Bataren eta bestearen talentua elkartu, 2021ean elkarrekin argitaratutako diskoa hartu, eta aise eman diote haize berri bat Dodoa-ri Jabier Muguruzak eta Iñigo Astizek; oraingoan, podcast formatuan. Muguruza arduratu da musika konposatzeaz eta Astiz letra jartzeaz. Soinu teknikari Mikel Azpiroz izan dute, baina bere eskuak eta ahotsa ere sumatu daitezke piezaren batean edo bestean.

2021eko udazkenean argitaratu zuen Muguruzak haurrei zuzendutako 10 kantadun Dodoa diskoa, publiko gazteari zuzendutako musika argitaratzeko propio sortutako Mara Mara zigilupean. Orduko hartan ere, Astiz izan zuen letrak idazteko lagun, eta Azpiroz piano-jotzaile. Haiez gain, Nieves Arilla (ahotsa) eta Jean Marie Ekai (gitarra) izan zituen taldekide. Oraingoan, diskoari “bultzada berri” bat emateko asmoz jaiotako podcasta sortzeko lantalde oso antzekoa osatu du Muguruzak; “gustura” dagoen seinale, aitortu duen moduan.

Garai berrietara egokitu nahian otu zitzaion musikari eta idazle irundarrari Dodoa diskotik beste lan bat sortzea. EITBrekin sei ataleko podcasta sortzeko akordioa eginda, berehala jarri zen lanean Astizekin eta Azpirozekin batera. Denek aitortu dute prozesu osoa “atsegina” eta “dibertigarria” izan zela; “gozatu handia”, Astizen hitzetan. “Aurreko diskoaren materiala genuen eta nik hasieratik izan nuen argi zein izango zen bidea. Dena malda bera joan da, ez da traba handirik egon”, dio idazle eta kazetari iruindarrak.

EITBren podcast atarian zein plataforma digitaletan dago entzungai.

EITBren podcast atarian zein plataforma digitaletan dago entzungai. EITB

Lanaren emaitzan agerikoa da ondo pasatu dutela sortze prozesuan. Hitzen eta ahotsen tonu jostalari eta ironikoek bat egiten dute musikaren, soinu-giroen eta isiluneen bidez sortzen den atmosferarekin. Podcasta osatzen duten sei atalen oinarria Jabierren eta Iñigoren arteko elkarrizketak dira, Dodoa diskotik hautatutako beste sei abestik jarraituta. Haurrak eta helduak arduratzen dituzten gaiak lantzen dituzte ipuin eta metafora bidez, txisteak eta pasadizo irrigarriak alboratu gabe.

Maitasuna, askatasuna, elkarbizitza, komunikazioa eta beldurrak dira Jabier eta Iñigo pertsonaiek lantzen dituzten gaietako batzuk. Horretarako, duda-mudatan dagoen Dodoa-z gain, satorren, behien, dinosauroen, lehoien edota boa konstriktorraren pasadizoak izango dituzte lagun.

Diskoan agertzen diren animalia berak izanagatik ere, kontakizun berriak dakartza sareko irrati saioak. “Erabaki nuen ez lotzea zuzenean gaiari, apur bat aberasteko”, azaldu du Astiz idazleak; eta hala, istorio berriak kantu zaharrekin lotuta, Dodoaren unibertsoa zabaldu dute elkarrizketa xelebrez eta doinu atseginez. 

Haurrentzako lana maila berberean

Jabier Muguruzak berak behin baino gehiagotan azaldi du bere ibilbide musikal eta literarioak baduela bitxikeria bat, alegia, bi ibilbideak abiatu dituela haurrentzako lanak publikatzen. Musikari dagokionez, Ja, ja (IZ, 1989) izan zuen bakarkako lehen lana, eta literaturan Sei lagun, sei sekretu (Erein, 2005). Urte berean Mara Mara zigilua sortu zuen umeentzako diskoak argitaratzeko eta geroztik hainbat lan plazaratzeko erabili du, azkena, 2021eko Dodoa. Urte luzez haurrei bideratutako sorkuntza albo batean laga bazuen ere, orain “buru-belarri” murgilduta dagoela adierazi du, eta aurreratu du aurki argitaratuko den beste lan duela eskuartean, Leire Bilbaoren letrak izango dituena. 

Musikariak azpimarratu nahi izan du helduentzako musika egiten duen gisa berean sortzen duela haurrentzakoa ere. “Ez dago inolako desberdintasunik. Umeentzako lana ez da bigarren mailako lana”, zehaztu du. Haurrekin ere gai sakonak landu daitezkeela uste du Muguruzak eta podcastean hala egin dutela nabarmendu du. Dodoa-rekin helburu hori bera jarraitu dute: “Umeentzat maila handiko zerbait egitea eta, aldi berean, poztasuna eta babesa transmititzea”.

Gakoa, hiztegian

Haurrei zuzendutako sorkuntzaren gakoa hiztegian dagoela uste du Astizek. Gai abstraktuak landu daitezkeela kontatu du, baina egoera edo adibide konkretuetatik abiatuta. Idazleak uste du sarri haurrei dena mastekatuta ematen diegula eta haien ulermenean eta parte hartze aktiboan konfiantza gutxi jarrita; eta ez dago ados jokamolde horrekin: “Umeei hitz egin behar zaie izaki inteligenteak direla kontuan hartuta. Haiek ere ulertzen dituzte egoerak, eta esperientzia gutxiago badute ere, badituzte euren bizipenak”.

Hori horrela, haur, gazte zein helduk gozatzeko istorioak osatzea zen Astizen asmoa. Maisuki lortu ere, azkeneraino josten den hari narratiboak gustu eta adin guztietarako irakaspenak eta jolasak (baita txisteak ere) ezkutatzen dituelako. EITB-ren podcasten atarian ez ezik, plataforma digital guztietan dago entzungai, erraz eta doan, guzti-guztion eskuragarri.

Sinopsia

Dodoa podcasta haurren gozagarria da, Iñigo Astizen letra eta Jabier Muguruzaren musikaren bidez, 2021ean sortu zituzten abestien osagarria. Bikoari Mikel Azpiroz musikaria batu zaio, piano-jotzaile eta soinu teknikari gisa. Hiruen arteko elkarrizketaren bidez ezagutuko ditugu behia, ardia, lehoia, edo eta boa konstriktorra nor diren, Dodoak duda-mudak argitzen dituen bitartean.