Aldaketak taldekideengan motibazioa sortuko zuelakoan, Eskean Kristo izatetik Kristonak izatera pasatu dira Bizkaiko musikariak. Taldekideak mantenduz eta musika estilo bera egiten jarraituz, bidean dira hasi berri duten ibilbide berrian. Diskoa udazkenean kaleratuko badute ere, entzuleek badute zerekin gozatu, han eta hemengo kontzertuak baitituzte eskura, aurrerapen gisa. Orain arteko urteetan jo gabeko kanta zaharrak, beraien abesti ezagunenak zein disko berriko kantak izango dira oholtza gainera ekarriko dituztenak. Bueltan dira, eta gogotsu datoz.

Orain Kristonak, eta lehen Eskean Kristo. Nortzuk zarete?

Arratiako lagun talde bat gara, oso gaztetatik musika egiten hasi zena; rock and rolla egiten, zehazki. Arratiako herri ezberdinetako lagunak elkartu ginen, eta gero, santurtziar bat ezagutu genuen lagun batzuren bitartez. Musikak batu gintuen, afizio edo obsesio horregatik elkartu ginen. Eta apurka-apurka, inongo asmo edo anbizio handi nahi gabe, jotzen hasi ginen. Jendeak gustuko zuen egiten genuena, eta guri ere gustatzen zitzaigun. Hala, deika hasi zitzaizkigun han eta hemen jotzeko, eta, ordutik, urte askotako jarraipena izan du. Lehenengo maketa 2012an kaleratu genuen, eta aurretik ere ibili ginen beste izen batzuekin ere. 

Maketa horrek bidea zabaldu zizuen…

Lehenengo maketa horrek fruitu onak eman zituen, lehiaketa bi irabazi genituen eta Gaztea Maketa lehiaketako finalera ere iritsi ginen. Azken hori aupada inportantea izan zen; maketa hori ez balitz inora ailegatu, geunden lekuan geratuko ginatekeelako. Baina ailegatu zen, eta hori dela eta jarraitu genuen musika egiten. Noski, horri gehitu behar zaio taldean, gure artean, egon den harreman ona, ezinbesteko baldintza baita hainbeste urtetan talde batek aurrera egin ahal izateko.

“Guk rock and rolla egiten jarraituko dugu, hau delako gehien gustatzen zaigun musika estiloa”, azaldu du Artabek

Tira, azaldu egiguzu. Taldearen izen aldaketarena… Zergatik?

Guk ere ez dakigu oso ondo. Gauza da tartean pandemia egon dela. Pandemian oso modu txarrean ibili gara, nahiko lur jota, zer egin jakin gabe… Entseguetarako lokal gabe ere geratu ginen. Ez genekien nondik tiraka egin. Uste dut guztiok ibili garela hala moduz, guztiori utzi digula pandemiak bere arrastoa. Egoera horrela, beste modu bat planteatzen hasi ginen: ez litzateke jaiotze berri bat izango, baina bai berriz haste bat. Bagenekien ez ginela zerotik hasiko, azken finean, pertsona berberak garelako, eta taldearen bi izenek ere beraien artean zerikusia dutelako. Gainera, musika estiloa ere bera egiten jarraitzen dugula. Baina aldaketa bat behar genuen, gu motibatzeko, animatzeko. Berrikun-tza txikia da, baina ere berean, handia ere bada. Azken finean, talde bati izena aldatzea ez delako txorakeria bat. Pentsatzen duzu: “Ze harrera edukiko du izen honek? Jendeak jakingo al du gu garela?...”. Baina pentsatu genuen gauzak gogoz egiten jarraituz gero, guztia ondo aterako zela, Eskean Kristo izan edo Kristonak izan.

Musika estilo bera mantendu duzue hasieratik. Aldatzeko asmorik?

Guk rock and rolla egiten jarraituko dugu, hau delao gehien gustatzen zaigun musika estiloa. Hori eginez, jendeak gustuko izatea lortzen badugu, askoz hobe; izan ere, luxu bat da en-tzuleak zure abesti propioak gustuko izatea. Ez gara hasiko trapa edo musika elektronikoa egiten modan dagoelako, guk gurera jarraituko dugu. Beste talde batzuek aldaketaren alde egin dute, trantsizioaren aldeko apustua egin dute. Talde askok izenez ez, baina estiloz aldatu dute. Eta hori ere zilegi da, baina guk ez dugu estiloz aldatuko. Urte hauetan guztietan estilo bera mantendu dugu, baina estiloaren barruan, zenbait aldaketa eginda. Ez dakit rockaren barruan zenbate-raino eraberritu daitekeen, baina gauza ezberdinak probatzen ditugu. Guk ere musikari edo sasi musikari bezala hobetu dugu, halabeharrez.

Kristonak taldeko kideak. Unai Sasuategi

Aldatu duzuena diskoak egiteko modua eta estudioak dira.

Beti gustatu izan zaigu inguru erosotik aldentzea, eta gauza berriak probatzea: alegia, soinu teknikari berriak, estudio ezberdinak, nahasketak egiteko modu diferenteak… Hasieran Baga Biga diskoetxearekin aritu ginen eta azken diskoa autoekoizpena izan zen. Ez da gure ofizioa, beraz, besteen esku utzi behar izaten dugu, zoratu egingo ginatekeelako hala izango ez balitz. Saiatu gara autoekoizpenarekin, baina oraingoan, berriro, diskoetxe batekin diskoa kaleratzea erabaki dugu. Donostiako Elkar estudioetara jo genuen, eta hasi baino egin ez bagara ere, oso pozik gaude, asko laguntzen baitigute. Victor Sanchez teknikoarekin gabiltza lanean.

Euskal Herriko musika eszena ere aldatu egin al da zuen hastapenetatik hona?

Asko aldatu dela esango nuke. Orain arte, gaur egun entzuten diren musika estilo berriek ez dute onarpenik izan; orain, berriz, uste dut konplexu guztiak alde batera utzi ditugula, batez ere, gazteek. Lehen, Euskal Herrian, ez zen hainbeste trap, rap, elektronika edo musika urbano entzuten. Egun, jendeak ez dauka edozein disko erosteko edo edozein kontzertutara joateko beldurrik, eta hori ona da. 

Udazkenean kaleratuko duzue zuen disko berria, baina ‘Bizirik gaude’ abestiarekin berriro ere martxan zaudetela azaldu zenieten entzuleei. 

Bizirik gaude abestiarekin gure itzulera iragarri eta gure asmoen berri eman genuen. Jendeak bazekien zerbaitetan bagenbiltzala, baina ez zertan. Kanta zuzena eta gordina da Bizirik gaude. Kanta horrekin gure sustraietara, gure jatorrira, bueltatu gara. Abestian ez ezik, diskoan bertan ere nik uste dut nabarituko dela hori. Alegia, eboluzionatu barik, atzerantz egin dugu pixka bat estilistikari dagokionez. Entseguetan ere hori atera-tzen zitzaigun; apaingarririk gabeko rock and rolla, sinplea, zuzena, klasikoa. 

Udazkenean kaleratuko duzuen disko berri horretaz, aurreratu daiteke zerbait? 

Diskoak 8- 9 abesti izango ditu, eta kolaborazio bereziak egongo dira, ezustekoak, oraindik esan ezin ditudanak. Gauza interesanteak egongo dira, kristoren kolaborazioak izango dira. 

Diskorik oraindik ez, baina kontzertuak, ordea, bai. Nolako giroa soma-tzen da oholtza gainean zein behean?

Berriro ere kontzertuak ematea behar genuen, sasoian gaudela ikusteko. Aurreko bira pandemia hasi orduko bukatu genuen, beraz, ia hiru urte egon gara oholtza gainean egon gabe. Orain arteko kon-tzertuak oso ondo joan dira; jende asko bildu da eta oso ondo joan da dena. Luxua litzateke guztiak horrelakoak balira. Oso gustura gabiltza eta asko motibatu gaitu berriro ere kontzertuak emateak, eta ikusteak oraindik ere balio dugula, oraindik gogotsu gaudela eta oraindik ere eszenatokira igo orduko urduri jartzen garela.

Zuzenekoak gauza garrantzitsua dira zuentzat.

Hala da bai, gure kasuan, oso garran-tzitsuak dira zuzenekoak. Bada esaten digunik : “Zuen diskoa ez dut entzuten, baina zuzenean, ahal dudan guztietan joaten naiz zuek ikustera. Ikaragarriak zarete”. Askotan pentsatu izan dut zuzeneko energia diskoan jaso ahalko balitz, ikaragarria izango litzatekeela. Agian grabatu egin beharko dugu zuzeneko disko bat. Eta hala eta guztiz ere, ez dakit horrela ere transmitituko litzatekeen zuzenekoetan bizi izaten duguna. Publikoa oholtza gainera igo nahian egoten da, %100ean egoten da, eta gu geu ere jaisten gara publikora. Hori da gustatzen zaiguna, euren eta gure arteko interakzio hori. 

Zer da, bada, zuzenekoetan ematen duzuena? Zer gertatzen da oholtza gainean?

Guk rock and rolla ematen dugu, rock and rolla bizi-bizian, gordina, bromarik gabe. Guk ez dugu erabiltzen ez efekturik, ez sintetizadorerik, ez horrelako historia modernorik. Beharbada, noizbait erabiliko dugu, baina, gaur gaurkoz, ez dugu erabiltzen, guk ematen dugu geu garena, gure instrumentuekin, tranparik gabe. Tranpak egitea ere zilegi da, baina guk ez dugu horrelakorik egiten.

Zuzeneko horiez gozatu nahi duenak, non eta noiz izango du horretarako aukera?

Etxebarriako jaietan (Bizkaia) egongo gara uztailaren 22an, Amaran, Donostian, 29an eta Baionan hurrengo egunean, 30ean. Udan ez dugu kontzertu larregi hitzartu, diskoa grabatzen ere bagabiltzalako, eta gauza biak kudeatu behar ditugulako. Irailean Mamarigako jaietan joko dugu Santurtzin, eta gero udazkenerako ere baditugu zenbait aurreikusita. Hala ere, udazkenetik aurrera indartsu ibiliko gara, eta data gehiago lotuko ditugu.

Disko berria martxan, kontzertuak ere bai... Baduzue beste asmo edo helbururik?

Ez dugu helburu berririk; apurka-apurka ikusten joango gara nolako harrera daukagun eta diskoak nola funtzionatzen duen, eta horren arabera joango gara ikusten ea kontzertuekin nola goazen, eta hori ikusita joango gara helburu berriak finkatzen, edo ez. Pandemia dela eta, proiektu batzuk gauzatzeke utzi genituen, proiektu oso politak. Horietako bat izan zen Liverpoolera joatea, The Cavern-era, Beatlesen aretora. Oso proiektu polita zen. Jende askok hegazkina hartua zuen, eta hori airean dago. Beraiekin harremanetan jarrai-tzen dugu; ez dakit data berriren bat lotuko dugun edo zerbait egingo dugun… Horrez gain, bururatzen zaizkigun zorakeria guztiak egingo ditugu.