentziaz min-tzo den poema liburu bat dauka. Nik liburu hori irakurri nuenean, une horretan justu, ama gaixorik nuen eta indarra eta atsekabea barru-barruraino transmititu zizkidan. Abestia Aitorrek ekarritakoa da eta oso teknikoa izan arren, barru-barrukoa eta pertsonala da. Niri bezala, halako letra edonori iritsi dakioke. Denok dugu lagun bat, senideren bat, gurasoren bat faltan. 

Barrutik idatzitako abesti batetik gogorrenera: ‘Askatasuna’ kanta da diskoko bortitzena. 

Abestirik “kañeroena” da, inolako zalantzarik gabe. Esanahiari dagokionez, badakigu urte luzeetan askatasuna hitzak zein mezu eta zer eskatu nahi izan duen Euskal Herrian. Gaur egun, hitza bera eta horren esanahia degradatu egin direla uste dugu. Beste batzuek erabiltzen dute, adibidez, garagardo batzuk edateko. Musikaren arloan, esperimentu bat da, nahiko psikodelikoa, azkarra eta gordina. 

Azken lana 2018an kaleratu zenuten eta disko bikoitza izan zen. Oraingoan, aldiz, zortzi abestiz osatutakoa ekarri duzue. 

Bai, gizartea aldatu da, mundua aldatu da eta oso azkar doanaren sentsazioa daukat. Gu slow talde bat gara. Musika kontsumitzeko era ere asko aldatu da eta gure taldeak musikarekin duen harremana lasaiagoa da. Eskerrak horri, bestela ez genituzke horrenbeste urte iraungo. Disko bikoitza atera genuen baina gure estiloari formatu txikiak hobeto doazkio. 90eko edo 2000ko hamarkadetan LPak iraupen handikoak ziren eta, bost edo sei urte diskorik atera gabe egon ostean, lan luzea ateratzen zen. Baina beno, oraingoan konplexuak kendu ditugu, eta hamalau kanta ateratzea beharrezkoa ez zela ikusita, zortzirekin aurrera egin dugu; hobe ikusten baitugu zerbait zehatza ateratzea beste edozer baino.

30 urteko ibilbidean zein bilakaera izan du Leihotikanek kantak sortzerako orduan?

Estilo zehatza daukagu, punkrock edo hardcore melodikoa. Taldeko kideak ere hasierako laurak izan gara. Bidean, Piti bateria jotzaileak lesio bat izan zuen eta pandemiaren ondoren, bere eskuzabaltasunagatik, Mikel Goitisolo (Neke politikoa taldeko bateria jotzailea) hasi zen gurekin. Gertuko pertsona da, Leihotikan maite duen pertsona. Aldaketa gogorra izan da, baina ondo moldatu gara. Konposatzen esango nuke orain irekiagoak garela. Lehen, Patxik egiten zituen ia letra guztiak edo Patxi eta nire artean egiten genituen. Ondoren, Aitor hasi zen letrak eta abesti batzuk egiten. Nik ere konposatzeko beste modu bat sar dezaket. Adinarekin eta daukagun ibilbidearekin lasaiago hartzen dugu dena. Baina uste dut esentzia, energia eta aldarrikapena ez ditugula galdu. 

Gorka Urbizu egon da ekoizle lanetan. Zer moduz?

Oso pozik. Konturatu ginenean Gorkak diskoak ekoizten zituela aukera paregabea zela ikusi genuen. Garai berekoak gara, elkar ezagutzen dugu eta aukera onena zen. Guretzat erronka handia izan da, ez genekien maila emango genuen ala ez. Gorkarekin lana egitea erraza da, asko inplikatzen da, taldekide bat bezala. Gainera, duen paleta musikala ikaragarria da. Entseguetara etortzen da, armoniak sartzen ditu, ideiak ematen dizkigu. Prozesu guztia oso polita izan da. Arnas berri bat dauka diskoak eta gu oso eskertuta gaude. 

Berrikuntzei begira, Txorimalo Records zigilua sortu duzue. 

Erditze mingarri bat izan da. Gure asmoa, beti bezala, GOR diskoetxearekin lan egitea zen. Gorkak baiezkoa eman zigunean jabetu ginen diskoetxekoak erretiroa hartu behar zutela, eta pentsatu genuen beraiekin egiteko denbora izango genuela, baina ez zen hala izan. Diskoetxekoek gure lan guztien eskubideak eta ale guztiak eman zizkiguten. Orduan, zigilua sortzea erabaki genuen, norbere obra edukitzea zer zen jakiteko. Prozesua, disko baten burokrazia guztia kudeatzea, ez da erraza izan. Baina gauzak aurrera doaz, eta Durangoko Azokan gure erakusmahaia edukiko dugu lehen aldiz. Hor gabiltza, ilusioz beteta, berriak izango bagina bezala.  

Lana aurkeztuta, zein da hemendik eta aurrerako plana?

Gaur bertan joko dugu Durangoko Azokan, Mungian ondoren, eta gero Iruñean, Totem aretoan. Hurrengo urtera begira hiriburuetan egon nahi dugu eta baita herrietan, gaztetxeetan. Bilboko Kafe Antzokian egongo gara eta Gasteizen ere. Bonberenea eta beste areto batzuk lotuta ditugu. Laster argitaratuko ditugu data gehiago. Kontzertuak emateko gogoz gaude.