Maurizia Aldeiturriaga euskal kulturan suertatutako salbuespen bezala definitu dezakegun erreferentea da. Kulturgilea, panderojolea, plazandrea, eta “jefa hutsa” zen Maurizia, Itxaso Payá Nor da Maurizia? ikuskizun pedagogikoaren sortzailearen hitzetan. 1904an Zeberion (Bizkaia) jaiotako andreak bere garaian ohikoak ez ziren hainbat gauza egin zituen; esanguratsuena, panderojolea izatea eta Euskal Herriko hainbat plazetatik aritzea. Anekdota eta bitxikeriaz beteriko historia du Aldeiturriagak.

Panderojolea soilik izan zela esatea ezerezkeria izango litzateke, beste hainbat ezaugarriz deskribatu daitekeelako Mauriziaren ibilbidea eta figura. Adibidez, Aldeiturriaga oso familiarra zen. Gerra garaian, bere osaba Kalixtorekin joan zen Somorrostrora, beharrak bultzatuta. Osaba Kalixtok panderoa ondo jotzen zuen, eta Mauriziak osabaren saioez gozatzen zuen. Hortik aurrera, zaletasun handia garatu zuen eta zortzi urte zituela, Madalena Zabalak, bere amak, bere lehenengo panderoa ekarri zion Bilbotik.

Maurizia Aldeiturriaga autodidakta izan zen. Itxaso Payák, Nor da Maurizia? ikuskizunaren gidoilaria eta antzezlea izan denak, Aldeiturriagak ikasteko prozesuan erabili izan zituen hainbat baliabide aipatzen ditu: plazetara joaten zen, erromerietara, bere osaba Kalixtoren eskuetara begira orduak igarotzen zituen… Mauriziak “garaiko YouTube tutorialak” erabili izan zituela dio Payák barre artean, bere ikasteko modua aipatutako “jefatasun horren adierazle nagusietako bat” dela aitortuz.

Maurizia Aldeiturriaga 1904an jaio zen Zeberion, panderojolea zen eta Euskal Herriko plazarik plaza aritu zen.

Hamabi urte zituenean egin zuen bere lehenengo plaza, Zeberion bertan. Momentu horretatik, panderojole ezaguna bihurtu zen. Nola ez bihurtu famatua abesteko modu berezi horrekin, eta panderoa gorputzeko atal guztiekin joz? Payák esaten duen bezala: “Gustatu ahal zaizu ala ez zelan abesten zuen Mauriziak, baina estilo propio bat garatzea lortu zuen, eta horren bidez oihartzuna hartu zuen”. Karismatikoa zeneta “marka pertsonal bat sortu zuen” abesteko (oktaba bat igotzen zuen ahotsa) eta panderoa jotzeko (buruarekin, ukondoarekin…) moduagatik. 

Itxaso Payák “errebelde” gisa deskribatu du Maurizia, baina ez egin behar ez zituen gauzak egiten zituelako, baizik eta “maite zuena egin zuelako, hori bai errebeldea!”. Bere gurasoek garai hartan ohikoa zen larritasunez bizi izan zuten Maurizia plazetara ateratzea, baina hasieratik familiaren babes osoa izan zuen.

Istorio borobila

“Borobila” hitza erabili du Payák Maurizia Aldeiturriaga eta Benantzio Bernaolaren arteko amodiozko istorioa azaltzeko. Maurizia Aldeiturriagaren lehenengo bikote musikala Joakintxu Goti izan zen, hamabi urterekin Zeberion egin zuen debut famatu horretan. Handik denbora gutxira, Benantzio Bernaola ezagutu zuen, ‘Benantzio Karakol’ ezizenez ezaguna zena. Hortik aurrera, elkarrekin aritu ziren bikote musikari bezala. Haien amodiozko istorioari buruz hitz egitean, miresmen osoz ari da Payá: “Nork lortu ahal du, harreman musikal estu batetik, zure bizitzako amodioa ezagutzea, eta berarekin ezkontzea, familia bat osatzea…?”. Noski, Zeberion izan zuen leku ezkontzak, 1927ko azaroaren 5ean, San Tomas elizan.

Gerra garaian, Benantzio kartzelaratu egin zuten hiru urtez eta hiru egunez, eta denbora horretan, Mauriziak panderoa gorde zuen haiek biak berriro ere elkartu ziren arte. Pentsa genezake, garaian kokatuta, Benantzioren papera murriztailea izan zela bere bikotearekiko, baina jasotako dokumentu historikoek eta familiak kontatutakoak guztiz ezeztatzen dute hori. 

Argazkian, Maurizia Aldeiturriaga.

Argazkian, Maurizia Aldeiturriaga. Euskal Herriko Trikitixa Elkartea

‘Benantzio Karakol’, gerra ondoren, larriki gaixotu zen, eta zaila egiten zitzaion plazetan aritzea. Mauriziak proposatu zion biok batera plazak uztea, baina Bernaolak ezetz esan zion. Mauriziak plazandrea izaten jarraitu behar zuen, eta beste bikote bat bilatzera animatu zuen.

Bikotearen beste hainbat pasarte gogorarazi ditu Payák. Adibidez, Zeberion saio bat egin baino ordu batzuk lehenago, Rufino Arriola presaka eta korrika heldu zen. Panderojole bat behar zuen Euskal Herriko sariketa batean parte hartzeko, eta Bernaolak Mauriziaren izena proposatu zuen, nahiz eta horren ondorioz, arratsalde horretan Zeberioko plazan joko ez zuten. Maurizia Aldeiturriagak eta Rufino Arriolak sariketa horretan hiru herri ezberdinetan jo zuten, eta bikoteak sari nagusiak lortu zituen.

Leon eta Fasio

‘Benantzio Karakol’ gaixotu zenean, Leon eta Fasio musikari ezagunekin hirukote bat sortzeko ideia eman zion Mauriziari. Hirurak plazaz plaza aritu ziren urte luzez eta eurenak egin zituzten herri guztiak. Aldeiturriaga panderojolea eta abeslaria izan zen, Leon, “albokerue” (haiek esaten zuten bezala) eta Fasio soinularia, normalean, trikitixarekin ibiltzen zen.

Maurizia bezalako erreferente bat belaunaldi berriei transmititzea du helburu ‘Nor da Maurizia?’ proiektuak.

Gaur egun, haien obra entzun ahal badugu, Ruper Ordorikak hirukoteari egindako proposamenagatik da. Berak gonbidatu zituen estudio batera (baita Basilio Txiki ere) haien doinuak grabatzera, eta gaur egun YouTuben daude entzungai. Payák gogora ekarri du egun horretako anekdota bat: “Galdetu zietenean ea haien kantak irratian grabatu nahi zituzten, ezjakintasunetik plazan jotzeko erabiltzen zituzten jantziak eraman zituzten”. Maurizia Aldeiturriagaren kasuan, bere soinekorik dotoreena eta perla handienak jantzi zituen.

Aupa Maurizia! Fredi Paia eta Xabi Paya anaiek idatzitako obra da, eta izenburu horrek ere hirukotearen anekdota batean du jatorria. Aldeiturriagak, saio guztietan, bere bi kideak aupatzen zituen: “Aupa Leon! Aupa Fasio!”. Bere kasuan, Leon albokaria zenez eta Fasio totela, inork ez zion esaten “Aupa Maurizia!”. Esaldi hori famatua bihurtu zen berak bere buruari esaten ziolako: “Aupa Leon! Aupa Fasio! Aupa Maurizia!”. Payá anaien liburuan jasotzen den bezala, bere senidea zen Teodorak honi buruz galdetu zion Mauriziari eta berak kontatu zion esaldiaren zergatia.

Maurizia eta Teodoraren arteko elkarrizketa bat. Zelako

Azken urteak

Estiloz, señora bat zen, baina “señora punki bat, tradizional punkia”, Payák esaten duen bezala. Estetikoki, perlak eramaten zituen beti plazara, dotore janzten zen, baina izaeraz, ezinezkoa da bere jarrera bere garai historikotik banatzea, eta “nahi gabe, punki bat bihurtu zen”.

Mauriziari buruzko artxiboak berrikusiz gero, jakin dezakegu atso bat zenean ere aktiboki aritu zela plazetan, baina alzheimerrak jo zuen bere bizitzaren amaieran, panderoa jotzen ahaztu arte. Hala ere, Maurizia Aldeiturriaga ez zen inoiz bakarrik egon, eta zoriontsu bizi izan zen bere bizitza azken egunera arte. Bere ibilbide hasieran familiarengandik jasotako babes guztiak azken unera arte iraun zuen. Gaur egun, bizirik mantentzen den figura da Aldeiturriagarena, Euskal Herrian izan dugun lehenengo plazandrea.

‘Nor da Maurizia?’

Payá familiak ondo ezagutzen du panderojolearen historia. Alde batetik, 2009an Xabierrek eta Fredik Maurizia Aldeiturriagaren biografia argitaratu zuten. Liburu hau da Itxaso Payák Zelako Kultur Ideiak Kooperatibatik sortu duen ikuskizun pedagogikoaren oinarria. Antzezle lanetan ez ezik, Nor da Maurizia? ikuskizunaren gidoilaria izan da, eta bere hitzetan, gidoia, fikziozko atal txiki batzuk kenduta, bere nebek idatzitako liburuan oinarrituta dago.

Iholdi Beristain dantzaria ikuskizuneko une batean. Zelako

Maurizia Aldeiturriaga bezalako erreferenteak belaunaldi berriei transmititzeko beharra ikusita, ikuskizun pedagogikoa sortzea erabaki zuten. Horretarako, lantalde egoki bat sortu zuten. Alde batetik, Ander Trabudua eta Alberto Marcos musika irakasleak musikari lanetan ibili dira antzerkian. Hala ere, umeak bezalako publiko zehatz bati ikuskizuna egokitzeko beharra oraindik nabaria zen taldearentzat, eta horregatik, diziplina anitzeko ikuskizunaren alde egin zuten: “Mauriziaren bidez ez badugu lortzen umeak erakartzea, musika gehitu beharko dugu, eta ez badugu horrela lortzen, orduan, dantzari bat beharko dugu oholtza gainean…”. Horrela gehitu zen Iholdi Beristain aktorea proiektura, baina kasu honetan, dantzari moduan.

Lantaldeak 2022ko martxoan estreinatu zuen Nor da Maurizia? ikuskizuna. Obraren gidoian Maurizia eta bere ingurukoen ahotik ateratako esaldiak aurkituko ditu ikusleak, Aupa Maurizia! liburuan bere senideen testigantzak jaso zirelako. Aurtengo udan ez dute emanaldirik aurreikusita, Payáren hitzetan, areto barruan egin behar delako ikuskizuna, ikus-entzunezkoak ere erabiltzen baitira. Dena dela, udazkenerako bueltan egongo da Maurizia Aldeiturriagari buruzko ikuskizun pedagogikoa.

Maurizia, inspirazio iturria

Panderojolearekin zerikusia duten beste obra batzuk:

  • “Mauriziak ez dau iñor hil”. Ines Osinaga, Lorea Argarate, Olatz Salvador, Itziar Garaluce, Eneritz Dueso, Garazi Egiguren eta Julene Gregoriok indarrak eta modalitateak batu dituzte “ahalduntze kolektibo” bezala definitu duten proiektu honetan.
  • “Aire!” dokumentala. Maurizia Aldeiturriagaren figuran inspiratutako obra bat sortzeko, gazte sortzaile talde batek egindako ibilbidea jarraitzen du.