Maria Zubimendi akordeoi jotzailea, Jon Ansorena txistularia eta Gorka Catediano perkusionista elkartuta jaio zen Trio Zukan taldea. Musika ikasketa profesionalak batu zituen hiru artistak eta ordutik hainbat proiektu jarri dituzte abian. Bigarren lana kaleratu berri, irrikaz eta gogotsu erreparatzen die datozen hilabeteei eta 2024 urteari.

Bi urteko lan luzearen ondoren gustura daude kaleratu berri duten bigarren lanarekin. “2022ko urteko udan grabatu genuen lana, lehenengoa kaleratu eta hiru urtetara. Produkzio handia eduki dugu azken urteotan, artista askorekin egon gara lanean”, azaldu du Jon Zubimendik. Sei pieza batzen ditu Soinuzko Begiradak-Take 2 izena hartzen duen diskoak. “Lanen artean badago lotura bat, pieza guztiak guretzat sortuak direla. Baina banaka aztertuta, abesti bakoitzak konpositore baten estetika, begirada, eskua eta teknika ditu. Hortik dator bildumaren izenburua”.

Hirukotea osatzen badute ere, askoz gehiago dira beraien obretan entzuten diren instrumentuak. “Orain lokalean gaude eta begi aurrean ditut: marinba bat, bonboa, mota guztietako burdinak, plantxa batzuk zintzilik, banbu kañak, txalaparta bat eta beste hainbeste”, errepasatu du Ansorenak. Obra bakoitzak “bere beharra duela” gogoratu du Zubimendik: “Perkusioaren kasuan asko ikusten dira bere hotsak eta soinuak bilatzeko modu ezberdinak, baina txistuaren kasuan ere hiruzpalau txistu ezberdinekin aritzen gara. Akordeoiari dagokionez, ikerketari esker, afinazio ezberdineko akordeoiak erabiltzen ditugu”. Instrumentuez gain, pieza batzuetan errekurtso elektroniko eta teknologikoak erabiltzen dituzte beraien musika sortzeko.

Instrumentuez gain, ahotsa entzuteko aukera dago diskoa osatzen duen Bertso izeneko abestian. “Ez da ohikoa izaten. Gutxitan gertatzen da piezetan ahotsa sartzea”, adierazi dute artistek. Efektuak sortzeko beste instrumentu bat bezala erabiltzen dute. Xuxurla eran, garrasika edo errezitatuz entzuten da ahotsa abestian. Hainbat euskal hitz eta silaba identifikatzen dira. “Ahotsa erabiltzen dugunean norberaren instrumentuaren mugak haustea izaten da asmoa”, azaldu du Ansorenak.

Taldea eratu zutenean, bazekiten oinarrizko arazo bati aurre egin beharko ziotela; hau da, errepertorio original ezari. Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, Ganberako Musika ikasgaia binaka jaso zuten. Lehenbizi, Gorka eta Jon elkartu ziren, ondoren Gorka eta Maria, eta, azkenik, Maria eta Jon. Hala, “zirkulua ixteko asmoz”, hirurak jotzeko hautua egin zutela azaldu du Ansorenak. David Cantalejoren Otxate pieza elkarrekin jo zuten: hirukotearentzat zegoen pieza bakarra. Hori dela eta, ordutik konpositore ezberdinei piezak sortzeko hautua egin zutela kontatu du Ansorenak.

Trio Zukan taldea. @diapositivisme_studio

Berrogei piezatik gora dituzte. Konpositore ezberdinek idatziak eta pieza guztiekin egin dute lan. Hori da musika garaikidearen ezaugarrietako bat: artistek enkarguak egiten dituzte, konpositoreek idatzi eta taldeak musika jarri. “Zukanen beti musika berria sortzen gabiltza”, dio Ansorenak. Konpositoreekin elkarlana sustatzen dute: hitz egin eta esperimentatu. Datozen urteetarako ere, 2026ra arte, badituzte enkarguak eginda.

Musika garaikidearen esparruan badaudela forma ezberdinak gogoratu du Zubimendik: “Batetik, musika garaikide edo konbentzionalagoa dena. Hots, instrumentala izango litzatekeena. Bestetik, musika berria edo esperimentala deitzen zaiona. Asmatutako instrumentuak, egunerokotasuneko objektuak, errekurtso elektroniko eta teknologikoak erabiltzen dituena”. Musikariaren esanetan, Trio Zukan taldeak bi adarrak uztartzen ditu.

Ez da irratian, telebistan, plataformetan eta kalean entzuten den ohiko musika hirukoteak jotzen duena. Gaur egungo sorkuntza publikoari iristea helburu duen “proiektu sendo bat” bihurtu da Trio Zukan, Ansorenaren arabera. “Badakigu merkatu txikia dugula, baina horren barruan badago zer eskaini eta zer erakutsi. Ez bada musika ohikoa ere, jendeari instrumentuentzako gauza interesgarriak idazten direla erakutsi nahi diogu. Jendea harritu eta ezustekoak hartzeko balio dituen gauzak. Minoritarioa bai, baina aberasgarria da oso”.

Online plataforma guztietan dago Soinuzko Begiradak-Take 2 lana entzungai. Jende aurrean aldiz, urriaren 30ean Kuraia Jaialdiaren barruan izango dute ikusleek bigarren disko horretaz gozatzeko parada. Beste proiektu eta lan batzuk dituzte aurrera begira. Urriaren 28an Juan Jose Eslava konpositorearekin lantzen ari diren proiektu bat estreinatuko dute Oteiza museoan. “Proiektu unitarioa da, gutxi gorabehera ordubeteko obra bat izango da eta kontzertu konbentzionaletik kanpokoa. Museo batean egingo dugun proiektu ibiltaria izango da”, kontatu du Zubimendik. Hamar urte beteko ditu taldeak 2024. urtean eta “urte ederra” espero du taldeak. Nazioarteko hainbat jaialditan jotzeko parada izango dute eta beste hainbat proiektu dituzte esku artean.