Armiarma batek bere sarea eraikitzen duen bezala, Katiuska antzerki taldeak hainbat gai saretuz sortu du obra berria. Taldearen bosgarren lana da honakoa eta armagintza eta lanaren gaietatik abiatu dira obra sortzeko. Gai serioak izan arren, umoretik heldu nahi izan diete artistek, hausnarketa sakon horiek modu arinean egiteko aukera eskainiz. "Bi gaiek guztioi barruak mugitzen dizkigute eta horri buruz nola hitz egitea erabakitzeko momentuan iruditu zitzaigun komediatik abiatzea egokia izango litzatekeela, ikuslearentzat onartzeko errazagoa izango zelako, momentu on bat pasatzeko baina aldi berean hausnarketa proposatuz", adierazidu Idoia Gereñuk (Tolosa, 1980), 'Armiarma' obraren zuzendariak. Bi gai horiek hartuta esketx edo argazki ezberdinak proposatu dituzte.

Joseba Sanzen 'Gerra hemen hasten da' dokumentala ikusi ostean erabaki zuten armagintzaren gaia lantzea. Argi zeukaten lanaren gaia obran agertu behar zela eta dokumentala ikusterakoan barruak mugitu zitzaizkien eta erabaki zuten horren inguruan hitz egin behar zutela ere. Armagintzarena Euskal Herrian oso presente dagoen gaia da, baina hala ere, ez da asko hitz egiten horren inguruan. Ez delako komeni, beharbada. Erru sentsazioa eragiten du eta, hein batean, zenbait sarraskien erantzukizun bihurtu. Ez da gai erraza ezta arina antzerki batean lantzeko, horregatik, Katiuska taldeko kideek argi zeukaten umoretik lan egin nahi zutela.

Talde lana

Gereñu da antzezlanaren zuzendaria, baina, kide guztien artean hartu dituzte erabakiak, eta oso modu parekatuan lan egin dute: "Duela hamar urte sortu genuen Katiuska antzerki taldea eta hasieran beharbada modu bertikalago batean lan egiten genuen, nik ardura gehiago nuen, baina gaur egun oso modu horizontalean lan egiten dugu", kontatu du. Idazketa prozesua, adibidez, denen artean egin dute. Bakoitzak bere kabuz testuak idazten ditu eta gero komunean jarriz sortu dute amaierako testua. "Hamar urteko prozesuaren ostean oso ondo ezagutzen dugu elkar eta badakigu bakoitzak nondik jo dezakeen hobeto eta zeintzuk diren gure indarguneak eta ahulguneak", gehitu du zuzendariak. Xabi Gomez, Idoia Bengoetxea, Olatz Godoi eta Ander Malbadi dira aktoreak eta Gereñurekin batera lan egin dutenak.

Zuzendariaren kasuan gaztetik dauka antzerkiarekiko afizioa. Askotan ohikoa izaten da artisten artean familian edo inguruan zaletasun berdina egotea, eta horren ondorioz antzerki munduan sartzeko grina piztea. Kasu honetan ez zen hala izan: "Gazte-gaztea nintzela antzerkian apuntatu nahi izan nuen baina egia da inguruan ez nuela horrekin loturarik zuen inor. Tolosan bazegoen tailer bat eta hamasei urte bete nituenean izena eman eta bertan hasi nintzen. Gero bizitzak eraman nau antzerki munduan aritzera", adierazi du tolosarrak.

Eboluzioa

2012an sortu zuten Katiuska antzerki taldea, Tolosan. Hasieran broma artean sortu zena, 'Ostegun Gizen batean' festa giroko elkarrizketa batean, errealitate bihurtu zen eta jada bost obra dituzte sortuta. Orduan hamabi aktore baino gehiago ziren eta lehenengo urteetan tailer moduan funtzionatzen zuen taldeak. Lehenengo ikasturte hartan tailer bat antolatu zuten eta ikasturte amaierarako obra bat prestatu zuten. Baina gaur egun ez dute horrela lan egiten. Batzuetan kanpoko aktore batekin asteburu bateko tailerra antolatzen dute, baina haien lan nagusia taldean dauden aktoreen artean obra bat prestatzean datza, oraingoan 'Armiarma' antzezlanarekin egin duten bezala.

Obraren estreinaldia Elduainen (Gipuzkoa) egin zuten, maiatzean. Emanaldi ezberdina izan zen herriko Intzene baserrian egin baitzuten, bertako ukuiluan. Aurreko obren estreinaldiak Tolosan egin izan dituzte, haien etxean, baina oraingoan, egutegi kontuengatik, beste leku batean eman diote hasiera obraren birari. "Oso esperientzia polita eta berezia" izan zela adierazi du zuzendariak, lekuak "xarma handia" baitzuen. Horren ondoren Deban izan ziren, Debako antzerkiaren astean, eta gero Tolosako Topic-en. "Esperientzia desberdinak dira, ukuilu txiki batean egin edo Topic antzokian egin, bai teknika aldetik, baita egoera oso ezberdina delako. Herrian aritzeak ere bere ardura dauka, baina, beste alde batetik, badakizu babes handia izango duzula beti", esan du Gereñuk. Azken emanaldiak hiru gaztetxetan eman dituzte, Urretxu-Zumarragan, Bergaran eta Añorgan.

Hemendik aurrera etenaldi bat egingo dute eta udan ez dute emanaldi gehiagorik egingo. Uda bukatzerakoan, ordea, emanaldiei ekingo diete berriro ere.