Aritz Aranburu “Tarran”, Ander San Martin eta Sergio Devesa dira Ezta Ilen taldeko kideak. Pandemia tarteko eta inprobisazioaren eskutik, hirukote zaldibartarrak post punkaren aldaera hibridoa darion taldea osatu du. Otsailean kaleratu zuten lehen diskoa, eta zuzenekoetan murgilduta dabiltza orain. Baxu jotzailea eta bateria taldearen osaeraz, lan egiteko moduaz eta asmoez mintzatu dira.

Non du sorburua Ezta Ilen-ek?

Ander San Martin: Aritz eta ni koadrilakoak gara eta orain dela hamar urte batera jo genuen. Gero, bakoitzak bere norabide musikala hartu zuen. Aritzek hardcore-ra bota zuen eta nik rock aldera. COVID-19a heldu zenean, etxean sartuta genbiltzala-eta, aitzakia baliatu genuen bion artean berriz musika egiten hasteko. Inprobisaziotik eta inprobisatzen sortu zen. 

Noiz bilakatu zen hirukote?

Sergio Devesa: Hasiera hasieran ni hasi nintzen jotzen, baina gero utzi egin nuen beste talde batekin nenbilelako. Orduan sartu zen Jangitz Larrañaga, egun Vulk-eko bateria. Berak egin zituen lehenengo abestiak.

A.S.M.: Hasieran ez zen izan talde bat egingo dugu. Izan zen Aritz eta ni lagunak izanda inprobisaziotik hasi, abestiak egiten hasi… Sergiok albo batera utzi zuen eta orduan hasi ginen Jangitzekin inprobisatzen. Hor egin genituen diskoan dauden abestien erdiak.

S.D.: Gero kontrakoa gertatu zen. Jangitz bera joan zen eta ni libre nengoenez sartu nintzen ja behin betiko bateria gisa abestiak amaitu eta bateriarekin eta forma ematera. Hori izan zen lehen kontzertua baino apur bat lehenago. Diskoa otsailean atera genuen, eta talde moduan aurkeztu ginen iazko uztailean.

Ibilbide musikal ezberdinak dituzue hirurok, ezta?

A.S.M.: Nik talde bat neukan, baina ez genuen ezer publikatu koronabirusa zela eta, rock and roll-a jotzen genuen. Eta gero lagun askorekin juntatzen ginen estilo asko jotzeko.

S.D.: Aritz eta biok ibili gara gehiago hardcore-aren munduan murgilduta, baina gero beste musika estilo pilo bat ere entzun izan ditugu.

Influentzei dagokionez, nola uztartu dira zuen ibilbideak proiektu berrian?

A.S.M.: Ezta Ilen-en erro edo oinarri musikala punk-a da, baina abesti gehienak egin ditugu inprobisaziotik: efektuak, dinamika aldaketak, paroiak… daude abestietan. Hori izan da orain arte entzun dugun musikaren produktua. Esperimentazio alde bat du Ezta Ilen-ek hirurontzat, aurretik beste taldeetan izan ez duguna.

Etiketak jartzea askotan da zaila, baina zer nolako taldea da Ezta Ilen?

S.D.: Iluna eta melodikoa denez igual post punk-a izan daiteke, baina igual ez da hori ere ez. Orduan ez diogu ipini etiketa zehatz bat, da influentzia askoren artean atera den musika mota bat.

A.S.M.: Azkenean erro musikala punka izanda, gero influentzia daude hardcore edo post hardcore-tik, post punk-etik…

Diskoa osatzen duten 9 kanta horiek ezberdinak dira euren artean?

A.S.M.: Ikusten dugu diskoak zentzu bat duela osotasunean. Hasiera iluna da, intro ilun batekin, erdialdeko abestiak alaiagoak dira eta gero amaitzen da abesti ilun batekin. Abesti bakoitzak toke ezberdinak ditu, baina disko moduan progresio bat dauka. Kutsu poperoa ere badute batzuk, badaude ere toke hardcore-ak… baina beti dago melodia bat. Orokorrean, nahiko melodikoa da diskoa.

Hori da abestien arteko haria, melodikoak direla?

A.S.M.: Bai. Musikak garrantzi handia dauka, ahotsaz aparte, igartzen da nahiko musikala dela. Ez genuen erabaki melodikoa egitea, hori inprobisazioaren bitartez etorri da. Esperimentatu nahi izan dugu, ez oinarrizko punk gordina egin. Punk hori gustatzen zaigu eta hortik gatoz, baina nahi genituen dinamikak apurtu, estrukturak, ez izatea denak oso finkoak. Nahi genuen guk musikalki ikasi eta horrelako lanketa egineta horrekin jolastu. 

Nolakoa izan da diskoaren sortze prozesua?

A.S.M.: Lokalean inprobisatzen. Ez da izan ideia bat ekarri etxetik prest eta hori landu beste batzuetan bezala. Kasu honetan izan da ideia batetik abiatu eta ea nora eramaten gintuen. 

S.D.: Jangitzek egin zuen diskoaren erdia eta ni sartu nintzenean saiatu nintzen hori uzten bere horretan ahal beste. Ni beste musika estilo batetik nator, orduan hori alboratu nuen, ikasi nituen abestiak zeuden moduan eta beste erdia egin nituen. Gero igartzen da diskoa entzuterakoan zeintzuk diren berak egindakoak eta zeintzuk nik egindakoak. 

Diskoa otsailean atera zenuten, baina kontzerturen bat eman zenuten aurretik. Diskoa martxan zegoen jotzen hasi zinetenean?

S.D.: Zaldibarreko jaietan izan zen lehen kontzertua. Hasieran ez genuen argi ikusi, baina pentsatu genuen ondo etorriko zitzaigula kontzertuak ematen hastea martxa hartzeko. Halere, kontzertu hura ez zen izan gaur egungo kontzertu bat: abestiak amaitu barik, letrak egin barik… baina egin genuen. 

Diskoa kalean, zuzenekoak martxan. Baduzue bestelako asmorik?

S.D.: Kontzertuak jotzeaz gain, gogo handia daukagu gauza berriak egiteko. Lokalean sartu eta gauza berriak probatzen hasi.