Dena erreta dagoen sentsazioa dut. Suak eta keak inguraturik gaude. Jendea erreta dago, eguzki izpien lehen erredurak gure gorputzetan agertu dira: medikuak pribatizazio zantzuen aurrean sutan, erraustegi berriak inposatzeko pausoak eman dira, politikarien diskurtsoetako hitzak ahituta, irakasleak kiskalita, Nafarroako lurrak ere erre dira, eta zorionez sugar berriak sortzen hasiak dira.

Gorputz hilak erretzea debekatuta dagoen Nafarroan dago kokatuta hilerri interesgarri hau. Erretako paisaietatik gertu dago Zabalegi, Noaingo udalerriko herri txiki batean eta bertan bizi diren 34 biztanleek islatzen dute tokiaren tamaina. Gari zelaiez inguratutako lurrek eta mendiek paisaiari indarra ematen diote. Herriaren kanpoaldean dagoen hilerriak orain arteko ezaugarri batzuekin kontrastea egiten du eta berriki Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialean (EHAEO-COAVN) saritua izan da.

Hilerria Zabalegin (Nafarroa). Ander Zangitu Orbea

Apezteguia arkitektura estudioaren sugarra darama proiektuak. Beraien hitzetan, arkitekturak gauzak aldatzeko ahalmena izan behar du. Arkitektura bizi-baldintzak hobetu eta aldatu nahi dituen gizarte-lan gisa ulertzen dute, eta ez dute uste inork ezin duenik zehaztu nola bizi behar duen norbaitek, nola irakatsi behar duen edo nola dibertitu behar den. Arkitektura bere beharretik pentsatzen dute, euskarri finkoak bilatzen dituzte, eta, horregatik, proiektuari aurre egiteko eta praktika profesionala ulertzeko beraien modua bezeroak planteatutako arazo zehatzak konpontzeko beharretik abiatzen da beti, eta ez dute inoiz galtzen ingurunearekiko egokitasuna eta denboran iraun dezakeen objektua izatea.

Arkitektoek azpimarratzen dute hasierako definizio eta baldintza guztiak bezeroan eta tokian daudela. Horretarako proiektu guztietan beraien erantzukizuna izaten da, dena arretaz entzun eta begiratzea, aukeren jatorrian sakontzeko asmoz. Aipatutako hitz eta intentzioen adibide da proiektu hau.

Bertaratzean lekua zirraragarria da, nahiz eta hasieran ez izan sentsazio hori. Berdintasunezko apaltasunak, formalizazio apalak eta isiltasunak, biltzera bultzatzen duen toki bat bilakatzen du. Bertara iritsi aurretik bidean bi aldeetara kokatzen diren zuhaitzak etorriko denaren adierazle dira, eta atmosfera berri bat eraikitzen laguntzen dute. Birgaitzea hastean hilerriaren horma perimetral batzuk erortzeko zorian zeuden eta arrakala bertikal handiak agertzeak laster eroriko zela iragartzen zuen. Gauzak horrela, esku hartzea erabaki zen. Proiektuaren baliabide ekonomikoak oso mugatuak izan dira, birgaitzeak 27.000 euroko aurrekontua izan baitu. Hartu dituzten erabaki arkitektonikoetan nabari da diruaren muga, hala ere, lau elementurekin oso txukun gauzatu da dena.

Transmititzen den lehen irudia bloke zurrun batena da, orain arte hilerrietan ohituta gauden estetikan eta tektonikan oinarritzen delarik. Lehenagotik zeuden pareta batzuk mantendu dituzte eta horretarako horiek egonkortu behar izan dira. Izkinako paretak begibistan gelditzen dira, beste zati bat, aldiz, esku hartzearekin integratzen da. Lehenagotik zegoena eta berria elkarlanean daude, dena intentzio batekin, noski. Nahiz eta esku hartzearen helburua eremuaren itxiturari egonkortasuna itzultzea izan, eraikuntzaren kalitatean zentratzean ez ezik kalitate estetikoa handitzen ere saiatu dira arkitektoak.

Kanpotik, eta urrunera, bertan gertatzen ari denaren itzalak ikusten badira, barrualdetik bestelakoa da panorama. Barneratzean beste eszenatoki batean aurkitzen gara, paisaia berri baten barruan gaudela dirudi. Espazioa arkitektura, lurraldea eta pertsonen arteko elkargune bat bilakatzen da, bistak protagonista bilakatuz. Normalean hilerriek transmititzen duten arrotz sentsazioarekin apurtzen da eta planteamendu estetiko/espazialak lasaitasuna ahalbidetzen du.

Hilerria Zabalegin (Nafarroa). Ander Zangitu Orbea

Gorpuak lurrean lurperatuta daude eta espazio guztia legarrez planteatu da, hildako gorputzen mugak lausotuz. Lurraldera zabaltzen diren paretak adreilu zuridun sareta batekin egin dira, eta modu honetan gari soroen barrena zaudela dirudi. Altzairuzko zabalguneak aldiz "aurrera" begiratzera gonbidatzen du bisitaria, metaforikoki eta literalki. Espazio txiki honetan lortzen diren emozioak azpimarratu behar dira, eskala xume batean eta elementu gutxirekin lortu baita.

Argi-itzalen joko bat planteatuz, mugak lausotuz eta paisaia berriak eraikiz, gure bihotzetan hildakoen sugarra mantentzeko baldintzazko atmosfera bat eraiki dute. Dolua eta hildakoei agurra emateko espazio berrien bilaketan, irakaspen askoko proiektua.