2014ko urriaren 15ean ireki zituen ateak Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak, eta ia zortzi urteko ibilbidearen ostean, amaiera emango dio etapa honi, ekainaren 30ean, Gasteizko Kafe Antzokiaren proiektuari eutsiko baitiote. Dena den, bertako kideek urte guzti hauetan egindako ibilbidea azpimarratu nahi izan dute, batik bat euskararen eta kulturaren arloan.

Lazarraga Kultur Elkartea da euskararen etxearen koordinatzailea, eta berak hartu du antzokiaren ardura ere. Baina aurrera baino, atzera begiratu du Iker Durana administrazio arduradunak: «90eko hamarkadan dagoeneko hasiak ziren Gasteizen kafe antzoki bat zabaltzeko ideiarekin bueltaka, baina 2008an hartu zuen indarra». Patxi Lazcoz zen orduan alkate, eta udalak azterketa bat eskatu ei zion kanpoko enpresa bati. Alabaina, krisia iritsi zen, eta Duranak adierazi duenez, "halako beste uneetan bezalaxe", kultur arloko proiektuak "baztertuak" izan ziren. Ordea, herritarrak ez ziren gelditu, eta kafe antzokiaren aldeko plataforma bat sortu zuten, gerora Lazarraga Kultur Elkartea izatera igaro zena. "Bi zutabeko proiektu bat zuten buruan: Euskararen Etxea eta Kafe Antzokia, eta Udalak erabaki zuen Montehermoso jauregian jartzea lehena".

Udaleko euskara zerbitzua hasi zen lehenbizi kudeaketarekin, baina azkar pasatu zioten lekukoa Lazarraga elkarteari, abenduan. Duranaren arabera, lehen hilabeteetan "jarduera sakabanatuak" egin zituzten, eta 2015eko martxoan hasi ziren lanean egitarau egonkorrago batekin. "Hasiera ez zen erraza, bat-batean iritsi baitzitzaigun proposamena, baina orain balorazio orokor bat egin dugu, eta ateratako ondorioak nahiko positiboak dira". Gogorarazi du hasierako urteetan nahastea ere sortu ohi zela, euskararen etxea Montehermoso jauregian egonik jendeak arte garaikidearekin lotzen zuelako, izen bereko kulturgunea horretan aritzen baitzen. Hala ere, elkarlanean jardun dute, batez ere azken urteetan.

Helburuei segika

Oihaneder Euskararen Etxeak hasieratik izan du asmo euskaltzaleentzat topagune bat izatea, arnasgune bat, baina baziren helburu gehiago. "Batetik, euskarazko kultur sorkuntza sustatu nahi izan da, eta uste dugu azken urteetan sortzaileentzat erreferente bat izan dela". Egitasmo ezberdinak jarri dituzte martxan, hala nola beka deialdiak, "bereziki Gasteizko eta Arabako sortzaileei beraien proiektuak gauzatzen laguntzeko". Are, Duranak gaineratu du nabaria dela gero eta gehiago sortzen dela euskaraz, eta, hain justu, horrekin ere gustura daude, euskararen erabilera bultzatzea baita beste asmoetako bat. Horretarako, mintzodromoak eta familia jarduerak antolatu izan dituzte, besteak beste.

Baina beharbada hori guztia ez litzateke posible izango elkarlanik gabe, eta horren garrantzia azpimarratu du administrazio arduradunak. "Jardueren %60 elkarlan mota ezberdinen emaitza izan da. Beti ibili gara beste eragile batzuekin batera, hala nola euskara, kultura eta hezkuntza arlokoekin". Esate baterako, euskarari dagokionez, Gasteizko GEU elkartearekin eta Alea komunikazio taldearekin aritu dira lanean; kulturan, Poetak Maiatzean eta Aitzina Folk jaialdiekin; eta hezkuntzan, batik bat EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin.

Horrez gain, eta gutxi gorabehera hiru arloak batuz, euskara eta beste hizkuntza gutxitu batzuk aztertzea ere helburu izan dute, eta horretarako batik bat UEU Udako Euskal Unibertsitatearekin aritu dira lanean, jarduera ezberdinak egiten; horren adibide da Gasteizen dagoeneko aski ezaguna bihurtu den Hitz Adina Mintzo zikloa, hizkuntza gutxituen ingurukoa.

Erreferente bat izan da

Era horretan, eta agian paperetan helburutzat jasota egon ez arren, kultur erreferente bat izatea lortu du Oihanederrek, eta Duranaren arabera, horren adierazle dira urte hauetako datuak: 900 jarduera baino gehiago antolatu dituzte, eta 66.500 erabiltzailek hartu dute parte. Baina zenbakietatik harago, garrantzitsutzat jo du guztien elkartzea. "Urte hauetan komunitate bat bildu da Oihanederren, ikusi dugu jendea askotan etortzen dela, eta nolabaiteko topagune bat sortu dela, elkar ezagutzeko". Are, erantsi du hori guztia erdiesteko funtsezkoa izan dela Vital fundazioaren eta Laboral Kutxaren laguntza.

Beraz, datorren seihilekoan Gasteizko Kafe Antzokiaren kultur proiektuari forma ematen arituko da lantaldea, 2023ko urtarrilean zabaltzea baita asmoa. Ruiz de Bergara jauregian kokatuko da, eta Izaskun Arrue Kulturgunea izango du izena. Oraingoz, Duranak jakinarazi du ezin duela ezer asko aurreratu, kudeaketa ereduak aztertzen dabiltzalako, baina kontatu duenez antzoki bat izaterakoan, espazioak euskararen etxeak baino aukera gehiago emango dituela uste dute.