Apiriletik, 'Tektonika' izeneko erakusketa ikus dezakete Donostiako Cristina Enea Fundaziora hurbiltzeko tartea hartzen dutenek. Izena irakurrita asmatu daitekeenez, plaka tektonikoen mugimendua hartu dute Alicia Martin eta Garikoitz C. Muruak artistek oinarritzat, eta hortik tiraka sortu dute hainbat piezaz osatutako proiektua.

Eneko Calvo Cristina Enea Fundazioko erakusketa-proiektuen arduradunak Muruari egindako gonbidapen bati esker jaio zen 'Tektonika'. Artistak azaldutakoaren arabera, gonbita jaso eta Aliciarekin batera egitea pentsatu zuen, hasiera batean 2021ean aurkezteko asmoz. Azkenean, produkzio lanetan urtebete igaro ondoren, 2022an erakutsi diote munduari azken urteetan egindako lanaren uzta.

Dioenez, sortze-prozesua "oso aberasgarria" izan da. Izan ere, artista biek egiten duten lana desberdina da bata bestearengandik, bakoitzak bere estilo eta ukitu propioak ditu. Dena den, oinarri beretik abiatzen direla ikusi dute, ingurumenari lotutako gaia aukeratzerako orduan ikuspegi eta hausnarketa berdinak baitituzte. Horrek eragina izan du azken proiektuan, Muruaren iritziz: "Nahiz eta plastikoki oso ezberdinak garen, bide beretik abiatu ginen, eta horrek arindu eta erraztu egiten du bion arteko lana".

MUGIMENDUA OINARRI

Aipatutako oinarri hori tektonika izan da, hau da, plaken mugimendua. Gai horrekin lotuta, bestalde, hiru arlo landu dituztela azaldu du artistak. Lehenik eta behin, mugimendua bera: "Nola ulertzen dugun guk, zentzu guztietan, elementuen mugimendua, pertsonena, irudiena...". Bigarrenik, bizitzaren zikloak: "Norberak momentu jakin batean sentitzen duena, naturaren zikloak, nola errepikatzen diren urtaroak behin eta berriro...". Amaitzeko, pertsonok natura eta lurrarekin daukagun lotura ere aztertu eta irudikatu dute.

Hiru arlo horiek dira artista biek euren lanetan bideratu dituztenak. Hala ere, lanak abstraktuak direla azaldu du Muruak. Hortaz, sentimendu, kolore edo konposizioen bitartez irudikatu dituzte beraien hausnarketa propioak, baina hortik ikusle bakoitzak sentsazio bat jasoko du.

Bere lanetan denborari buruz hitz egiten du, hori dela eta, denbora luzea behar dute burutzeko. Trama bat errepikatu egiten du behin eta berriro, patroi berdina. Horrez gain, lanak oso organikoak dira, naturarekiko gertutasuna erakusteko. Dioenez, basoak izan litezke bere lanak, hosto nahasketak. Aliciarenak, aldiz, mineralen antzera irudikatzen diren harri edo arrokak izan daitezkeela aipatu du.

TAMAINA ETA EUSKARRI UGARI

Hainbat piezaz osatutako erakusketa da 'Tektonika': handiak, detailez josita dauden pieza txikiak eta tamaina erdikoak. Muruak sortutako lan handietako batzuen barruan bizirik dauden landareak kokatu ditu, eta landare lehorrak beste batzuetan. Bizitzaren zikloaz hitz egiteko erabili ditu. Izan ere, egunero ureztatzeko sistema bat dute aretoan bertan. Udaberrian loratu, eta udazkenean lehortuko dira. Horrez gain, harriekin egindako instalazioa kokatu du artistak salako erdigunean.

Aliciak egindako lanetan aipatzekoak dira leihoaren kontra ipinitako bi koadro handi. Metakrilatoz egindako panelak dira, eta "bereziak" direla azaldu du Muruak, eguneko argiaren arabera kolore bat edo beste bat dutelako. Horrek denboraren sentsazioa eta bizitza beraren zikloa irudikatzen duela dio artistak. Horrez gain, tamaina ezberdinetako beste hainbat koadro erakutsi ditu Alicia Martinek.

Pieza guzti horiez gain, Iker Fidalgo arte ederretan doktoratuak sortutako testua kokatu dute sarreran. Muruak azaldutakoaren arabera, proposamena egin ziotenean askatasun puntu bat eskatu zien, ez zuelako azalpen tekniko-teorikoa egin nahi. Azkenean, ipuin bat idatzi du, hainbat gaien inguruan hitz egiten duena: eraikina, inguruan dagoen lorategia, etxeko pareta, artistak eta euren lanak... Dena modu "eder eta arinean" lotu duela dio Muruak, eta erakusketa puntu ezberdinetatik jaso daitekeela ulertuko duela irakurleak. Horretarako, bertan zuzenean margotu duten muralak lagundu egiten duela aipatu du: "Bertan margotuta dago, eta erakusketa amaitzean ezabatu egingo da. Efimeroa da. Baina gure barruan geratzen den sentsazioa eta ikusleek jasotzen dutenarekin nahikoa da".

MOMENTU BEREZIA

Erakusketa ikustera hurbiltzen den jendea atentzio momentu batera iristea da artistek duten helburua, Muruaren hitzetan: "Lanak oso irekiak dira, eta interpretazio ugari izan ditzakete. Jendea meditazio puntu batera heltzea gustatuko litzaiguke, sentimendu eta sentsazio propioak izateko". Horrez gain, ikusleentzat momentua berezia izatea ere nahi dute, erakusketatik ateratzerakoan natura beste era batera ikus dezaten. Momentuz jaso dituzten kritika plastiko eta pertsonalekin pozik azaldu da Murua. Mugimenduen eraginez sortutako talkek, mugimendu berria eratu dute...