Bere familiaren baserri zaharraren gainbehera azaldu eta irudikatzen duen antzezlana sortu du Jon Ander Urresti bermeotarrak, Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra zuzendarien laguntzarekin. Sortzaile izateaz gain, antzezle lanak ere egiten ditu Urrestik 50 minutuko iraupena duen emanaldian.

2019an hasi zen Urresti proiektua lantzen, eta 2020ko urria-azaroan eskaini zituen bere lehenengo emanaldiak. Kontatutakoaren arabera, filosofia ikasketak amaitu ostean, Dantzerti Euskadiko arte dramatiko eta dantza goi mailako eskolan eman zuen izena. Bertako Gradu Amaierako Lana da, hain zuzen ere, antzerki dokumental honi bidea ireki ziona.

Hasiera batean euskal abizenen inguruko ikerketari ekin zion, kolonialismoak Latinoamerikan izandako eragina aztertzeko asmoz. Lanean zebilela, ordea, bere baserriko abizenekin egin zuen topo, eta gaia aldatzea erabaki zuen. Azken honek bazuelako proiektua osatzeko nahikoa informazio, interes eta emozio. Modu horretan hasi zen baserriaren gaineko informazio eta bizipenak biltzen. Hortaz, nostalgiaren inguruko antzezlana da 'Tribiz, baserri galdue'.

BELAUNALDI ALDAKETA

Urrestik dioenez, baserri edo garai baten gainbeheraz hitz egiten du sortutako antzerki dokumentalak: "Kontatzen du zelan bizi ziren nire aitita eta amama baserrian, zelako lanak egiten zituzten€ Baita gurekin batera bizi izandako hainbat momentu ere, bizipenak eta baserriarekin izandako harremana, azken batean". Horrez gain, apurka-apurka gertatutako aldaketa genealogikoaz ere berba egiten du lanak.

Aipatutako gainbehera, sinbolikoa bezain fisikoa dela dio bermeotarrak. Izan ere, bere familiaren baserria izandakoa, Bizkaiko zaharrena, hondatuta dago gaur egun, eta, zoritxarrez, "harri eta haga eroriak" baino ez dira geratzen bertan. Bere familiaren azken belaunaldian izandako hainbat gorabehera eta gatazkek 1.800 metro karratu zituen baserria "arkeologia objektu" bihurtzen utzi zutela azaldu du: "Baserri bat gelditzen den momentuan erortzen hasten baita".

Bere asmoa baserriaren gaineko istorioa kontatzea zela dio, beste norbait antzeko egoeran badago, ikus dezan zer gertatu daitekeen baserria hondatzen utziz gero. Izan ere, bere etxean beti izan dute berreraikitzearen ideia, ezinezkoa izan zaien arren. Aipatu duenez, sarri galdetu diote antzezlana bere familiari eskainitako omenaldia ote den. Ez da Urrestik hasiera batean buruan zuen ideia. Dena den, proiektu hau dolu baten antzekoa izan dela aitortu du: "Baserriari agur esateko izan dudan modua da".

ONDASUNA EZ DA MATERIALA

'Tribiz, baserri galdue' lanaren bidez, Urrestik badu, ordea, transmititu nahiko lukeen mezu bat. Bere tesi nagusia ondorengoa da: "Patrimonioa edo ondasuna ez dira gauza materialak". Ondasuna, bere iritziz, ez da etxe bat edo polit mantendu den harri multzo bat, baizik eta horrekin dugun harremana eta sortzen duen kontestua.

Zentzu horretan, gaur egungo museoetako paretetan ikus daitezkeen objektuak, bere ustez, ez dira ondasunak. "Objektu arkeologiko edo museistikoak dira, baina ez dira patrimonioa", azaldu du. Jendeak horiekin izandako bizipen eta harreman pertsonala da ikustea eta ulertzea gustatuko litzaiokeena, eta horixe izan da, hain zuzen ere, antzezlanaren bitartez egiten saiatu dena.

BALIABIDE ANITZ

Aipatutako helburuok lortzeko, hainbat baliabide erabiliko ditu Urrestik antzezlanean zehar. Aktore, kontakizun literario eta soinuez gain, baditu beste motako baliabide batzuk: garaiko paper ofizialak, baserriko hainbat tresna, dokumentu emozionalak, harriak, sokak, egurra, igitaia, esne kantina, galbahea€ Gogoeta pizteko baliagarriak izango dira aipatutako tresnak: "Gure arbasoak baserria zutik mantentzen zuten, akzio hutsa ziren, lana. Akzio hauek ote dira gure ondarerik handiena?". Baliabide guzti horien arteko "collage" moduko bat da oholtza gainean antzeztuko duena. Dokumentuak, noski, modu logiko batean eraikita daudela azaldu du, kontatzen duen istorioa josteko asmoz.

2020ko udazkenean estreinatu zen 'Tribiz, baserri galdue' antzezlana, orain dela urte eta erdi. Dagoeneko hogeita bat emanaldi egin ditu aktore eta sortzaileak, eta ekainaren 10ean eskainiko du hurrengoa, Bermeon (Bizkaia). Datorren udazkenera begira ere, badu zita garrantzitsu bat Gernikako Euskal Herria Museoan. Dena den, proiektu hau bere amaierara heltzen ari dela pentsatzen du Urrestik: "Ez dut aterik itxi nahi oraindik, baina emanaldi asko egin ditut dagoeneko, eta beste proiektu batzuetan ere banago. Hortaz, baserriari agur esan diodan moduan, antzezlanari ere agur esateko ordua helduko zait laster", kontatu du.